Hezkuntza komunitateak pandemian egindako lana «eskertzea». Hori izan zen atzo Gasteizen Eusko Jaurlaritzak antolatutako «aitortza ekitaldiaren» xedea. Esker emate hori ez dute ikastetxearen patiora mugatuko: hain zuzen, ekitaldia baliatu zuten Jaurlaritzak irratiaren eta telebistaren bitartez zabalduko duen iragarkia aurkezteko. Odon Apraiz ikastolan egin zuten aurkezpena. Bastidako (Araba) ikastetxeekin batera, Odon Apraiz izan zen iazko martxoan, pandemia hasi eta gutxira, aurrez aurreko irakaskuntza bertan behera utzi behar izan zuten lehen ikastetxeetako bat.
Iñigo Urkullu lehendakariak «milaka eta milaka profesionalen, ikasleen eta familien konpromisoari» esker ikasgelen %99 irekita edukitzea lortu izana goraipatu zuen, eta, beraz, aurrez aurreko hezkuntza modalitateari eutsi izana. Hezkuntza komunitateko kideek egindako «ahalegina eta konpromisoa» eskertu zituen. «Aitorpen pertsonal» gisa, esan zuen iaz ez zuela uste ikasturtea «hain ondo» bukatuko zenik. Etxera begira jarrita, erakundeek«ahal zen guztia» egin zutela erantsi zuen, eta birritan aipatu zuen «baliabideak ere» jarriak zituztela.
Ikastolako zuzendari Maru Agirrezabalek ekitaldia baliatu zuen bestelako ikuspegia emateko. «Guk ilusioa eta lana jartzen ditugu, baina zuek duzue giltza», esan zien agintariei. «Kalitatezko hezkuntza bultzatzeko, ezinbestekoa da baliabide gehiago edukitzea».
«Propaganda»
Kanpotik zetozen oihuak bide beretik zihoazen. Izan ere, LAB, Steilas, ELA eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea deitua zuten. Ondoren kaleratutako agiri batean, sindikatuek gogor kritikatu dute Hezkuntza Sailak egindako pandemiaren kudeaketa, eta «makillajea» eta «propaganda egitea» egotzi diote Jaurlaritzari.
Sindikatuen esanetan, eskolak aurrez aurrez eman ahal izan dira hezkuntza alorreko «langileen lanari, dedikazioari eta gainkarga fisiko eta emozionalari esker». Diotenez, osasuna zaintzeko materiala, eta beharrezko giza baliabideak ez ziren garaiz iritsi, eta erantsi dute iritsi zirenak ez zirela nahikoak izan. «Hezkuntza publikoak langile gehiago eta behin-behinekotasun gutxiago behar ditu bere erronkei aurre egiteko».
Neurri berriak
Ikasturtea bukatzear dagoen honetan, COVID-19aren kariaz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeetan bete beharko diren neurriak aurreratu ditu Hezkuntza Sailak. Ikastetxeei helarazitako protokoloaren arabera, «erabateko presentzialtasuna bermatuko da» hezkuntza sistema osatzen duten «irakaskuntza, maila eta etapa guztietan».
Agirian, egun ezarrita dauden betebehar gehienei eusten zaie, baina zehazten da ez dela beharrezkoa izango ikasleei tenperatura hartzea. Gutxienez 1,5 metroko distantzia egongo da ikasleen artean, eta, Haur Hezkuntzan daudenentzat izan ezik, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da. Agirian aipatzen da, halere, protokoloa «dinamikoa» izango dela, eta osasun agintariekezarritako jarraibideen arabera eguneratuko dela «une oro».
Koronabirusa
«Propagandatzat» jo dute hezkuntza arloko langileei egindako aitortza ekitaldia
Jaurlaritzak iragarki bat aurkeztu du, hezkuntza arloko langileen lana «aitortzeko». Sindikatuek baliabide gehiago eskatu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu