2002. urtean prostituzioaren egoeraren inguruko lehen azterketa egin zuen Emakundek Eusko Legebiltzarrak eskatuta. Orduz geroztik zenbait aldaketa izan dira sektorean, aurten egindako azterketatik ondorioztatu dutenez. Hala, gaur egun 211 pisutan prostituzio jarduerak egiten dituzte. Orain dela bost urteko kopuruekin alderatuz gero, %60 hazi da prostituzio jarduerak egiten diren etxeen kopurua.
Moiuak azaldu zuenez, etxeetan prostituzio zerbitzuak eskaintzeak diskrezioa eskaintzen die bezeroei, eta horregatik pisuen ugaltzea. Era berean, pisuen hazkunde horrek fenomeno berria ekarri duela agertu zuen: gero eta gehiago dira pisuak autokudeatzen dituzten emakumeen kopurua, hau da, nagusi edo madam-aren figura desagertzen ari da.
Prostituzio zerbitzuak eskaintzen dituzten etxeen kopuru berean ez da hazi bertan batzen diren emakumeen kopurua. Pisuak %60 inguru hazi dira, baina bertan dihardutenen emakume kopurua %41 hazi da. Klubei dagokienez, orain bost urte baino gutxiago daude orain (%24 gutxiago), baina bertan lan egiten duten emakume kopurua mantendu egin da. «Gero eta makroklub gehiago daude hiri kanpoaldeetan, eta horregatik ez da emakume kopurua murriztu».
Kaleko prostituzioari dagokionez, nabarmen txikitu da jarduera horretan ari diren emakume kopurua; orain bost urte baino %68 gutxiago dira. Hain zuzen, kaleko prostituzioa jarduera «arriskutsuena» dela uste dute prostitutek berek. Bilbon, Gasteizen eta Galdakaon (Bizkaia) bakarrik ikusten da kaleko prostituzioa.
SEKTORE «HETEROGENEOA». Moiuak esan zuenez, ez da erraza izan prostituzioaren inguruko datuak biltzea. Prostitutekin lanean diharduten elkarteekin, prostitutekin berekin eta polizia estamentuekin hitz egin dute azterketa prestatzeko. Era berean, egunkariak eta Internet erabili dituzte prostituta kopurua zenbatzeko.
Prostituzioaren soslaia egiterako orduan, sektore «heterogeneoa» dela esan zuen Moiuak. Nolabaiteko sailkapen bat egin zuen Emakundeko zuzendariak. Alde batetik, Sahara azpiko emakumeen taldea dago, nigeriarrak gehienak, oso gazteak (18 urte ingurukoak) dira, eta kalean egiten dute lan. Latinoamerikan jatorria duten emakumeek osatzen dute bigarren taldea; klubetan eta etxeetan egiten dute lan, eta brasildarrak dira gehienak. 18 eta 35 urte artekoak dira. Europa ekialdeko emakumeen taldera iristea ezinezkoa egin zaie Emakundekoei. Gehienak errumaniarrak izaten dira, eta oso gazteak, 18 urte ingurukoak. «Mugitzeko arazo handiak izaten dituzte, beren proxenetek oso zorrotz zaintzen dituztelako». Euskal Herriko eta Espainiako emakumeek osatzen dute laugarren taldea. Gazteak eta helduak izaten dira, eta klubetan eta etxeetan egiten dute lan.
Prostituten tipologia definitzerako orduan, trabesti eta transexualen kopurua azken urteetan nabarmen hazi dela ohartu dira Emakundekoak. Lehen, klubetan eskaini ohi zituzten zerbitzuak, baina azken urteetan asko hazi da emakumeak eta trabesti eta transexualak dauden pisu kopurua. Prostituzioan aritzen diren %5 inguru trabestiak eta transexualak direla dio Emakundek.
Kezkatzeko moduko ondorio bat ere atera du Emakundek, prostitutekin elkarrizketak egin ondoren: gero eta gehiago dira babes gabeko sexua egitea eskatzen duten bezeroak. Eta prostitutek eman egiten dituzte, batez ere frantsesa egitean. Ondoko lankideak bezeroak kentzen dizkiela ohartuta, besteak eskaintzen ez duena ematen die bezeroei prostitutak.
