Profersak Zorrotzako lantegia berriz irekitzeko dokumentazioa bidali dio Jaurlaritzari, herritarren protesten artean

Maiatzaren 15ean, behin-behinean ongarri lantegi hori ixteko agindu zuen Eusko Jaurlaritzak, ke isuriengatik.

Sader-Profersa Kanpora plataformak deitutako manifestazio bat, Zorrotzako lantegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Sader-Profersa Kanpora plataformak deitutako manifestazio bat, Zorrotzako lantegiaren aurrean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko ekainaren 7a
10:07
Entzun

Profersa enpresak atzo arratsaldean bidali zion eusko Jaurlaritzari Zorrotzako ongarri lantegia berriz irekitzeko dokumentazioa. Ia ordu berean, Bilboko San Inazio auzoan batu ziren ehunka herritar Profersa bera eta Sader enpresa Bilboko Zorrotza auzotik kanporatzeko eskatuz.

Ongarri fabrika da Profersa, eta azken hilabeteetan bi intzidentzia gertatu dira bertan: apirilaren 26an lehena, eta maiatzaren 11n bigarrena. Bietan, ke zuria isuri zen, eta inguruko herriguneak hartu zituen. Azken istripuaren ostean, Eusko Jaurlaritzak ikuskapen bat egin eta behin-behinean lantegia ixteko agindu zuen. Profersari eskatu zioten konponketa teknikoak egiteko jarduerara itzuli ahal izateko. Bada, atzo, enpresak berriz ere lantegia martxan jartzeko dokumentazioa bidali zion Jaurlaritzari. Orain, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko teknikariek lantegia bisitatu eta berriz ireki edo ez erabakiko dute.

Bitartean, herritarrek enpresa kanporatzeko protestak egiten jarraitzen dute. Atzo bertan, Bilboko San Inazio auzoan, 350 lagun batu ziren —Bilboko Udaltzaingoaren datuak dira— Sader-Profersa Kanpora plataformak deituta. Gainera, plataformak X sare sozialean salatu duenez, protestan ari ziren bitartean ongarri fabrikatik kea ateratzen ari zela ikusi zuten.

Aurtengo apirilean sortu zuten Sader-Profersa Kanpora plataforma inguruko zenbait taldek, auzo elkartek eta erakunde ekologistak. Sader hondakinak tratatzeko lantegi bat da, eta Profersaren alboan dago. Gainera, biak ala biak jabe berarenak dira: Agaleus taldearenak.

Bizilagunen kexak aspaldikoak dira. Urteak daramatzate salatzen bi lantegietatik kiratsa ateratzen dela, baita kea ere. Gainera, isuri horiek zorabioak, eztarriko mina eta begietako azkura eragiten dizkietela ere jakinarazi izan dute. Horregatik, auzokideek behin eta berriz eskatu dute airearen kalitatea neurtzeko gailuak jartzeko —aurrez zegoen bat suntsitu egin zuten, 2023an—. Eta, dirudienez, Eusko Jaurlaritza jada lanean ari da bi neurgailu berri martxan jartzeko; hori baieztatu du El Correo hedabideak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.