Gutun bat jaso zuen otsailean Javier Arrieta bilbotarrak. Posta arruntez igorritako agiria zen; ez burofaxa, ez eskutitz ziurtatua. Bilboko abokatu bulego baten zigilua zeraman, eta «mehatxuzko tonua» zuela iruditu zitzaion Arrietari: «150 euro eskatzen zizkidan, haren esanetan pelikula bat deskargatu eta partekatu nuelako, eta egile eskubideak urratu nituelako». Abokatuaren gutunean azaltzen zenez, auzia «era adiskidetsuan» konpontzeko bide bakarra zen hori: «Ohartarazi zidan bost egunen buruan ordaintzeari uko eginez gero auzitegian salaketa aurkeztuko zuela nire aurka».
Arrietarena ez da kasu bakarra. Azken hilabeteetan, Euskal Herriko ehunka Internet erabiltzailek jaso dituzte antzeko eskutitzak. Denek dute ezaugarri komun bat: wifi zerbitzua Euskaltel enpresarekin kontratatua dute. Guztiei leporatzen diete pelikularen bat edota telesailen bat deskargatu eta P2P programen bidez partekatu izana —Bittorrent, Ares, Utorrent eta horrelako programak, artxiboak jaitsi eta partekatzeko erabiltzen direnak—.
Oraingoz, bi abokatu bulegotatik heldu dira gutunak: Bilboko bat eta Alacanteko (Herrialde Katalanak) beste bat. Pelikulen eta telesailen ekoiztetxeen izenean ari direla diote, eta hamar bat film eta pare bat serie dira ustez legez kanpo deskargatu eta zabaldu direnak: Once Upon A Time In Venice, Lady Bloodfight, A Family Man, I Feel Pretty, Colossal, Status Update, Singularity, Beast Of Burden, The Titan eta Wind River, besteak beste. «Ez dira sona edo arrakasta handiko pelikulak, inondik inora», dio Arrietak: «Deskargatu dudala dioten film hori bera, The Titan, ez nuen inoiz aditua, abokatu horren gutuna jaso nuen arte».
Gutunez gain, salaketak ere jarri dituzte film ekoiztetxeek, eta batzuek bidea egin dute auzitegietan. Ekainaren 28an, esaterako, Bilboko Merkataritza arloko 2. epaitegiak atzera bota zuen Euskaltelen erabiltzaile baten kontrako salaketa. Ekoiztetxeak leporatu zion Lady Bloodfight pelikula deskargatu eta partekatu izana Euskalteleko router gailu baten bidez. Epailearen aburuz, ordea, salatzaileak ez zuen «ahalegin txikiena ere egin erreklamatzen duen diru kopurua [150 euro] justifikatzeko». Hortaz, erabiltzailea absolbitu egin zuen.
Ekoiztetxeek Euskaltelen router gailuen IP helbidea erabiltzen dute froga modura. Zenbaki hori erregistratuta gelditzen da, baina informazio konfidentziala da, eta konpainiek ezin dituzte datu horiek eman, epaile baten aginduz ez bada.
Kasu honetan, Euskaltelek bere erabiltzaileen IP helbideak Bilboko 2. Merkataritza epaitegiari eman zizkion, epaileak hala aginduta.
Abokatuen eskutitza jasota, erabiltzaile ugarik nahiago izaten dute auzia errotik moztu, xantaiari men eginez, auzitara ez iristeko: «Askok nahiago izan dute dirua ordaindu, korapilo juridikoa saiheste aldera, baina guk ez dugu estortsio mota hori onartu nahi», azaldu du Arrietak. Ekoiztetxe eta abokatuei egozten die «teknika mafiosoak» erabili izana: «Eskutitza bidali ostean ere, behin eta berriro deitzen dute telefonoz, pagatu behar dugula esanez».
Indarrak batu eta erantzun kolektiboa emateko, plataformabat sortu dute Euskaltelen erabiltzaileek. Helbide elektroniko bat ere badute, gutuna jaso dutenak haiekin harremanetan jartzeko: [email protected]. David Maeztu abokatu errioxarrak, zeina pribatutasun digitalaren esparruan aditua baita, doan eskaini dizkie aholkularitza eta defentsa juridikoa. Argi dute lehen urratsa: «Ez dugu ordainduko. Finean, haiei interesatzen zaiena ez da epaiketara iristea, jendeak aurretik pagatzea baizik».
Euskaltelen jarrera, auzitan
Euskaltelek ere esku hartu du auzian: gutunak igorri dituzten ekoiztetxeetako baten aurkako salaketa jarri du Datuak Babesteko Espainiako Agentzian, pribatutasunari buruzko araudia urratu duelakoan. Zehazki, Venice PI enpresa salatu du: «Erabiltzaileen datuak epailearen esku egonda ere, ekoiztetxea ez da libre datu horiekin zer egin erabakitzeko».
Euskaltelek ohar batean gaineratu du ez dituela bezeroen datuak bere borondatez eman: «Informazioa entregatu dugu soilik auzitegiek hala eskatutakoan. Ez dugu baloraziorik egiten erabiltzaileek egindako deskargen zilegitasunari buruz».
Plataformako kideek, ordea, gogor kritikatu dute Euskaltelen jokabidea, uste baitute «xantaiaren aurrean babesgabe» utzi dituela. «Beste konpainia batzuek, antzeko salaketen aurrean, uko egin diote informazio hori emateari; behar bezala defenditu dituzte bezeroen eskubideak, eta auzia Europako Batasuneko Justizia Auzitegira eraman dute», azaldu du Arrietak. Euskaltelek jarritako salaketa, berriz, «aurpegia zuritzeko estrategia bat» dela uste du: «Polemika piztu denean jo dute Datuak Babesteko Espainiako Agentziara, baina horrek ez du eraginik izango. Laguntza eman nahi badute, jar daitezela gurekin harremanetan, eta lagundu gaitzatela auzitegietan».
Pribatutasun digitala, biluzik
Euskaltelen ehunka bezerok gutun bat jaso dute azkenaldian: abokatu batek dirua eskatzen die, filmak partekatzeagatik. Konpainiak «babesgabe» utzi dituela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu