Aitor Telleria jeltzalearen eta bi ertzainen aurka Arabako epaitegian egiten ari den ahozko saioan lekuko gisa aritu zen atzo Txarli Prieto Arabako PSE-EEko idazkari nagusia, besteak beste, eta azaldu zuen bere bizkartzainek zelatatu egiten zutela jakin zuela. Prietoren esanetan, bere eta PSEko beste kide batzuren bizitza pribatuko informazio zehatzak biltzen zituzten bizkartzainek, eta hori Eusko Jaurlaritzaren aginduz egiten zuten. Prietoren testigantzaren arabera, 2007. urte inguruan izan zuen gertaera horien berri, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen garaian.
PSEko buruzagiak azaldu duenez, bizkartzainek beraiek kontatu zioten zelatatzen aritzen zirela. Enpresa pribatu batetakoak ziren bizkartzainak, eta, lekukoak azaldu duenez, Herrizaingo Sailak «agintzen» zien oso zehatzak diren datu horien berri emateko. Informazio haiek segurtasun eremua gainditzen zutela adierazi du, eta maitalerik bazuen ere galdetu ziotela, esate baterako.
Beste lekuko batek, aldiz, Ertzaintzaren eta CNI ikerketa zentroaren artean «kromo trukea» egiten aritu zela azaldu zuen. Zehazki, ETAren aurkako borrokan aritzen zen Ertzaintzaren informazio unitatearen eta Espainiako zerbitzu sekretuaren arteko «truke batzuk» egin zituela, «haien arteko harremana oso zaila zelako politikoki».
Jesus Maria Fernandez Benitok esan du hori, Reales Tercios de España elkarteko kide dela aitortuta. «Koroari erabateko fideltasuna» dion taldetzat du bere burua elkarteak. Lekukoaren esanetan, «lagun onak» ditu CNIn eta horregatik egin zituen informazio trukerako lan haiek.
Prietok dio bizkartzainek zelatatu egin zutela Jaurlaritzaren aginduz
Arabako espioitza kasuari buruzko epaiketan lekuko gisa deklaratu du Arabako PSE-EEko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu