Gaixoei egiten dizkieten proba edo azterketa osagarrien emaitzak euskaraz ere emateko. Horixe eskatzen hasi dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Osakidetzako langileak. «Mito bat da kalitatea eta euskara uztartu ezinak direla. Kalitatea gertutasunak bermatzen du, eta gertutasuna pazientearen hizkuntzan komunikatuz lortzen da, besteak beste». Aitor Montes Aramaioko (Araba) familiako medikuaren hitzak dira. Hark ere egin du eskaria, Osakidetza euskalduntzea baitu helburu. «Euskal Herria Esloveniaren tamainakoa da, biztanle kopuruan ere bai. Han pazientearen hizkuntzan hitz egiten dute medikuek. Euskal Herrian osasunean euskara berma daiteke, ziur nago».
Ospitaleetako zuzendariei, eskualdeetakoei eta Osakidetzako Euskara Zerbitzukoari egin diete eskaria. Proba osagarriak pazienteei egiten dizkieten proba guztiak dira: ekografiak, eskanerrak, odol eta gernu analisiak... Legeak zehazten du Osakidetzan idatzizko harremanek euskaraz eta gaztelaniaz izan behar dutela. Baina praktikan ez dela horrela salatu dute eskaria egin duten profesionalek. Medikuak, erizainak eta administrariak daude tartean. Ekografiak eta eskanerrak euskaratzea zailagoa denez, gernu eta odol analisiekin hasteko eskatu dute lehenengo. Izan ere, Montesek azaldu du laborategietako teknikariek ez dutela euskara jakin beharrik, datuak betetzea besterik ez delako azken batean.
Hizkuntzak gaixoekin dagoen harremanean duen garrantzia nabarmendu du Montesek. Pazientearekin hurbiltasuna lortzeko medikuak bere hizkuntzan hitz egin behar duela uste du. «Muturreko adibide bat emango dut: pentsatu Gurutzetako pediatriako larrialdia zer izan daitekeen haur batentzat, zelako estutasuna, eta, gainera, bere hizkuntza entzun ez. Oraindik muturreragoko bat: Onkologikoan minbiziak jota heriotzaren aurrean dagoenari zein hizkuntzatan hitz egin behar dio medikuak? Bere ama hizkuntzan? Edo hain eroso sentitzen ez den beste batean?».
Baina hori bermatzea oraingoz «ezinezkoa» dela esan du medikuak: langileen %25ek dakite euskaraz. «Horrek esan nahi du oso txarto dagoela egoera, azken batean, loteria kontua dela. Galesen esaten zidaten kasualitatezko egoera batean gaudela. Eta hala da. Zortea baduzu, tokatuko zaizu zure medikua euskalduna izatea, baina loteria hutsa da».
Legearen arabera, osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubidea dute herritarrek. Atzoko eskaria lehenengo pausoa besterik ez dela nabarmendu dute. Aurretik programa informatikoa euskaratzeko eskaera egin zuten, eta onartu egin zieten. Bi urte inguru barru izango dute martxan. Pauso «txikiak» badira ere, ahozko harremanaz gain idatzizkoari ere garrantzia ematea beharrezkoa iruditzen zaio Montesi. «Orain arte inor ez da idatzizkoari buruz ezer planteatzera ausartu». Haren ustez, euskaldunen eginbeharra Osakidetza goitik behera euskalduntzea da: ahoz eta idatziz. Montesen esanetan, kontua ez da soilik osasun etxeetan eta ospitaleetan euskara bermatzea, baizik eta Osakidetza osoko lan hizkuntza euskara izatea bermatzea.
Azken urteetan aurrerapausorik ez dela eman pentsatzen du, dena «itxurakeria hutsa» izan dela, «zurikeria hutsa». Aldaketa bakarra karteletan testuak euskaraz jartzea izan dela esan du, baina azaleko aldaketa besterik ez dela. «Nik paziente gehienekin euskaraz egiten dut, baina gero, beste medikuengana bidaltzen ditudanean, ezin dute eskubide hori bermatu. Ez dago politika egokia hori eskaintzeko».
Baina horrek ez du harritzen. Haren esanetan, euskara ez da inoiz lehentasun bat izan Osakidetzan. 1983an sortu zen erakundea, handik hogei urtera 67/2003 dekretua egin zuten eta handik bi urtera egin zuten lehenengo euskara plana. «Osakidetza sortu eta 30 urtera, ez diote behar adinako garrantzirik eman».
Gizartearen protagonismoa
Orain arte inork egin ez duen lana ari dira egiten osasun profesionalak, Montesen irudiko. Gizartearen jarreran ere «hutsune handia» egon dela esan du. «Oso asimilatua dugu euskaldunok. Garrantzitsuena medikua dela sinetsita bizi gara, euskara ez dela ezinbestekoa. Euskaltzale amorratuak ere ez dira mediku euskaldunak exijitzera ausartzen». Azken urteetan hezkuntzan egin den ahalegina osasunean ere egitea nahi du Montesek. Halako jarrera izanda Osakidetzan helburu asko lortuko liratekeela iritzi dio. «Nire ustez, hizkuntza gutxituentzako salbazio bide bat izan daiteke osasuna. Literaturak ematen dio prestigio bat, baina lortuko dugu idazle bakan batzuekin egoera aldatzea? Nora joaten da egunero jendea? Medikuarengana. Gizartearen lana osasun arloa euskalduntzea izan behar da, hori argi dut».
Horregatik, presioa egitea beharrezkoa dela adierazi du Montesek, eta horretarako gizarte osoaren laguntza ezinbestekoa dela. Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean dauden udalek presioa egingo balute egoera «estutuko» litzatekeela uste du. Eta gizarteak orain arte «dena» onartu duela salatu du. «Erakundeek borondaterik ez dute; beraz, erakundea hormaren kontra jarri behar dugu. Eusko Jaurlaritza eta Osakidetza behartu behar ditugu, presio sozialaren bitartez». Aldarrietatik atera eta neurri zehatzak planteatzea garrantzitsua iruditzen zaio.
Orain arte Osabide izeneko aplikazio informatikoa euskaratzeko eskaera onartu diete, eta proba osagarriekin hasteko eskaera egin dute. Baina etorkizunean lantzeko beste bi esparru ere zehaztuak dituzte dagoeneko.Bat: mediku euskaldunen multzoa zein den argitzea.Bi: hizkuntza eskakizunen eta ordezkapenen politikak aldatzea.
Unibertsitateekin harremana «estutzea» ere garrantzitsua iruditzen zaio, mediku euskaldunak hortik sortzen direlako: «Ordezkapen politikak ere badu eragina, nire lankide gazte asko kalera joaten ari dira krisia dela eta».
Dekretuak zehaztutako arauak betetzea nahi dute, eta, horretarako lanean ari diren arren, herritarren parte hartzea sustatzea garrantzitsua iruditzen zaie. Azken batean, euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko.
Proben emaitzak euskaraz ere emateko eskatzen hasi dira Osakidetzako langileak
Euskalduntzearen bidean erakunde publikoek egin duten lana ez dela nahikoa uste dute profesionalek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu