Denboralea erasaten ari da Euskal Herrian, eta euri jasengatik eta marea biziengatik zenbait arazo sortzen ari dira Euskal Herrian. Esaterako, errepide batzuk itxita daude Nafarroan, eta argirik gabe daude Deban (Gipuzkoa). Iruñean, euri jasa handiak izan dira: atzo gauetik 130 mm bota ditu.
Horrenbestez, historikoak izan dira Iruñeko prezipitazioak. Izan ere, gainditu egin ditu 1961eko uztailaren 24ko eta 1989ko abuztuaren 4ko eta 5eko erregistroak. Hain zuzen, 115,5 mm eta 126,4 mm bota zituen orduan, hurrenez hurren. Aemeten arabera, gaurkoaren antzeko erregistro bakarra dago: 1975eko urriaren 17an eta 18an 150 mm bota zituen. Ekaitzak ere gogor jo du: atzo 20.000 tximista erregistratu zituzten.
Eguraldi horrek gorabehera batzuk eragin ditu. Deban argirik gabe geratu dira 590 bezero inguru; erdiek berreskuratu dute argindarra, eta espero dute gainerakoei «datozen orduetan» konpontzea arazoa. Nafarroan, berriz, NA-134 errepidea itxita egon da Mendabiatik Lodosara; orain, txandaka ari dira ibilgailuei pasatzen uzten. Gainera, Lodosan itxita dago AP-68 errepidera sartzeko biribilgunea, eta NA-6241 errepideko laugarren kilometroan, Sesmarako noranzkoan, lerro bat itxita dago.