«Ez dut inoiz emandako agindua ulertu. Aukerarik txarrena izan zen». Horixe erran du Prestige-ko kapitain Apostolos Mangourasek Espainiako Gobernuak ontzia itsasertzetik urruntzeko hartutako erabakiari buruz. Mangourasek Espainiako agintariei egotzi die isuria zabaldu izanaren ardura: «Ontzia kostaldetik urrundu izan ez balute, kutsadurak ez luke 3.000 kilometroko esparrua hartu izanen».
Mangourasek atzo bukatu zuen epailearen aurreko deklarazioa Prestigeauziko epaiketaren harira. Kapitaina da akusatu nagusia, eta harentzat hamabi urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak. Bere abokatuaren galderen harira, Mangourasek erran du Prestige «ontzi ona» zela, eta ukatu du egoera kaskarrean zegoela. «Ez zen ur gaineko txatarra, akusazioak erran duen bezala», erantsi du.
Kapitainak gehiago erran du: «Babesleku batera eramatea lortu izan bagenu, ontzia salbatzeko aukera bazegoen». Istripua zehazki zerk eragin zuen ez dakiela berretsi du Mangourasek. Akaso eguraldiaren ondorioz edo objekturen batekin talka egin eta gero gertatu zela erran du. Auzian aurkeztutako frogen arabera, ontziaren egoera kaskarrak eragin zuen istripua.
'Prestige'-ren isuria Espainiari egotzi dio kapitainak
Ontzia itsasertzetik urruntzea har zitekeen «erabakirik txarrena» zela esan du kapitainak epailearen aurrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu