Bake Bideak jakinarazi duenez, Kondenen Aplikaziorako Auzitegiak Ion Kepa Parot euskal presoa baldintzapean askatzea onartu du, baina PNAT Terrorismoaren Kontrako prokuradoreak dei egin du erabakiaren aurka. «Beste behin ere, PNATaren itsutasun sektarioak, euskal auziaren berezitasuna kontuan hartzen ez duen segurtasun ideologia batean sarturik, Ionen baldintzapeko askatasunaren aldeko TAPAT Kondenen Aplikaziorako Auzitegiaren erabakiak sortu itxaropena zapuztu berri du», kritikatu dute.
Bake Bidearen esanetan, helegitea aurkeztu izana «ulertezina» da, eta «are jasanezinagoa» kontuan izanda «71 urte dituen eta bizitza erdia presondegian pasatu duen eta bere askatasunak inongo arriskurik ondorioztatzen ez duen presoarekiko jazarpen sentimendua bereganatzen duelako». Jarrera horrek «bukaera tragiko bat» izateko arriskuak areagotzen dituela uste du.
Taldeak uste du Frantziako presidente Emmanuel Macronek eta haren gobernuak ez dutela Euskal Herriko «bake prozesua kontuan hartzen». Hala, estatuburuari zuzendu zaio «gaia berehala bere gain har dezan politikoki». Hari eskatu diote «Euskal Herriko hautetsiek eta gizarte zibilak daramaten dinamika eraikitzailea» laguntzeko: «Jendarteak hamarkada luze honetan erakutsi du etorkizuna bere gain hartzeko gaitasuna duela, pixkanaka-pixkanaka, bake iraunkorra lortzeko baldintzak sortuz esparru demokratiko batean». Kontrako bidea jorratuz gero, estatuak «euskal gizartearengan duen umiliazio sentimendua» areagotuko dela gehitu du Bake Bideak.
Desobedientzia
Erantzun falta ikusita, uztailaren 23an «Ipar Euskal Herria blokeatzeko» deia egin dute Bakegileek: «Frantziako Gobernuaren inertziaren aurrean, eta fiskal antiterroristaren karmintasunaren aitzinean, mobilizazio fase berri batera pasatzea erabaki dugu». Ekintza «indartsuagoak, determinatuagoak eta desobedientzia zibilekoak» egingo dituzte. Aurten, besteak beste, A-63 autobidea blokeatu dute, eta Miarritzeko (Lapurdi) Frantziako zergen egoitza eta Baionako auzitegia okupatu dituzte.
Uztailaren 23ko deialdiarekin bat egin du Sortuk ere. Alderdiak «onartezintzat» jo du prokuradorearen jarrera; «estatu mendeku» gisa kalifikatu du. Azken hilabeteetako mobilizazioei erreferentzia eginez, azaldu du «gizarte eragileen eta herritarren gehiengoak» bat egiten duela Parot eta Jakes Esnal euskal presoen askatasunaren aldeko aldarrikapenekin: «Gehiengo horren nahia errespeta dezala exijitzen diogu Frantses Estatuari».
Parotek 32 urte daramatza preso, eta Mureteko kartzelan da (Okzitania, 425 kilometro). Baldintzapeko askatasuna eskatzen duen seigarren aldia da. Maiatzean aztertu zuen afera Parisko auzitegiak, baina prokuradorea kontra agertu zen. Bere abokatuak «etsigarritzat» jo zuen haren jarrera, «Ipar Euskal Herriko egoera nola aldatu den ikusirik».
Prokuradoreak dei egin du Parot askatzearen kontra
Auzitegiak baldintzapeko askatasunaren alde egin du. Uztailaren 23an «Ipar Euskal Herria blokeatzeko» deia egin dute Bakegileek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu