Marivi iruindarrak ez ditu izen-deiturak eman nahi. Elizaren Biktimen Nafarroako Elkartean izena emandako emakume bakarra da, baina argi utzi nahi du ez dela emakumezko biktima bakarra: «Normalean, ez da hitz egiten emakumezkook pairatutako sexu abusuez. Mojen eskoletan ere erasoak, tratu txarrak eta botere gehiegikeriak zeuden, eta askok sufritu genituen, baina, datuei erreparatuta, badirudi ni naizela moja batek bortxatutako neska bakarra».
Ikusi gehiago: Abusuen icebergari, lupaz
3 urterekin eskolatu zuten Iruñeko urtsulatarren ikastetxean, eta 11 urte zituela sufritu zituen lehen erasoak. «Neska gehienek logela handi batean egiten genuen lo, baina, behin, moja batek esan zidan: 'Aurrerantzean, beste logela honetan eginen duzu lo'. Hasieran, ez nuen alderik nabaritu, baina beste logela horrek bazuen atzeko ate bat. Gauero, niretzat ezezaguna zen beste moja bat sartzen zen ate horretatik». Logela apartatu horretara mugitzea «amesgaiztoa» izan zela azaldu du Marivik: «Niretzat, prostituziora saldu izan banindute bezala izan zen hori. Jada ez nintzen ezer. Objektu bat, jostailu bat, moja horien desirak asetzeko».
Pixkanaka, baina, trauma hura naturalizatzen hasi zen, oroimenean lurperatu zuen arte. «Hainbat urtez ondorio fisikoak sufritu nituen: tripako mina, adibidez. Ondorio psikologikoak ere bai. Hiltzeko gogoa izan dut behin baino gehiagotan». 55 urterekin jarri zizkion izen-abizenak sentitzen zuenari: «Film bat ikustean konturatu nintzen, eta ahizpari esan nion: 'Ikusi dugun horixe egin zidaten niri ere'».