Printzea biluzik dago

«Monarkia ala errepublikari buruz erreferenduma deitzeko zintzotasunik izango duzu errege zarenean?», galdetu zion Borboiko Feliperi Laura Perezek. Astebetean 511.000 bisita jaso ditu 'Youtube'-n bideoak.

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Ekainaren 3an Vianako printzearen sariak banatu ziren Iruñeko Baluarte jauregian, eta han izan ziren Felipe eta Letizia Borboikoak. Kanpoaldean, jendea agurtzen ari zirela, Laura Perez Ruano gazteak itaundu egin zuen Borboikoa: «Monarkia ala errepublikari buruz erreferenduma deitzeko zintzotasunik izango al duzu errege zarenean?». Miguel Sanzen begirada haserretuaren pean eztabaidari ekin zioten. Borboikoak erantzun zion ezin duela erreferendumik deitu; abdikatuko ote lukeen galdetu, eta «sisteman sinesten» duela eta mekanismo demokratikoekin «dena posible» dela erantzun zion. Ruanok hori bideraezina dela esan, eta, Borboikoa, gero eta desorosoago, saihestu eta desbideratu nahi izan zuen eztabaida: «Loriarako unea lortu duzu».

Hans Christian Andersen idazle daniarraren ipuin ezaguneko haurraren moduan, Borboiko Felipe bere argudioetan biluzik dagoela esateko ausardia izan du Ruanok. Inondik ere ausardia hori ez da oharkabean pasa. Une hori bideoz hartu zuen Canal 4 Navarrak eta Youtube-en jarri zuen. Astebetean, 511.793 bisita izan ditu, eta gehien ikusitako bideoen artean dago. Atzo, Iruñean, Errepublikaren aldeko UCNR Nafarroako Batasun Zibikoak gonbidatuta, Ruanok hitz egin zuen.

Asko pentsatu gabe, parez pare, beste pertsona bat bailitzan jo zuen Espainiako erregearen semearengana. Bere ustez, Borboikoak galdera horren erantzuna badu; hala ere, «ez zion galderari erabat erantzun». Ruanok ez zuen uste horrelako ikusmina sortuko zenik. Ukatu egin du loria bilatu duenik. Hara bakarrik joan zen, eta hasieran ez zion inori kontatu nahi, ez zuelako uste inork sinetsiko zionik edo unea grabatuko zutenik. «Apur bat gainezka egin dit, baina lanak denbora asko hartzen dit eta nire errealitatea bizi dut». Dena den, aukera baliatu behar dela uste du.

Izan ere, bere ustez, monarkiaren gaia «tabua» da. Benetako demokraziaz hitz egiteko derrigorrez errepublikaz hitz egin behar da, eta «estatuaren buruzagitza zalantzan jarri». Gogora ekarri du Espainiako Konstituzioan ez dagoela erreferendum loteslerik deitzerik, ezin dela ere herri ekimen legegile baten bidez lege organikoak moldatu, edo ezin dela Konstituzioaren aldaketarik aldarrikatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.