Etikaren eta alde ekonomikoaren arteko harremana. Hori izan zuten aipagai atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen ikasturte berriko irekiera ekitaldian, Arabako campuseko Letren Fakultatean. Hain zuzen ere, Nekane Balluerka EHUko errektoreak uste du produktibitatea «balio etikoekin» lotu behar dela, «aliaturik onenak» direlakoan. Bikaintasuna ere izan du gogoan: «Lehiakorra den unibertsitate batek bikaintasunaren aldeko apustua egin behar du. Elitismoarekin desberdindu beharra dago hori». Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, berriz, gaineratu du bikaintasun horrek «ebaluazioaren eta hobekuntzaren aldeko jarrera» eskatzen duela.
Zientziaren eta gizarte zientzien arteko elkarlana, finantzaketa publikoaren eta pribatuaren beharra eta nazioarteko harremanak ere zutabetzat jo ditu Balluerka errektoreak. Haren esanetan, unibertsitateak finantzaketa publikoa zein pribatua lortu behar ditu, betiere «interes ekonomiko eta enpresarialen» zerbitzura egon gabe. Errektorearen iritzirako, zutabe horiek kontuan hartuta posible da EHU unibertsitate «euskalduna, publikoa, bikaina eta inklusiboa» izatea.
Aurtengo ikasturtean graduko 34.000 ikasle izango ditu EHUk. Euskarazko adarretan eman dute izena erdiek baino gehixeagok, %53k, eta emakumeak gehiengoa dira ikasleen artean (%56).
Erronkak eta konpromisoak
Ikasturte honetako helburua ez ezik, 2018-2019ko ikasturtean EHUk izandako erronkak eta hartutako konpromisoak ere aipagai izan zituzten aurkezpenean. Prestakuntza dualeko eskaintza, ikerketaren aldeko apustua eta nazioarteko harremanak nabarmendu zituzten. «Erronka horiekin bat» dator Jaurlaritza ere, Urkulluren arabera.
Konpromisoei dagokienez, hiru hauek nabarmendu ditu Balluerkak: euskara eta euskal kultura, indarkeria matxistaren aurkako borroka eta «babes sistematik igarotako gazteei» laguntzeko Arrakasta programa. Goraipatu du unibertsitateak konpromiso «sendoa» duela euskararekin eta euskal kulturarekin, eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan ere bai: «Protokolo berri bat abiarazi dugu hainbat jazarpen eta indarkeria kasuri aurre egiteko; EHU feminismo instituzionalaren erreferente bihurtu da». Jakinarazi dutenez, protokoloaren bidez, 2018-2019ko ikasturtean 24 pertsona artatu dituzte. Azkenik, errektoreak azaldu du Arrakasta programari esker posible izan dela «babes sistemetatik igarotako» zenbait gazte unibertsitatera sartzea.
Kanpoan, mobilizazioak
Fakultatearen kanpoaldean protestak izan ziren nagusi. LAB sindikatua, Ikasle Abertzaleak eta unibertsitateko langileak elkartu ziren. LABek, besteak beste, salatu du EHUko langileen %60 behin-behineko kontratuarekin ari direla lanean. «Bestelako unibertsitate eredu bat» aldarrikatu dute
Ikasle Abertzaleek Ez zarete ongi etorriak lelopean egin zuten mobilizazioa, eta salatu zuten Ertzaintzak lau ikasle identifikatu zituela. Unibertsitateko garbitzaileek, berriz, lan hitzarmen «duina» izan zuten aldarri. ELA, UGT, LAB, ESKE eta CCOO sindikatuek babestu zuten protesta.
Produktibitatea «balio etikoekin» lotzeko deia egin du Balluerkak
EHUko errektoreak ezinbestekotzat hartu du «bikaintasuna», baina «elitismoarekin» nahasi gabe. Protesta egin dute hitzaldiaren atarian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu