Prostituzioa indarkeriaren aurkako legearen barnean sartzeko eskatu berri du Ehuleak Emakumeen Aurkako Tratu Txarren Nafarroako Ikerketa Batzordeak. Talde horren koordinatzailea daSara Vicente abokatua (Madril, 1970). Prostituzioan diharduten emakumeen egoera ezagutzen du, eta haien eskubideen alde lan egiten ditu. Uste du abolizionismoa dela sexuaren industria desagerrarazteko bidea.
Zergatik esaten duzu prostituzioa gizonen eta emakumeen arteko botere harremanen isla dela?
Prostituzioan ez dago berdintasunik: emakumea gizonaren desiren menpe dago. Prostitutarengana jotzen duen gizonak ez dio pertsona maila ematen emakume horri, ez du harekin ados jarri nahi. Menderatu egin nahi du, hark nahi duen guztia egin dezan. Gainera, diruak derrigortasun konnotazioa ezartzen du; gizona da ordaintzen eta agintzen duena. Horrela, emakumearen gorputzaren erabileran oinarritutako harremana ezartzen da.
Zer lotura du prostituzioak sexu erasoekin?
Prostituzioan sortzen den harreman eredua menperatzean eta indarkerian oinarrituta dago; sexu erasoa eta bortxaketa bezain salagarria iruditzen zait. Are gehiago, tratu txarra baino larriagoa dela esango nuke, kasu horretan tratu txarrak gizon bakarrak egiten baititu, eta prostituzioan, berriz, gizon askok, egunero. Zer egin dute sanferminetan emakume gazte bat bortxatzeaz akusatutako bost gizonek? Emakume bat menderatu. Jokabide bera da.
Prostituta askok indarkeria normalizatzen dutela diozu; zergatik gertatzen da hori?
Tratu txarrak, bortxaketak edo antzekoak pairatu dituzten emakume askok gisa horretako jardunbideak normalizatzen dituzte, eta prostituzioa ere normaltzat jotzen dute. Bikote harremanetan ere antzeko zerbait gertatu ohi da: emakumeak denbora luzez sufritzen badu erasoa, azkenean horretara egokitzen da, eta biolentzia normalizatzen du. Bizirik irauteko mekanismoak sortzen ditu: Stockholmeko sindromea, trauma ondoko estres nahasmendua... Badira emakume batzuk urteetan tratu txarrak sufritzen dituztenak horren jakitun izan gabe. Berdin-berdin gertatzen da prostituzioan.
Zein da gainontzeko emakumeen erantzukizuna?
Lehenik eta behin, eztabaida ez da prostituzioan aritzen diren emakumeek hori egin nahi duten edo ez; haiek nahi duten bitartean egingo dute, eta nahi duten moduan. Baina gure ardura da definitzea hori indarkeria harreman bat dela, zeren emakume bakar bat prostituzio egoeran dagoen bitartean emakume guztiok pairatuko baititugu kalteak.
Zein neurri eskatu dituzue sexuaren industria desagerrarazteko?
Prostituzioa indarkeriaren aurkako legean eranstea nahi dugu. Plan autonomiko bat eta udal mailako planak martxan jartzeko eskatu dugu, arazoa modu integralean lantzeko: prebentzioaren bitartez, eskaria desegin nahi dugu, eta, proxenetismoa debekatuz, prostituzioaren hedapena eragotzi. Horrez gain, prostituzioan diharduten emakumeentzako baliabideak ere eskatu ditugu.
Zer proposatu duzue eskaria desaktibatzeko?
Lehen pausoa prebentzioa da; berdintasuna bultzatuko duen hezkuntza eredua. Emakumeen eta gizonen artean berdintasunezko sexu harremanak sustatu behar ditugu, eta egungo eredua zalantzan jarri. Bestalde, eredu zigortzaile bat ere eskatu dugu.
Sexu langileen kontrako neurri zigortzailerik eskatu duzue?
Ez ditugu emakumeak erantzule egin nahi. Ez dugu defendatzen prostituzioa debekatzearen aldeko eredua, eta ez dugu eskatzen emakumeak zigortzeko neurririk. Haientzako eskubideak eskatzen ditugu.
Nola lagundu ahal zaie prostituzioan ari diren emakumeei?
Prostituziotik irteteko prozesuan dauden emakumeek baliabideak eta babesa behar dituzte euren bizitza konpontzeko, eta inoiz ez da ganorazko lanik egin horren inguruan. Horri aurre egiteko exijitu ditugu, alde batetik, lanari lotutako neurriak: harrera klaseak, lan merkatura irteteko baliabideak, formakuntza... Eta, bestetik, indarkeriaren eraginak behin eta berriro pairatzearen ondorioz sortutako kalteak konpontzeko laguntza: babes psikologikoa, soziala, judiziala... Emakume horien ahalduntzea landu behar dugu.
Frantzian, eskaria zigortzeko legeria ezarri berri dute. Hori al da jarraitu beharreko bidea?
Bai, Frantziak Suediako eredua hartu du, eta eredu egokia dela uste dut. Politika abolizionistak defendatzen ditu. Suedian, legebiltzarreko emakume guztiak ados jarri ziren legea onartzeko, eta indarkeriaren aurkako legearen barnean ezarri zuten. Frantzian urtebete baino ez darama legeak, baina Suedian 1999tik darama indarrean, eta gizartearen onarpena du.
Prostituzioa debekatzeak ez luke eragingo industriak legetik kanpo jarraitzea?
Nire ustez, ez. Gaur egun, esklabotza legezkoa zenean baino esklabotza gutxiago dago; ez da zabaltzen, ezta normalizatzen ere. Hori da argudio konparatiboa. Ez badiogu prostituzioaren merkatuari existitzen uzten, debekatzen badugu, desagertu egingo da. Suedian, adibidez, ez da guztiz desagertu, baina nabarmen egin du behera.
Proposatu dituzuen neurriek ez al lukete mugatuko sexu langileen erabakitzeko askatasuna?
Guk ukatzen dugu emakumeak prostituzioan sartzen direla haien desioa hori delako. Hori egitera behartuta sentitzen dira, dirua behar dutelako, bizitzeko, familia mantentzeko edo zorrak ordaintzeko. Gainera, horietako asko oso gaztetan sartzen dira prostituzioan, borondatea oso manipulagarria denean, eta muturreko kalteberatasun egoeretan. Beraz, ez dute askatasunez erabakitzen; hori eztabaidaren falazia bat da.
Zer iruditzen zaizkizu prostituten sindikatuak?
Ikerketa askok erakutsi dute prostituzioa legeztatzeko eskatzen duten emakumeen taldeek lotura zuzena dutela sexuaren industriarekin. Adibide gisa, AEBetako Coyote kolektiboa sexuaren industriak sortu zuen, eta industria horren aldeko lobby-ek finantzatu zuten. Ez da kasualitatea prostituten sindikatuek industria babestea. Ez dute industria zalantzan jartzen, eta haien aldarrikapen bakarra legeztatzea da. Lotuta daude, guztiz.
Zergatik lotzen duzu fenomeno hori kapitalismoarekin?
Menderatze harreman guztietan, subjektu menderatzaileak subjektu menderatuaren onarpena behar du, bere iraupena ziurtatzeko. Kapitalismoaren oinarrietako bat da; gauza bera gertatzen da prostituzioan.
Sara Vicente Collado. Abokatua
«Prostituzioa debekatzen badugu, desagertu egingo da»
Prostituzioa indarkeria matxistaren parekotzat jotzen du Vicentek, eta ezinbestekoa iruditzen zaio hura ezabatzeko neurri publikoak ezartzea. Ehuleak taldeak eskaera hori egin die Nafarroako erakundeei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu