Prostituzioa abolitzeko lege proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan

Egitasmoa «gutxi barru» aurkeztuko du alderdi sozialistaren talde parlamentarioak, Pedro Sanchezek gaur Bilboko ekitaldian iragarri duenez.

11662175
Prostituzioaren abolizioa eskatzeko elkarretaratze bat, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko martxoaren 9a
15:10
Entzun

Prostituzioaren abolizioa helburu izango duen lege proposamen bat aurkeztuko du PSOEk Espainiako Kongresuan. Egitasmo horren berri eman du Pedro Sanchez Espainiako presidente eta alderdi sozialistako idazkari nagusiak gaur Bilbon, PSE-EEren kanpainaurreko ekitaldi batean, Emakumeen Nazioarteko Eguneko mobilizazioen ondorenean.

Sanchezen esanetan, proposamena «gutxi barru» erregistratuko du haren alderdiaren talde parlamentarioak. Espainiako presidenteak gogorarazi du Espainiako Gobernuak pertsonen salerosketaren kontrako lege erreforma bat onartu zuela atzo, Ministroen Kontseiluan. Emakumeen Nazioarteko Egunari begirako keinu «garrantzitsu bat» izan zen, Sanchezen iritziz. Baina adierazi du berak baduela beste konpromiso bat hartua alderdi sozialistaren kongresuarekin, oraindik bete gabe duena: prostituzioaren abolizioa. Hura gauzatzeko borondatea berretsi du gaurko ekitaldian.

Prostituzioarekin lotuta, PSOEko feministen taldeak kanpaina bat jarri zuen abian atzo. Alderdiko kode etikoa erreformatzeko babesa biltzen hasi ziren. Militante feministen taldearen proposamena da kargudun sozialistak PSOEtik kanporatuak izatea baldin eta harreman sexualak eskatzen edo onartzen badituzte diru truke edo bestelako onura baten truke. Alderdiaren kode etikoak «posizio abolizionistarekin koherentea» izan behar duela aldarrikatu dute. Taldeak espero du alderdiko Berdintasun idazkari federal eta Espainiako Berdintasun ministro Ana Redondok eskari horrekin bat egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.