'CAN auzia'. Erreportajea

Profezia moduko bat

Sanz barne, 1979tik Nafarroak izan dituen zazpi presidenteetatik bost egon dira susmopean iruzur auziengatik. Barcina izan daiteke hurrengoa epailearen aurrean deklaratzen.

Jokin Sagarzazu - Joxerra Senar
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Jaime Ignacio del Burgorekin hasi eta Yolanda Barcinarekin segi, Francoren diktaduraren ostean Nafarroako Gobernuak izan dituen presidente ia guztiak egon dira susmopean iruzur auziengatik. Soilik Juan Manuel Arza (1980-1984) eta Juan Cruz Alli (1991-1995) libratu dira. Sanzekin batera, lau presidente inputatu dituzte, baina bakarra zigortu dute: Gabriel Urralburu. Hautsak harrotu zituen haren kasuak. PSN krisi gogor batean sartu zuen, eta ahalbidetu UPNk azken urteetan izan duen botere ia erabatekoa. Baina profezia baten moduan, orain, alderdi horri ere heldu zaio bere txanda.

Jaime Ignacio del Burgo

Kutxan eskua sartzen lehena

Lehen foru hauteskunde osteko legealdia oso berezia izan zen. Oraindik ez zegoen Foru Hobekuntzarik, eta, egungo esparru juridikorik gabe, gerra aurreko ereduaren arabera osatu zen diputazioa. Merindade bakoitzeko alderdirik bozkatueneko herriordezkariak eseri ziren: UCDko hiru diputatu, PSOEko bat, HBko bat eta Orhi Mendi taldeko beste bat —azken hori ezker abertzalekoa—. Gobernu erabat heterogeneoa, eta haien presidente Jaime Ignacio del Burgo, UCDkoa.

1979ko ekainean, diputatu hasi berriei Altsasuko FASA enpresa kinka larrian zela azaldu zien Industria Departamenduak. Urtebete lehenago, promes egindako 20 milioi pezetako (120 mila euroko) laguntza emateke zuen oraindik, eta, horrez gain, kopuru finkorik gabeko diru bat aurreratu zuen diputazioak. Asmoa zen Nafarroako Kutxaren eta enpresaren arteko zubi lana egitea. Diputazioa kutxaren sortzailea izanik, administrazio kontseiluko kide ziren diputatuak, eta 61 milioi pezetako (366 mila euroko) kreditu bat ematea hitzartu zuten.

Administrazio kontseiluan diputatuei inork ez zien jakinarazi, baina, Del Burgo FASAko kontseilari eta akziodun izana zela, kutxak aurretik kreditua emana ziola eta Del Burgo bera zela bermatzaileetako bat. Kutxaren garai hartako zuzendari Juan Luis Urangari xehetasun garrantzitsu hura azaltzea ahaztu zitzaion, eta Del Burgo bileretan egon ez zenez, gezurra esatea saihestu zuen. Diputatuei ezkutatu egin zitzaien ere handik gutxira gobernuak aurreratutako dirua Del Burgok bermatutako kreditua eteteko baliatu zutela kutxak eta enpresak.

FASAk lau hilabetera kiebra jo zuen, baina eskandalu politikoa 1980ko otsailean lehertu zen, Ogasuna jabetu zenean kutxak ez ziola FASAri aurreratuko dirurik itzuli. Aurrez diseinatutako operazio haren onuradun zuzenak izan ziren Del Burgo eta kutxa, batek zorragatik erantzutea eragotzi zuelako, eta, besteak, zordun bat gainetik kendu zuelako, bere jabearen —nafar guztien— bizkar uzteko. UCDko alderdikideek eta gainerako diputatuek behartu zuten Del Burgo dimititzera. Hala ere, auziagatik inoiz ez zuten epaitu, eta, dimititu arren, erabakigarria izan zen Foru Hobekuntzaren negoziazioan. Espainiako Estatuko ordezkari gisa eseri baitzen mahaiaren bestaldean.

Gabriel Urralburu

Roldanen lagun mina

1994an Luis Roldan Guardia Zibilaren zuzendari izandakoaren inguruan sortutako eskandaluek bete-betean harrapatu zuten Gabriel Urralburu. Urralburu agintean egon zen lehen urteetan, Roldan zen Espainiako Gobernuko ordezkaria Nafarroan, eta harreman estua egin zuten bi agintariek. Baina urte batzuk geroago, gerra zikinarekin eta PSOEren legez kanpoko finantzaketarekin lotutako kasuetan azaldu zen Roldanen izena, eta, harekin batera, Urralbururena.

Gutxiengoan gobernatu zuen PSNko presidenteak bi agintalditan, 1984tik 1991ra. Jada gobernutik kanpo zegoenean, 1994an, lehertu zen auzia. Hori dela eta, erabaki zuen bere burua PSNko zuzendaritzarako ez aurkeztea —Javier Otañoren mesedetan—, eta utzi egin zuen parlamentuko eserlekua eta militantzia.

1995ean atxilotu eta espetxeratu zuten Nafarroako presidente izandakoa. Urtebete egon zen behin-behinean preso, epaiketaren zain. Foru Ogasunari iruzur egitea eta eroskeria delitua leporatu zien fiskaltzak Urralbururi eta Antonio Aragon Industria kontseilari ohiari.

1998an egin zen epaiketa Nafarroako Lurralde Auzitegian, eta epaileak frogatutzat eman zuen legez kanpoko komisioak kobratu zituztela biek, hainbat herri lanen adjudikazioa lortu zuten enpresen bitartez —tartean, Leitzarango autobidearen Nafarroako zatian parte hartu zuten enpresenak—. Epailearen arabera, emaniko lanen kostu osoaren %5 gutxi gorabehera jaso zuten auzipetuek. Horrekin batera, adierazi zuen diru hori atzerriko kontuetan ezkutatu zutela eta, ondorioz, Nafarroako Foru Ogasunari iruzur egin ziotela. Haiekin batera zigortu zituzten Olivia Balda eta Ana Isabel Romero Urralburu eta Aragonen emazteak, Luis Roldan eta haren kide Jorge Esparza. Epaiaren arabera, auzian zigortutakoek gutxienez 770 milioi pezeta (4,6 milioi euro) poltsikoratu zuten denera, legez kanpoko komisioen bidez.

Nafarroako Auzitegiak 11 urteko espetxe zigorra ezarri zion Urralbururi. Baina hark helegitea jarri zuen Auzitegi Gorenean, eta, 2001eko martxoan, auzitegi horrek absolbitu egin zuen kartzela zigorrik handiena zuen delitutik, iruzur fiskalari lotutako delitutik. Urralbururen espetxe zigorra 11 urtetik 4ra jaitsi zuen Gorenak eta 530.000 euroko isuna ezarri zion. Zigorraren hiru laurdenak bete aurretik, espetxean 444 egun egin zituenean, hirugarren gradua eman zioten, eta 2003an aske geratu zen baldintzapean. Ordutik, Madrilen bizi da, eta han ari da lanean, abokatu bulego batean.

Javier Otano

Suitzako kontuak

Urralbururen lekukoa hartu zuen Javier Otanok. PSNren zerrendaburu aurkeztu zen 1995eko foru hauteskundeetan, eta CDNrekin eta EArekin gobernu akordioa egin ostean, izendatu zuten Nafarroako presidente, aurreko legealdian UPNn zegoen Juan Cruz Alli ordezkatuz. Urtebete geroago, baina, eman zuen dimisioa, argitaratutako informazio batzuengatik. Horien arabera, Otanok eta haren emazte Maria Teresa Arcosek ia 200 milioi pezeta (1,2 milioi euro) zituzten gordeak Suitzako banketxe batean. Informazio horiek Roldan auziaren Nafarroako sarearekin lotzen zuten Otano. Horrek gobernu akordioaren haustura ekarri zuen, eta UPNko Miguel Sanzek eskuratu zuen presidentetza. Otanoren dimisioaren ostean, PSOEko batzorde federalak PSNko zuzendaritza osoa aldatu zuen.

Orduan Urralburu auziaren instrukzioa zeraman epaile berak hartu zuen Otanoren kasua, eta sumario nagusitik adar bat bereizi. Otanorenaz gain, PSNko beste agintari batzuen eta haiekin lotura zuten beste pertsona batzuen kontuak aurkitu zituen epaile instruktoreak, Suitzako epaile baten laguntzarekin. Zazpi urtez egon zen auzia epaitegian, eta zortzi pertsona inputatu zituzten denera, Urralburu tartean. Otanok eta haren emazteak aitortu zuten beren izenean erregistratu zutela aipatutako kontua, baina adierazi zuten ez zekitela zenbat diru zegoen bertan, eta azpimarratu zuten diru hori ez zutela inoiz erabili. Horrez gain, esan zuten Urralburuk eskatuta zabaldu zutela kontua, eta hark esan ziela alderdiaren «etorkizuneko beharrizanak» betetzeko zela dirua.

Hori deklaratu bazuten ere, auzia behin-behinean artxibatzea erabaki zuen epaileak, fiskaltzak eskatuta. Adierazi zuen delitu zantzurik ez zegoela eta Otanok eta Arcosek Suitzako kontua ez zutela inoiz erabili. Helegiteen ondorioz, baina, epaiketara iritsi zen auzia, baina ahozko saioa abiatu eta lau egunera, epaimahaiak arrazoia eman zion fiskaltzari, eta bertan behera utzi zuen epaiketa, ustezko delituak preskribatuta zeudela iritzita.

Otano auzia ulertzeko, 1989ra egin behar da atzera. Nafarroako Gobernuak Safel enpresa Bosch Siemens Alemaniako multinazionalari saldu zion 5.000 milioi pezetaren truke (30 milioi euro). Handik lau egunera, PSNren orduko presidente Jesus Malonek —hilda dago— eta Antonio Aragon Industria kontseilariak kontu bat ireki zuten Genevan, salmentagatik ustez jaso zituzten eskupekoak ezkutatzeko. Suitzako epaileak igorritako datuen arabera, 1989. eta 1990. urteetan, Siemensek 116 milioi pezeta (1,9 milioi euro) sartu zituen hainbat kontutan. Dirua hainbat banketxetatik igaro zen eta hainbat jenderen izenean egon zen, Otano tartean. Azkenean, Otanoren emaztearen izenean zegoen kontua hustu egin zuten 1995ean, Urralburu atxilotu zuten urtean, alegia. Dirua ez da inoiz agertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.