Protesta bat egin dute Donostian, turismo «eredu masiboa» salatzeko

Egunotan Kursaal jauregian turismoaz goi bilera egin izana baliatu du BiziLagunEkin plataformak gaiaz gogoetatzeko eskakizuna egiteko

Manifestariak, atzo, Bulebarrerako bidean. ANDONI CANELLADA / FOKU.
<i>Donostia</i>
2018ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Turismoari buruzko goi bilera egin dute egunotan Donostian, eta turismo «eredu masiboa» salatzeko manifestazio bat egin zuten atzo arratsaldean Donostian. BiziLagunEkin plataformak egin zuen deialdia, eta erantzun zabala jaso zuen. 18:30ean abiatu ziren manifestariak Saguestik. «Turismoak auzoa hiltzen du» oihu artean hasi zuten bidea. Zurriola pasealekura jo zuten aurrena. Manifestazioaren buruan, hitzok zituen pankarta zeramaten: Bertan bizi gara, bertan bizi nahi dugu.

Pasealekuan zehar hainbat mezu zituzten jarriak, Kursaal jauregian —hantxe ondoan dago— egiten ari ziren goi bileraren kontra. Horra, esaterako: Txantxuioaren mundu erakundea. Jauregi aurretik igarotzean, txistu egin zuten hainbatek. Urumea ibaia zeharkatu, eta Bulebarrera iritsi ziren manifestariak. Turista gehien batzen dituen tokira sartu ziren: Donostiako Parte Zaharrera, Kale Nagusitik. «Turistifikazioa» gehien igartzen den kaleetan ibili ziren: Kale Nagusia, Abuztuaren 31 kalea eta Narrika kalea, esaterako. Santa Maria eliza parean geldialdi bat egin zuten. Izan ere, han parean hotel bat eraikitzeko asmoa dago; hori salatzeko, bi lagunek, eraikineko azken balkoira irtenda, pankarta bat zabaldu zuten. Txistuak entzun ziren geldialdi horretan ere.

Hainbat turistaren begiradapean jarraitu zuten protestarekin: Aurrena, abuztuaren 31 kalean zehar, eta, ondoren, San Bizente eliza ondotik pasatu, eta Narrika kalean zehar jarraitu zuten. Parte Zaharretik atera eta Bulebarrean bukatu zen manifestazioa, eta kiosko parean irakurri zuten protesta amaierako mezua. Bozeramaileek salatu zuten turismoari buruzko goi bileraren harira,agintariek «diskurtso bakarra» zabaldu dutela komunikabideetan: «Turismoak onurak besterik ez dakartza». Leporatu zieten, ordea, donostiarrek ez dutela dagoeneko «diskurtso hori sinesten», nabaritzen dituztelako turismo «masiboak» sortzen dizkien arazoak: «Etxeak ordaintzerakoan, zerbait antolatzen saiatzen direnean, edota euskaraz bizitzen saiatzen direnean».

Argitu zuten ez daukatela arazorik «haien oporrak Donostian igarotzea erabakitzen duten pertsonekin». Aldiz, turismo eredu hori «diseinatu eta mugagabe zabaltzen dutenen aurka» egin nahi dute protestekin.

Borrokak bateratuz

Hainbat aldarri batu ziren manifestazioan; bertan izan ziren, halaber, Donostian egin nahi duten metroaren kontrako mezuak zabaldu zituzten hainbat pertsona. Aterki hori batekin egin zuten bidea; Metroari stop mezua zuten idatzia. Zubietan eraikitzen ari diren errauste plantaren kontrako pankarta bat ere bazen, eta duela urte batzuk eraitsitako Kortxoenea gaztetxeko erraldoiak ziren manifestazioaren buru. Bizitza da Handiena deitutako egitasmoaren baitan bildu ziren guztiak; 60 taldek baino gehiagok babestu dute horren barruan egin den borroka sozialen astea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.