Agintaldi erdia betetzerako kargua utziko duela iragarri du Nagua Alba EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak (Donostia, 1990). Iazko martxoan aukeratu zuten 2019ra arte alderdia zuzentzeko, baina, urtea amaitzerako, beste norbaiten esku utziko du Ahal Dugu-ren lema Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Podemosen Vista Alegre II kongresuaren eta EAEko zirkulu batzuen eskaeren ondoren hartu du erabakia: batzar politikoa egingo dute aurrena, «analisi eta bide orri politikoa modu parte hartzailean eta sakon berritzeko», eta, primarioen bidez, zuzendaritza berria aukeratuko dute gero, «urte amaieran».
Hauteskunde zikloak ezarritako denborak aipatu ditu Albak azalpen modura, Gasteizen, EAEko Hiritar Kontseiluaren bileraren ostean egindako agerraldian. «[Barne prozesua] Orain egingo ez bagenu, 2018 erdialdean Batzar Hiritarrak [alderdiaren batzar nagusia da] eta udal eta foru bozetarako prozesuak bat egingo lukete. Hori aukerarik txarrena zela uste dugu. Orain eginda, Euskadiko Ahal Dugu indartuta aterako da, eta zuzendaritza berriak behar adina tarte izango du udal eta foru mailako faseari ekiteko».
2014ko Europako Parlamenturako bozetara aurkeztu zenetik, erakunde guztietarako hauteskundeetan aurkeztu ditu zerrendak Ahal Dugu-k, udaletan izan ezik. Albaren aurreko idazkari nagusi Roberto Iriartek 2015eko azaroan eman zuen dimisioa, Espainaiko Kongresurako hauteskundeen atarian. Madrilgo zuzendaritzari konfiantza falta egotzi zion erabakia, baina Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere bazituen aurkariak. Albaren kasuan ere bi faktoreek eragin dutela dirudi: Madrilek, eta bertakoek.
Podemosek otsailean egin zuen Vista Alegre II kongresua, eta modu nabarmenean azaleratu ziren alderdiko bi sortzaile nagusien arteko desadostasunak. Pablo Iglesias batetik, Iñigo Errejon bestetik. Madrilen ikasten ari zela, Albak gertutik ezagutu zuen Podemos eratzeko prozesua —Herritar Kontseiluko kide ere izan zen—, eta Errejonen aldeko jarrera agertu zuen otsaileko kongresuan. «Euskadiko Ahal Dugu-ren proposamenak bere egin dituen bakarra Iñigo Errejonen proiektua da», esan zuen, esaterako, Info 7 irratian. Alderdia «askoz deszentralizatuago» bihurtzeaz ari zen, besteak beste.
Kritikak, apiriletik
Vista Alegren, ordea, Pablo Iglesiasen proiektua atera zen garaile, eta haren ingurukoak pisu gehiago hartuz joan dira Podemosen egituretan. Apirilean, EAEko Ahal Dugu-ko zuzendaritzako kide Patricia Insuak dimititu egin zuen—Uriarteren ildokoa zen—, eta, besteak beste, alderdia «egoera berrira egokitu» beharra aipatu zuen. Hau da, Iglesiasen proiektura egokitu beharra. «Ez dut funtzionamendu aldaketarik ikusi», kritikatu zuen Eldiario.es-era bidalitako gutunean.
Egunotan azkartu da guztia. Astelehenean, EAEko hamazazpi zirkuluk —maila lokaleko taldeen %38k— batzar nagusira deitzeko eskatu zuten: Donostiakoak, Errenteriakoak, Irungoak, Barakaldokoak, Gasteiz iparraldekoak... Denetan ez dira nagusi ildo berekoak, bakoitzak arrazoi ezberdinak izan ditzake eskari horretara batzeko. Baina Bilboko bi zirkuluk —erdialdekoak eta hegoaldekoak— behintzat zehaztu zuten EAEko Ahal Dugu Vista Alegren garaile irtendako proiektura egokitu beharra, eta premia hori agertu dute alderdia «birfundatzeko» eskatu duten Bizkaiko 170 militanteek ere.
Eldiario.es-en arabera, batzar nagusira deitzeko eskatu zuten militante horiek; zehaztu zuten ez dutela zuzendaritzarekiko «konfrontazioa» bilatzen, alderdiari buruzko «benetako eztabaida ireki» bat egin ahal izatea baizik. Albaren taldeak aurreikusia zuen batzar politikoa urrian egitea, baina espero ez zena zen zuzendaritza berritzeko batzar nagusia iragartzea haren osterako.
Hala egin zuen atzo Albak berak, Hiritar Kontseiluaren bileraren ondorengo agerraldian. Kargua hartu zuenetik, hainbat lanetan aritu direla azaldu zuen; besteak beste, Eusko Legebiltzarreko lanera egokitzen, «barne komunikaziorako protokoloak» ezartzen eta antolakuntza egiturak udalerrietara zabaltzen. Alba: «Orain, duela bi urte baino prestatuago gaude. Eta datozen bi urteetan askoz ere prestatuago egongo gara Euskadiko udalerri eta eskualde guztietan».
Nafarroan, emaitza estua
2014tik honako bozei begiratuz gero, askok espero gabeko emaitzekin, indartsu sartu da Ahal Dugu Hego Euskal Herrian. Oraindik, ordea, indar berria da, eta falta zaio, besteak beste, maila lokalean egituratu eta egonkortasun bat eskuratzea. Nafarroan, esaterako, maiatzean bukatu zuten primarioen prozesua, eta estua izan zen emaitza: 595 boto (%45,5) jaso zituen Eduardo Santosek, eta 567k (%43,4) Laura Perezek.
Primarioak aurreratu, eta idazkaritza nagusia utziko duela iragarri du Albak
Batzar nagusia egingo du EAEko Ahal Dugu-k «urte amaieran», zuzendaritza berria aukeratzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zirkuluen %38k eskatu zuten batzarra, alderdia «berrasmatzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu