Amelia Tiganus. EHMAko kidea

«Prostituzioaren abolizioa eskatzea ez da prostituzioa debekatzea»

MARISCAL / EFE.
Maider Galardi
2019ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Sortu berri den Euskal Herriko Mugimendu Abolizionistaren kide da Amelia Tiganus (Galati, Errumania, 1985). Emakumeen salerosketaren biktima ohia da, eta aktibista feminista. Prostituzioaren gaia eztabaidagai da mugimendu feministan, eta gaiaren inguruan «eztabaida zintzoa» egiteko eskatu du. Prostituzioa ez ezik, pornografia eta «alokairuko sabelak» ere badituzte jomugan: «Grabatutako prostituzioa da pornografia, eta alokairuko sabelek oinarri bera dute: emakumeen gorputzak merkaturatzea beste batzuen desirak asetzeko».

Abolizionistak saretzeko beharra zegoen?

Garrantzitsua iruditzen zaigu garai historiko honetan—laugarren olatu feministan gaude, eta erdigunean dago indarkeria sexuala— prostituzioaren gaia mahai gainean jartzea. Egungo sistema neoliberalean, diruz dena lor daiteke, baina horrek ez ditu ez proxenetak, ez putazaleak beren erantzukizunetik salbuesten.

Neurri zehatzak eskatu dituzue. Nola egin aurre hainbesteko eskaera, eta, era berean, hain erregulazio gutxi duten hiru gaiei?

Zigor Kodea aldatu behar da. Alokairuko sabelena debekatuta dago Espainian. Pornografiari dagokionez, gutxienez, sarbideak mugatu behar dira. Sexua erostea zigortuta egon behar da. Jaietan andre bati eraso egitea zigortuta dago, baina ordu berean, ziurrenik, jatorri atzerritarra duen andre bat prostituzioan arituko da. Ezinbestekoa da heziketa sexu-afektibo feminista.

Beste batzuk prostituzioa erregulatzearen alde daude. Urte luzetako eztabaida da mugimendu feministan.

Prostituzioa abolitzea ez da prostituzioa debekatzeko eskatzea. Gaizki-ulertu handi bat dago. Egia da bi joera egon direla urte luzetan: debekuaren aldekoa eta erregulatzearen aldekoa. Debekuaren aldekoak ez du analisi politiko sakon bat egiten, eta ez ditu andre horien aldeko eskubideak aldarrikatzen. Akaso hori da mugimendu abolizionistarekin diferentzia handiena.

Zer defendatzen duzue zuek?

Finean, oinarrizko eskubideen alde borrokatzen gara. Herrialde batzuetan —Herbehereetan, Alemanian...— halako esperimentuak egin dira, eta ikusi dugu desastre hutsa izan direla, eta proxenetei egin diela mesede. Eztabaida zintzo bat nahi dugu, eta feministok ados gauden puntuak ikusarazi. Ezkerra eta sindikalismoa noraezean daude, emakumeak gizonen desira sexualen menpe jartzen dituztelako. Ez da lan indarra saltzea, andreak esklabo eta objektu bilakatzea da, eta iraintzea.

Emakunderen txosten baten arabera, iaz andreen 92 salerosketa kasu identifikatu ziren EAEn, baina horietatik 27 baieztatu dira. Identifikatu eta landu, jauzi handia dago bien artean?

Ikerketa nork egiten duen, datuak aldatzen dira, zailtasunak baitaude salerosketa kasuak identifikatzeko, biktimak jarritako salaketaren araberakoak direlako. Oso zaila da egoera horietan dauden andreek salatzea. Onespenarena ere hor dago. Lortu da indarkeria matxista gisa identifikatzea onespenik gabeko sexu harremanak. Prostituzioan, ordea, ez da hori gertatzen. Erantzukizuna andreengan jartzen da.

Instituzioen esku hartzea eskatu duzue, baina nola heldu diskurtso politiko batekin prostituzioan ari diren andreengana?

Gure lana da egoera horretan dauden emakumeen egoera hobetzea. Ni prostituzioaren sistematik bizirik atera naiz, eta, jakina, harremanetan nago antzeko egoeran dauden andre askorekin. Haien istorioa nirearen antzekoa da; pertsonalaz gain, erabat politikoa. Baina andre horiek instituzioen laguntza izan behar dute. Estatu auzia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.