Pribatizaziorik gabeko eta lehen arretan oinarritutako osasun publiko bat eskatu dute plataformek

OPA Osasun Publikoaren Aldeko plataformek batzarra egin dute Altsasun. Osasun publikoak izan beharko lituzkeen ildo estrategikoak lantzen hasi dira.

OPA plataformen batzarra, Altsasun. OPA
OPA plataformen batzarra, Altsasun. OPA
jakes goikoetxea
2025eko martxoaren 22a
18:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Pribatizaziorik gabea; kolaborazio publiko-pribaturik gabea; unibertsala, irisgarria eta duina; eta lehen arretan oinarritua. OPA Osasun Publikoaren Aldeko plataformak osasun publikoak izan beharko lituzkeen ildo estrategikoak lantzen hasi dira, eta oinarri horiek ezarri dituzte.

OPA Osasun Publikoaren Aldeko plataformen koordinakundeak laugarren batzarra egin du Altsasun (Nafarroa), urteotako balantzea egiteko eta osasun sistema publikoaren eredua osatzen hasteko. Hamabost plataformatako berrogei bat ordezkari bildu dira: Barakaldo eta Durangokoak (Bizkaia), Errenteria eta Lasarte-Oriakoak (Gipuzkoa), Altsasukoa, Donostiakoa, Gasteizkoa... Nafarroako Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformak ere parte hartu du. Gaur egun hogei plataforma inguru dira Hego Euskal Herrian, baina gehiago sortzen ari dira auzoetan eta herrietan. 

«Jendea esnatu egin da, osasun sistema publikoaren errealitate gordina ikusita»

MIREIA SAIZ OPA plataformetako bozeramailea

Pozik daude orain arte egindako bidearekin, gero eta gehiago direlako, gero eta indartsuagoak direlako eta gero eta antolatuago daudelako. Osasun publikoaren egoerak herritarrengan eragiten duen kezkaren eta osasun publikoaren alde mobilizatzeko jarreraren isla dela uste du Mireia Saizek, OPA herri plataformetako bozeramaileak. Erreferentzia soziala eta politikoa bihurtu direla gaineratu du, gaitasuna izan dutelako herritarren kezkak kalera ateratzeko.

Osasun publikoaren egoerak kalera ateratzera bultzatu ditu herritarrak, Saizen iritziz: «Jendeak egunero bizitzen eta ikusten du: gero eta zailagoa da osasun zentroetan aurrez aurreko hitzorduak lortzea, eta gero eta murrizketa gehiago daude. Jendea esnatu egin da, osasun sistema publikoaren errealitate gordina ikusita». Horrela sortu ziren plataformak auzoetan eta herrietan. Osasun publikoa oinarrizko eskubidea dela gogoratu du, herritar guztiei dagokiena eta eragiten diena. Batzarrean, hain zuzen, ondorioztatu dute oso garrantzitsua dela auzoetako eta herrietako arazo zehatzei aurre egiteko mobilizatzea, «egoera horiek ikusarazteko».

Osasun itunaren kontra

Osasun publikoaren eredua lantzen eta definitzen hasi dira gaur, «gizarte eta plataforma gisa». Oinarri bat izango luke: pribatizaziorik ez. «Ez ditugu onartzen», baieztatu du. Zergatik? «Osasun publikoa desegitea bultzatzeko balio dutelako, eta osasungintza pribatua sustatzeko».

Eusko Jaurlaritzak prozesu bat abiatu du etorkizuneko osasun publikoari buruzko itun bat lortzeko. Plataformak prozesu horretatik kanpo daude, eta prozesua Eusko Jaurlaritzaren «marketin estrategia» bat dela salatu dute, «jendea desmobilizatzeko edo, gutxienez, horretan saiatzeko». «Baina ez dute lortu», ondorioztatu du Saizek. Ez dute uste itunak osasun publikoaren egoera konponduko duenik. «Benetako konponbideak» eskatu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.