Prostitutekin egindako lanari aitortza

Askabide elkarteak jasoko du aurtengo Emakunde saria. Prostituzioan diharduten emakumeen bizi kalitatea hobetzeko 35 urtez egindako lana txalotu du epaimahaiak

Landaida, Artolazabal eta Santorcuato, atzoko agerraldian. IREKIA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Bizkaian prostituzioan diharduten andreekin lan egiten du Askabide elkarteak 1985. urtetik, bereziki gizarte bazterketan daudenekin. Alor horretan erreferente bihurtu da, besteak beste, emakume horien bizi kalitatea hobetze aldera jarritako tresna, baliabide eta egitasmoengatik, eta horixe bera txalotu du Emakundek, berdintasunaren aldeko aurtengo saria talde horri ematean. Atzo jakinarazi zutenez, epaimahaiak aho batez hartu du erabakia, eta nabarmendu du Askabidek prostituzioan ari diren emakumeentzako «topaleku» izatea lortu duela. Saria emateko argudioen artean aipatu dute prostitutek jasaten dituzten «indarkeria adierazpenei urgentziazko erantzuna» ematen diela eta emakumeen eta nesken salerosketaren arloan lan esanguratsua egiten duela. 35 urteotako ibilbidea aitortu nahi du Emakundek, eta zeregin berean dabiltzan gainerako elkarteei ere egin die aitortza hori.

Askabideren lan egiteko moldeaz mintzatu da Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria: «Prostituzioari emakume bakoitzaren nortasunen eta bizi esperientzien dimentsio indibidualetik eta, aldi berean, dimentsio soziokomunitario batetik heldu dio, eta konplexutasun horri guztiari erantzuten saiatzen diren estrategia malguak diseinatu ditu».

Gai konplexua da prostituzioa, baita mugimendu feministaren barruan ere, Landaidak gogora ekarri duenez: «Botere harreman desorekatuetan oinarritutako praktika bat da, bai emakumeen eta gizonen arteko eta bai herrialde aberats eta txiroen arteko desberdintasunean». Edonola ere, Askabideren eta antzeko taldeen funtzioaren inguruan adostasun zabala dagoela adierazi du Landaidak: «Mundu guztiak uste du lan egin behar dela hemen eta orain prostituzioan diharduten emakumeen bizitza hobetzeko».

Bi estrategia

Hain justu, horixe da Askabideren helburu nagusietako bat. Miriam Santorcuato presidenteak azaldu du elkarteak bi estrategia nagusi dituela: batetik, gaiaren ikusgaitasuna sustatzen dute, gizartea sentsibilizatzeko, eta, bestetik, prostituzioan diharduten emakumeekin egiten dute lan, bai indarkeria prebenitzeko, «emakume prostitutek etengabe sufritzen baitute», bai andreon ahalduntzea eta trebakuntza bultzatzeko, «aukera gehiago eta aukeratzeko askatasun handiagoa izan dezaten». Horren adierazle da, adibidez, Mari Makeda, elkarteak abiatu duen azken egitasmoetako bat: andreen laneratzea sustatzeko, Senegalgo oihalekin eginiko arropa diseinatu eta salgai ipini dute Bilbon. 14.400 euroko saria emango dio Emakundek Askabideri, halako proiektuekin aurrera jarraitzeko.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak ere Askabideren lana goratu du: «Horrelako elkarteek funtsezko eginkizuna betetzen dute gure gizartean, eta askotan administrazioetatik iritsi ezin garen lekuetara iristen dira, eremua ezagutzen baitute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.