Prokuradoreak bihar emango ditu Donibane Lohizuneko feminizidioaren inguruko xehetasunak

Beste 24 ordu luzatu diote atxiloaldia atzo Donibane Lohizunen (Lapurdi) hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekideari. Protestara deitu dute.

Emakumearen gorpua aurkitu zuten hotela, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
Emakumearen gorpua aurkitu zuten hotela, Donibane Lohizunen. GUILLAUME FAUVEAU
2024ko maiatzaren 4a
20:25
Entzun

Baionako prokuradoreak beste 24 ordu luzatu du atzo Donibane Lohizunen (Lapurdi) hilda aurkitu zuten emakumearen bikotekidearen atxiloaldia, igande arratsaldera arte, Sud Ouest egunkariak argitaratu duenez, eta bihar goizean emango du auziaren inguruko informazio gehiago. Deialdia egiteko bidalitako oharrean, Jerome Bourrier prokuradoreak adierazi du «feminizidioaren» ingurukoa dela, hilketa matxistaren hipotesiari indar emanez. Zehazki, «Donibane Lohizunen maiatzaren 3an bikotekideak egindako hilketaren ostean irekitako ikerketaren esparruan» kokatu du.

Poliziak atzo aurkitu zuen emakumearen gorpua, eta jarraian atxilotu zuten haren bikotekidea, galdekatzeko. Sud Ouest-ek argitaratu zuen apirilaren erdialdean Ziburuko (Lapurdi) hotel bateko bosgarren solairutik erori zen emakumea dela atzo hilda aurkitu zutena; hain zuzen, hura larri eraman zuten ospitalera, baina joan den asteazkenean desagertu zen. Orduko hartan, bikotekidea bi egunez galdeketapean izan ondoren, aske utzi zuten, zaintzapean; hamar egun geroago, prokuradoreak esan zuen suizidioaren hipotesia lantzen ari zirela, nahiz eta «hilketa saiakeragatik» abiatu zuten ikerketa ez itxi. Halere, orduan ere, gizonezkoa atxilotu ostean, egunkari hark, polizia iturri batzuk aipatuta, argitaratu zuen hura indarkeria matxistagatik «begitan» zutela.

Hilketa salatzeko, Ipar Euskal Herriko mugimendu feministak mobilizaziorako deia egin du: astelehenean, 18:00etan, hiri hartako Luis XIV. plazan. 2003tik Euskal Herrian hil duten 119. emakumea da, eta aurtengo lehenengoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.