Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta, 50 bat lagun sartu dira La Caixak Bilboko Plaza Biribilean duen egoitza nagusian, eta han protesta egin dute, «bankuak alokairu eskuragarriekin egiten duen espekulazioa salatzeko». Sindikatuaren arabera, bankuak higiezin ugari erosi zituen oso prezio merkean 2008ko krisia baliatuz, eta, orain, etxebizitza horiekin «espekulatzen» ari da: alokairu eskuragarri gisa aurkezten ditu, baina, gero, «abusuzko klausulak» sartzen ditu kontratuetan; hala, «maizterren eskubideak urratu eta errentagarritasuna handitzen» du.
Sindikatuak esan duenez, behin baino gehiagotan saiatu dira bankuarekin harremanetan jartzen, La Caixak kudeatzen dituen zenbait etxebizitza blokeren egoera negoziatzeko, baina bankuak ez die erantzun eskaera horiei. Gaurko protestan, gutun bat helarazi diete arduradunei, eta berriro ere negoziazio mahai bat eratzeko eskatu diete.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du Ertzaintzak identifikatu egin dituela protestan parte hartzen ari zirenak, eta isunak jartzeko mehatxua egin diela.