Osasuna

Prostatako minbiziaren eta bakterioen artean lotura dagoela frogatu dute

Oraindik ez dakite zer bakteriok eragiten duten gaitza, edo zer harreman duten harekin, baina, gutxienez, aurkikuntzak aukera emango du arriskurik handiena duten gizonezkoak identifikatzeko.

Prostatako minbiziko kirurgian erabiltzen den Da Vinci robota, Gipuzkoako erietxe batean. JON URBE / FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko apirilaren 20a
17:41
Entzun

Susmoa bolo-bolo dabil aspaldi: minbizi mota asko infekzioek eragindakoak dira. Ideia horrek akuilatuta, zientzialari talde asko ari da gaitzaren eta mikrobioen arteko harremana aztertzen, eta aste honetan etorri da ikerketa horietako baten emaitza. Zientzialariek baieztatu dute lotura badagoela prostatako minbiziaren eta bakterio batzuen artean.

Gernuko eta prostatako mikrobiomak lotuta daude giza prostatako minbiziaren arrisku taldeekin izenburupean argitaratu dute lana, European Urulogy Oncology aldizkarian. Organismo batean bizi diren mikrobio guztien DNAren multzoa da mikrobioma.

Argitu dutenez, ez dute frogatu bakterioek minbizia eragiten dutela, edo azkartzen dutela, baizik eta bost bakterio mota agertzen direla prostatako minbizia azkar garatzeko arrisku handiagoa duten gizonezkoetan.

Seiehun gizonezkoren gernu laginak aztertu dituzte ikerketan. Horietako batzuk osasuntsu zeuden, eta besteek prostatako minbizia zuten. Laginak aztertuta, ikusi dute bost bakterio espezie lotuta daudela minbizi aurreratuarekin. Bakterio horietako hiru, gainera, ezezagunak ziren orain arte zientziarentzat. Ikusi dutenez, gernuan, prostatan edo tumoreetan espezie horietako bat edo gehiago zuten gizonek 2,6 arrisku handiagoa zuten gaitzaren fase larriagoetara heltzeko.

Beraz, ondorioztatu dute bakterio mota horiek aukera eman dezaketela minbizia aurreikusteko. Hau da, gizon baten gernu analisi batean espezie horiek topatuz gero, minbizia garatzeko arrisku handiagoa duela adierazi ahalko dela.

Ondorioek bide interesgarri bat zabaltzen dute ikertzen jarraitzeko, mikrobio espezie horiek zer eginkizun duten argitze aldera.

Gizon gehien hiltzen duen minbizi mota da prostatakoa herrialde garatuetan, ikertzaileek gogoratu dutenez. Haien datuen arabera, gaitzak 250.000 gizon hiltzen ditu urtero munduan.

Aurkikuntzak gogora ekartzen du urdaileko ultzerarekin gertaturikoa. 1980ko hamarkadara arte, sendagileek uste zuten estresak eta janari minak eragiten zutela urdaileko ultzera. Baina 1982. urtean, Robin Warren eta Barry J. Marshall zientzialariek bakterio bat identifikatu zuten gaixoetan: Helicobacter pylori. Ikertzaileek adierazi zuten bakterioak sortzen zuela gaitza. Hasieran gutxik sinetsi zuten hipotesia, baina 2005. urtean Medikuntzaren Nobel saria eman zieten, aurkikuntzarengatik. Ehunka mila pertsonaren bizitza salbatu dute geroztik aurkikuntzari esker garaturiko antibiotiko tratamenduek. Helicobacter pylori urdaileko minbiziarekin lotuta dagoela frogatuta dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.