PreserBaTIBorIK GaBe
Bezeroen eskaera. Emakundeko azterketaren arabera, gero eta gehiago dira sexua preserbatibo gabe egitea eskatzeen duten bezeroak. Eta prostitutek zerbitzu hori eskaintzen dute, bezero gabe ez geratzeko.700
Prostituzioa Nafarroan. 700 bat emakume aritzen dira prostituzioan Nafarroan, Abiatze elkarteak egindako azterketaren arabera. Gehienak etorkinak dira, eta paperik gabe bizi diraherrialde horretan.Prostituzioa ez kontsumitzeko gizartea kontzientziatzea eskatu du Emakundek
Atzo aurkeztu zuten azterketaren ondorioetatik zenbait proposamen egin zizkien Emakundek administrazio publikoei. Hala, gizartean prostituzioak daukan «irudi ona» murrizten joateko kontzientziazio kanpaina egitea proposatu zuen Moiuak. «Urteetan gizartean dagoelako, prostituzioak gizartean daukan irudia ez da txarra», agertu zuen. Kontzientziazio horren bitartez, prostituzioaren kontsumoa murriztea lortu nahi dute.Emakundek egindako bigarren proposamenak prostituten giza eskubideak hobetzearekin zerikusia dute. «Prostituzioa hor dago, eta erakundeek ezin diote horri bizkarra eman. Prostituzioa hor dagoen bitartean giza eskubideak bermatuta egotea lortu behar dugu», adierazi du.
Emandako bi proposamenekin, agerian geratzen da Emakunde ez dela prostituzioaren inguruan dagoen eztabaida nagusian sartu: abolizioarena edo sektorea legeztatzearena. «Eztabaida horretan sartzeak ez du merezi, bai jarrera batek eta bai besteak ez diolako mesederik egiten prostituten egoerari. Gure helburu nagusia emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzea da».
Eusko Legebiltzarrak eskatuta egin zuen Emakundek orain bost urte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako prostituzioaren egoeraren lehen azterketa. Azterketaren datuak eta ondorioak begiratu ostean, administrazio publikoei nola jokatu behar duten erabakitzen laguntzea bilatzen du azterketak, Emakundeko zuzendari Izaskun Moiuak azaldu zuenez.
«Nire haurrengatik
egiten dut, ongi bizi daitezen»Prostitutekin egindako elkarrizketetan, haiek lanbide horretan zergatik hasi ziren, eta beren burua nola ikusten duten azaldu dute; gehienek bazekiten zertara zetozen, eta diru kontuengatik etorri dira.
asier iturriagaetxebarria
Bilbo
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan prostituzioan diharduten 14 emakumeri elkarrizketa sakonak egin dizkie Emakundek, beren bizipenak zeintzuk diren jakin guran. Besteak beste, prostituzioan diru arazoengatik hasi zirela kontatu dute, edota prostituzioa arautzea guztiontzat onuragarria izango litzatekeela azaldu dute.
Prostituzioan hastea
Emakundek egindako azterketaren arabera, arrazoi ekonomikoak bultzatuta etortzen dira Europara emakume asko prostituzioan aritzera. Emakume batzuk jatorrizko herrialdean utzi duten familiari laguntzeko jarduten dute, edo bere buruari laguntzeko. «Horregatik hasi behar izan nuen lanean, Peruko bankuari ordaindu beharreko mailegu batek behartuta», jasotzen da Emakunderen txostenean. Antzeko beste adibide bat ere badago: «Gaur egun egiten ari naizena, nire haurrengatik egiten dut, ongi bizi daitezen eta lanbide bat izan dezaten».
Diru premia beste arrazoi batengatik izan daiteke: Europara etorri ahal izateko bidaia ordaindu ahal izatea. «Hona etortzeko, 15.000 euro ordaindu nituen. Bidean gentozela, han egin behar genuen, garraioa ere ordaindu egin behar genuen... Gastu pilo bat sortzen dira. Bestalde, mota askotako nagusiak daude. Batzuk gaiztoak dira oso, iritsi orduko ordaindu behar diezu... Eta ordaintzen ez badiezu, litekeena da zure etxera joatea eta gurasoei kalte egitea». Ordaindu behar duten kopuruen artean, 3.000 eta 40.000 euro artekoak aipatzen dituzte. Batzuk lagunen edo familiaren laguntza izaten dute bidaia ordaintzeko, eta horrelakoetan diru kopuru txikiagoa ordaindu behar izaten dute.
