Protesta egin dute Irun eta Hendaia artean, mugak deuseztatzeko eskatzeko

Hogei eragilek baino gehiagok antolatutako protestarekin bat egin dute dozenaka herritarrek. Frantziako Poliziak zenbait kontrol dituela salatu dute

Zenbait herritar Avenida zubiko hesiak kentzen, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Mugak apurtu, zubiak eraiki lelopean, dozenaka herritarrek protesta egin zuten atzo Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) artean. Bidasoa ibaiaren bi aldeetatik abiatu ziren, zutabe banatan, eta Santiago zubiaren inguruan batu ziren. Bertan salatu zuten Frantziako jendarmeek etengabe kontrol bat eduki ohi dutela eta, gainera, hala jarraituko dutela beste sei hilabetean behintzat. Hala salatu zuen Irungo Harrera Sareak: «Duela zenbait urtetik hona, Frantziak etengabeko kontrola du Irun eta Hendaia artean».

Hori ikusirik, Euskal Herria harrera herria dela aldarrikatu dute hogei eragilek baino gehiagok bat egin duten protestaren bidez. Besteak beste, Irungo Harrera Sareak, Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak, eta LAB sindikatuak babestu dute deialdia. Manifestazioa egiteaz gain, bi herrien artean dagoen Avenida zubiko hesiak ere kendu dituzte manifestariek. LABek, esaterako, nabarmendu du «migrazio politika arrazista» salatu dutela horrela.

Migratzaileengan eragina

Santiago zubian ezarrita dauden kontrolen antzekoek zenbait pertsonaren joan-etorri librea oztopatzen dute. Eta badituzte ondorioak: Irungo Harrera Sareak emandako datuen arabera, kontrolak eragotzi eta seguruak ez diren bideetatik muga gurutzatzen saiatzeagatik, bederatzi lagun hil dira azken urteetan, horietako bi 2022an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.