Soldata baxuak, gehiegizko lehiakortasuna edo bizitza proiektu bat eratzeko mugak. Horiek dira, bertzeak bertze, doktoregaien egunerokoa definitzen duten ezaugarrietako batzuk. Haien kezkei modu kolektiboan heltzeko, UEUk Unibertsitatearen barruak eta prekaritatea: doktoregaion begirada akademiari jardunaldia antolatu zuen atzo, Eibarren (Gipuzkoa). Beren hausnarketez mintzatu ziren doktoregaietako bat izan zen Unai Bayon Aranburu (Donostia, 1996).
Zergatik erabaki duzue doktoregaien egoera UEUra eramatea?
Ikusi genuelako bazegoela doktoregaien inguruan immobilizazio bat, eta gure artean koordinatzeko zailtasuna. Duela urtebete, saiatu ginen Gipuzkoako Ibaeta campusean asanblea bat aktibatzen, baina funtzionatzeari utzi zion. Bururatu zitzaigun UEUk eskaintzen dituen espazioak aprobetxatzea ikastaro bat egiteko. Espazioa aproposa da doktoregaiak, sindikatuetako eragileak eta gaian interesa duen edonor aktibazio falta horren harira biltzeko, eta horren inguruan hitz egiteko. Betiere, gure egoera prekarioa izanda ardatz nagusia.
Zer ezaugarrik egiten dute doktoregai bat prekario?
Lehenbiziko planoan jarriko nukeen ezaugarria izango litzateke doktoretza tesia kontratu bidez egiteak sakrifizio ekonomiko bat eskatzen duela. Izan ere, askok beste aukera batzuk ditugu ekonomikoki baldintza hobeagoak eskaintzen dituztenak, baina bidaia honetan sartzea erabaki dugu. Norbera kontziente da baldintza ekonomikoak kaskarrak izango direla, eta norbere bizi proiektua garatzeko aukera oso gutxi ematen dituztela.
Egoera ekonomiko horrek zuen etorkizuna guztiz baldintzatzen du, ezta?
Bai; izan ere, egonkortasuna ez dago bermatuta. Doktoretza egin dezakegu, baina gero ez dakigu nondik nora ibiliko garen. Horregatik, askotan, gure ikerketarako aproposa ez den dinamika batean sartzen gara.
Zergatik hasi da orain gaia azalera ateratzen?
Baldintzak, neurri batean, hobetu egin dira, eta hori onartu beharra dago, baina nik uste dut gaur egungo testuinguruan badela pobretze orokortu bat. Orain arte, unibertsitate munduko jendea maila hobea zuena zen, baina azken urteetako prekarizazioak klase guztietan eragin du: unibertsitateetako jendea ere itotzen hasi da. Hor botere kontu bat dago: unibertsitateko jendeak bozgorailu bat eduki du, beste jende batek eduki ez duena. Hor dago gakoa: promes meritokratikoak nola zapuztu diren ikusi dugu.
Promes meritokratiko horietako bat izan ohi da lan anitz eginez gero saria ere halakoa izanen dela.
Neoliberalismoaren dinamika ekonomikoen arabera mugitzen den ideologian dago giza kapitalaren ideia: guk nola ulertzen dugun hezkuntza prozesua, gure gurasoek ere nola ulertzen zuten, eta nola biziarazi diguten guri. Sufrimenduaren eta ahaleginaren apologia absurdo bat dago hor: norbere lan indarrean edo norbere gaitasunetan inbertitzeko, sufritu egin behar da, gauzak kosta egiten direlako. Horren arabera sortzen den lan kultura da doktoretzan ikusten dena; inbertsio moduan ulertzen da doktoretza, eta justifikatu egiten da hor dagoen sufrimendua. Gero saria egongo delako sufrimendu horren truke.
Sari hori, baina, nabarmen aldatzen da ikasketa alorraren arabera, ezta?
Guztiz. Hori gure unibertsitateen eta gobernuen plan estrategikoen ondorio zuzen-zuzena da. Unibertsitatearen rola da: merkatuak ezagutzan egin nahi dituen inbertsioak bideratzeko kanala. Hegoaldean fisika, biozientziak, ingeniaritza eta armagintza dira estrategiakoak, horiek sortzen dute dirua. Hortaz, unibertsitateak, enpresekin lan egiten duenean, arlo horiek hautatzen ditu. Beraz, aldeak oso argiak dira: giza eta gizarte zientzietan sari hori lortzea zailagoa da, edo aleatorioagoa izan daiteke. Beste sektoreetan errazagoa da, badagoelako enpresa multzo bat lan indar horren eske.
Enpresa pribatuen esku hartzeak direla medio, unibertsitateek gero eta independentzia txikiagoa dutela erranen zenuke?
Hori faktore oso garrantzitsua da, batez ere unibertsitate publikoez hitz egitean. Aurrekontuetan eta plan estrategikoetan kanpo finantzaketa bultzatuz gero, enpresek diru hori ez dute musu truk emango: ikerketen emaitzak edo jabego intelektualak nahiko dituzte trukean. Horrez gain, unibertsitateak mundu mailako lehia batean sartu behar izaten du, enpresen kapital hori lortzeko eta ikerketak garatu ahal izateko. Beraz, ikerketen programak ezartzen dituzte enpresek beren behar pribatuekin, eta mundu mailako panoramak lehiak eskatzen dituen behar horiekin.
Nola egin dakioke aurre arazo horri?
Lehenbiziko pauso orokorra izango litzateke unibertsitate publikoen ikerketaren independentzia berreskuratzea. Ikusten dugu ikerketa eta zientzia mundua ez dela independentea. Onura asko dakartza, bai, baina ez da independentea, finantzaketaren zatirik handiena esku pribatuetatik datorrelako. Unibertsitateak bere izaera galdu du, eta, hori bereganatzeko, erakundearen independentzia berreskuratzeak inportantea izan behar du.
Unai Bayon Aranburu. EHUko doktoregaia
«Promes meritokratikoak nola zapuztu diren ikusi dugu»
Doktoregaiek urte anitz daramatzate egunerokoan pairatu behar dituzten baldintza prekarioak salatzen. Baldintza horiez gogoetatu dute UEUko ikastaro batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu