Prieto: «Arabak EAJ zigortzen ez badu, gaixo dagoela erakutsiko du gizarteak»

Arabako ahaldun nagusi gisa ikusten du bere burua, eta, horretarako, akordioak edonorekin egiteko prest azaldu da

Erredakzioa
Bilbo
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
PSE-EEren Arabako idazkari nagusi Txarli Prietoren ustez, datozen hauteskundeetan «Arabak ez badu EAJ zigortzen egin dituen botere abusuengatik, gaixo dagoen gizartea dela erakutsiko du». Maiatzeko foru hauteskundeetan Arabako ahaldun nagusi izateko hautagaia da Prieto, eta seguru dago postua lortuko duela. Horretarako, edonorekin akordioak egiteko prest agertu da, EAJrekin ere bai.

Hala ere, EAJ izan du jomuga nagusi Prietok, Forum Europa eztabaidarako guneak Bilbon antolatutako gosari hitzaldian. Zanbrana auzia hartu du hizpide EAJren aurka egiteko: «Oso datu larriak daude mahai gainean, eta frogatu da politika erabili dela botere gehiegikeriaz aritzeko zein EAJrekin lotutako hainbat gizon eta emakumeren onurarako; horrek kostua ekarri behar dio EAJri».

Alderdi jeltzaleko Arabako hainbat buruzagi ohi espioitza politikoa egiteagatik eta eroskerian aritzeagatik auzipetuta dauzkan kasutik tira eginda sortu da Zanbrana auzia; hirigintzarekin zerikusia duen atala da. Zanbrana herriko lur batzuk bidegabeki berkalifikatzen saiatu izana egotzi diete EAJrekin lotura duten hainbat pertsonari, eta Arabako Batzar Nagusietako ikerketa batzordeak hiru hilabetez aztertu du irregulartasunak agerian utzi dituen gaia.

Auzi hori dela eta, arabarrek EAJ zigortu egin behar dutela uste du PSE-EEko buruzagiak. Hala ere, gai hori bere alderdiak alderdi jeltzalearekin dituen harremanetatik bereizi egin behar dela dio. Areago, «hauteskunde emaitzek EAJrekin Arabako Foru Aldundiari buruz negoziatzea ahalbidetzen badute», hala egitea ez duela baztertzen adierazi du. «Instituzioak desegonkortu ez daitezen» egingo lituzke akordioak PSE-EEk EAJrekin, Prietoren hitzetan.

Hurrengo legegintzaldian Arabako ahaldun nagusi izango den esperantza plazaratu du Prietok. Horretarako, programetan bat datozen edozein alderdirekin akordioak egiteko «erabat zabalik» dagoela adierazi du. Hortaz, ez dela PSE-EEk beste alor batzuetan dituen itunen «gatibu» izango esan du, PPrekiko loturei buruz ari dela. Bi alderdi horien arteko akordioa Eusko Jaurlaritzara mugatu zela ohartarazi du.

Arabako ahaldun nagusiaren lekuan jarrita, zer aldarrikatuko lukeen ere argitu du Prietok: inbertsio estrategiko gehiago eskatuko lituzke, baina «Bizkai eta Gipuzkoarekin dagoen auzokide harreman txarra desagerrarazten saiatuta».

«Araba beti izaten da hiruretan azkena inbertsioak jasotzen», salatu du. «San Mames Barria eta horrelako proiektuak finantzatzeko dirua egoten da, baina Arabako proiektuak sustatzeko ez». Patxi Lopez lehendakariak hartu du Prieto aurkezteko lana, eta Araba modernizatzen laguntzeko «apustu estrategikoak» egiteko konpromisoa hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.