Primarioak, baina ez gehiegi

AEBetatik Europara egin du salto primarioen sistemak. 2000ko hamarkadan hasi ziren erabiltzen, Italian eta Frantzian lehenengo, eta beste herrialde batzuetan gero; bereziki, Barack Obamaren fenomenoak hauspotuta. Euskal Herrian, Ahal Dugu-k erabiltzen ditu, eta besteek egin dute keinuren bat.

Patxi Lopez, PSOEren idazkari nagusi izateko hautagai gisa botoa ematen, Portugaleten, maiatzaren 21ean sozialistek eginiko primarioetan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
jokin sagarzazu
2017ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ahoz aho dabilen hitza. Alderdi berrien ikurretako bat. Ohiko alderdi politikoen eta bereziki sozialdemokraten krisiari aurre egin nahirik topatu duten irtenbidea, hitz magikoa: primarioak. Alderdietako zuzendaritzetako kideak hautatzeko, edota hauteskundeetako zerrendak osatzeko; irekiak ala itxiak. Militante bat, boto bat; edo herritar guztiei irekiak.

Europako tradizioari jarraikiz, euskal politikan alderdiek kongresuetan aukeratzen dituzte zuzendaritzako kideak. Militanteek dute hitza, baina konpromisarioen bidez. Taldearen iritziak du lehentasuna, pisuaoraindik, norbanakoaren iritziaren gainetik. Baina hori ere aldatzen ari da, adituen arabera.

«Hemen, alderdiek funtzionatu izan dute komunitate gisa, eta gauza askotarako balio izan dute. Baina gizartea bezala, alderdien eredua ere aldatzen ari da. Komunitate politikoak ahuldu dira, eta horrek alderdiak eraman ditu molde berriak bilatzera gizartearekin interakzioa izateko».

Asier Blas politologo eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearenak dira hitzok. Hark dio azken urteetako politikako aldaketa nabarienetako bat dela herritarren eta alderdien arteko urruntzea, eta, hori dela eta, haren ustez, «geroz eta alderdi gehiagok» erabiliko dituzte «primarioak eta antzeko sistemak».

«Ez dago, dena den, eredu hoberik edo okerragorik», azpimarratu du Daniel Innerarity filosofo eta Ikerbaskeko kideak. «Ezin da eredu bat inposatu, baina bai gutxiengo demokratiko batzuk», zehaztu du. «Alderdien tradizio politikoak oso garrantzitsuak dira, eta une bakoitzean alderdiarentzat egokia dena aztertu behar da, eta horren arabera eredu egokiena hautatu».

Komunikazio gaietan aditua da Itziar Garcia, eta aholkularitza lanak egin ditu hainbat alderdirentzat; besteak beste, ideologikoki alde banatan dauden birentzat. Hark denei gomendatzen die primarioak egitea. «Gardentasuna ez ezik, demokrata etiketa jartzeko balio dio alderdiari; bere militanteei ahotsa eman, botoa eskatu, adierazpen askatasuna bermatu… Horrek guztiak alderdiaren irudiaren alde egiten du».

Ados dago horrekin Blas. Baina alderdiek proiektatzen dutenaz haratago, haren ustez, primarioek balio behar dute alderdiak «benetan demokratizatzeko». «Itzalpean egon ohi diren botere harremanak azaleratzeko, aukera emateko establishment-etik kanpo dagoen norbait hautagai izateko, eta ideia berriak sartzeko». Garcia bat dator horrekin. «Egun, jendeak ez du lehen zuen tolerantzia, eta ez du onartzen azpijokorik eta halakorik».

Globernance institutuko zuzendaria da Innerarity, eta Aieteko jauregiko bere talaiatik aztertzen ditu mundu osoko gobernantza ereduak eta joera berriak. Gogoratu du primarioen sistema AEBetatik «esportatua» dela, baina «egokitzapen batzuk» egin behar izan dituztela Europan erabili dutenek. Euskal Herrira ekarrita, uste du «errespetatu» behar dela alderdi bakoitzaren kultura politikoa «molde berriekin konbinatuz, nahi bada». «Ez da komeni egun batetik bestera haustea orain arteko jarduteko modua; kontuz modekin».

Innerarityren ustez, alderdi batzuek primarioetan aurkitu dute «euren gaitz guztietarako sendabelarra». «Eta hori ez da zuzena». Frantziako alderdi sozialistaren kasua aipatu du. Europan lehenetarikoa izan zen hautagai bat sistema horren bidez aukeratzen, 2006an: Segolene Royal, Sarkozyren aurka lehiatzeko. «Sekulako ilusioa piztu zuen horrek, baina ikusi zen arazoa ez zela hori, edo ez hori bakarrik. Bozak galdu ondoren, areagotu egin zen krisia».

Innerarityren arabera, primarioen «arriskuetako bat» da, hain zuzen ere, «arazoaren muinera jo beharrean, horien bidez lasterbide bat bilatu nahi dela». «Une jakin batean jokatzen da dena, bizkor eta presaka: buruzagia edo hautagaia izango denari begira jartzen dira, eta oso gutxi begiratzen diote gertatu denari eta gerta daitekeenari». Harentzat, garrantzitsuena da «momentuaren analisi egokia egitea». «Badaude une batzuk non bi hautagai edo gehiagoren artean bat hautatu behar den. Baina badaude beste batzuk non bata eta bestea behar diren, non batasuna behar den. Primarioen sistema hautatzen bada, izan dadila alderdia indartzeko, eta ez ahultzeko».

Primarioen aldekoa izanda ere, Garciak ere aitortu du «alde negatiboak» dituztela eta, batzuetan, sistema mugatu behar dela kalte horiek saihesteko. «Benetako primarioak eginez gero, askotan, alderdi barruko zatiketa agerian uzten da, eta banatutako alderdi bat ez da erakargarria». Espainiako alderdi sozialista jarri du adibide oker gisa. «Eman duen irudia aztertzen badugu, primarioak ez dira onerako izan. Inoiz baino zatituagoa dago iritzi publikoarentzat».

Iritzi publikoaren garrantziazohartarazi du Innerarityk ere: eta irudiaz ez ezik, mezuen garrantziaz ere mintzatu da. «Primarioek balio dute herritarren arreta erakartzeko eta agenda markatzeko. Baina, askotan, eztabaida polarizatu egiten da garrantzi gabeko gaietan; tribialdu egiten da». Gogoratu duenez, primarioetan ohikoena da pertsonak lehiatzea, ez proiektu politikoak. «Eta horren emaitzetako bat izaten da mezuen sinplifikazioa, xehetasunak galtzea, eta, zenbait kasutan, gezurrak erabiltzea».

Ados daude horrekin Blas eta Garcia. EHUko irakaslearen arabera, zientzia politikoetan «populismo negatibo» esaten zaiona ahalbidetu dezakete primarioek. «Demagogiarako aukera handia izaten da, eta, askotan, herritarrek ez dakite zer ari diren aukeratzen». Donald Trumpen adibidea jarri du.

Militantziaren «krisia»

Analisi askotan, primarioen «beharra» lotu da «militanteen alderdien» ereduaren edota «militantziaren krisiarekin». Horren harira, Innerarityk azaldu du alderdien egiturak «ahultzen» ari direla eta militantzia ulertzeko modua ere aldatzen ari dela «Europa osoan». Hala, eta elkarrizketaren hasieran Blasek esan bezala, hark ere uste du komunitate izaera galtzen ari direla alderdiak. «Militantzia politikoa ez da herritarren nortasuna markatzen duen ezaugarri nagusietako bat. Noizbehinkakoa bihurtzen ari da. Gaseosoa da». «Militantziak, politikan parte hartzeko nahiak une jakin batzuetan egiten du eztanda, eta gero behera egiten du. Podemosekin ikusi dugu hori. Oraingo primarioetan-eta %10eko parte-hartze zifrak dituzte».

Bat dator horrekin Blas. Eta ezbaian jarri ditu politikarekiko interesaren eta parte hartzearen inguruko zenbait analisi. «Beti bezala, herritarrek politikarekiko interesa agertzen dute sentsazioa dutenean asko dagoela jokoan; bestela, eskasa izan ohi da, lehen eta orain». Hori primarioetara eramanda, honako galdera hau egin du: «Zein neurritan dira demokratikoagoak parte hartze eskaseko primario batzuk beste sistema batzuen aldean?».

Horiek hala, Innerarityk dio primarioekin eta bestelako joerekin batera «oso garrantzitsuak» direla oraindik ere «militanteak eta alderdien egiturak». «Elementu horiek beharrezkoak dira alderdi baten funtzionamenduan». Bat dator horrekin Blas,eta alderdien barruko kontrol mekanismoak azpimarratu ditu. «Sistema demokratikoan, boterea sakabanatuta dago botere gehiegikeriak saihesteko. Egiturak beharrezkoak dira. Eta primarioek, hain justu, caudillismoa elikatu dezakete. Ez da ona boterea lider batengan pilatzea».

Innerarityren ustez, «zauri bat» ari da zabaltzen militanteen eta alderdietako egituren artean. «Politikari batzuek botere sena garatu dute, eta ez dute sentsibilitaterik izan aldaketetara egokitzeko. Baina, era berean, arriskutsua izan daiteke esperientzia ez dutenengan uztea gidaritza». Filosofoak gogoratu duenez, eztabaida zaharra da hori, eta inork ez du soluziorik topatu oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.