Emakundek bildutako testigantzek agerian uzten dute prostitutek bazekitela zertara zetozen Europara. «Nik banekien zertara nentorren Espainiara, nolakoa izango zen, zenbat diru ordaindu beharko nuen... Ez dut inolako arazorik izan».
Bertako emakumeei dagokienez, prostituzioan jarduteko arrazoiak bikotekideekiko mendekotasun ekonomikoarekin harreman handiagoa dute pobrezia egoerekin baino. «Banandu nintzenean hasi nintzen prostituzioan. Aurrera atera beharra neukan. Beraz, etxetik ihes egin eta klub batean hasi nintzen lanean».
Lan baldintzak
Jarduera esparruaren arabera, aldatu egiten dira prostituzioan aritzen diren emakumeen lan baldintzak. Hala, kalean egiten den prostituzioa arriskutsuena dela diote emakumeek. «Ezin duzu jakin bezeroa nolakoa den: drogazalea, hiltzailea, jipoitzailea, lapurra... Normalean, autoan igo aurretik eman behar izaten digute dirua...». Kalean aritzen diren emakumeek polizia babesle gisa ikusten dute. «Gasteizen polizia zintzoa da. Batzuetan, gugana hurbildu eta berriketan geratzen dira pixka batean».
Klubetan diharduten emakumeek azaldu dutenez, nagusiekin partekatu behar izaten dituzte irabaziak. Hori hala bada ere, segurtasun handiagoa dutela nabarmentzen dute. «Zerbitzariak eta segurtasuneko langileak egoten dira, eta segurtasuna handiagoa izaten da». Klubetan aritzeak badu bereizgarri bat: drogak (batez ere kokaina) kontsumitzeko arrisku handiagoa dago. Bezeroakizaten dira droga eskaintzen dietenak, eta, zenbaitetan, drogen bitartez ordaintzen da. «Bezeroek batzuetan drogak ekartzen dituzte, eta eskaini egiten dizkigute. Baina nik ez dut hartzen».
Pisuetan jarduten duten prostitutek segurtasuna eta bezeroen diskreziorako aukera nabarmentzen dituzte. Askotan, haiek kudeatzen dituzte pisuak, nagusirik izan gabe. Baina horrek badu beste alde bat: ordu asko egin behar izaten dituzte lanean, pisu askok 24 orduko zerbitzua eskaintzen dutelako. «Pisu askotan ordubetez bakarrik uzten dizute kalera irteten, eta ordu hori bakarrik izaten duzu ile apaindegira edo bankura joateko».
Giza harremanak
Atzerritik datozen emakume askok faltan botatzen dute familia, eta horrek bakardadea eta depresioa eragiten die. «Pisu edo klub batzuetan bakarrik zaude, eta ez oso ondo. Ez duzu ezer egiten eta bakarrik geratzen zara, itxita, zure herrialdetik eta familiatik urrun».
Harreman afektiboei dagokionez, prostituzioan aritzen diren emakumeek aitortzen dute zaila egiten zaiela bikotekidea izatea. Sarri, leku batetik bestera ibiltzen dira, eta horrek areagotu egiten du bikotekidea izatearen zailtasuna. «Duela lau urte izan nuen bikotekidea, baina oso zaila da prostituzioa eta bikotea edo maitasuna uztartzea».
Lankideekiko harremanetan, zenbaitetan jeloskortasun arazoak izaten dituztela aitortu dute, batek besteari bezeroa «kentzen» diolako. Prostituzioaren munduan ez dihardutenei buruz gizartean moral bikoitza dagoela esaten dute. «Jendeak aurreiritziak ditu, Prostituzioan aritzen garela jakin bezain pronto, aldatu egiten dute gurekiko jarrera».
Prostituzioa arautzea
Prostitutek langiletzat dute euren burua, eta oraindik pauso hori eman ez duten arren, eskubideak defendatzeko taldeak sortzearen aldekoak dira. «Gu ere langileak gara. Ondo legoke elkartzeko zentro bat sortzea eta bertan hitz egiteko aukera izatea, beste edozein langilek bezala».
Prostituzioa lanbidea da sektore horretan aritzen diren emakumeentzat, eta sektorea arautzeak eta araudia izateak beren segurtasun eta higiene baldintzak hobetu egingo lituzkeela agertu dute. «Agian hobea litzateke guztiontzat [prostituzioa legeztatzea]. Bai, zergak ordaindu ahal izango balira, hobeto geundeke, ez legoke arazorik».