'Prestige'-ren auzian 1.500 milioiren kalte ordainak ezarri dituzte

Langile batzuk, fuel olioa kentzen, euskal kostaldean, 2003an. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
jokin sagarzazu
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Prestige ontziaren hondoratzeari buruzko auzibide zibila amaitu du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta hondamendi ekologikoak eragindako kalte-ordainen zenbatekoa zehaztu du: 1.500 milioi euro. 2016ko urtarrilean auzitegi horrek berak kaleratu zuen zigor auzibideko epaian ez zuen kalte-ordainik zehaztu, baina kopuru hori 513 milioi eurorena izan zitekeela kalkulatu zuen.

Kopuru hori hirukoiztu egin du. Gorenak oinarri gisa hartu du erantzukizun zibilei buruz Coruñako Probintzia Auzitegiak (Galizia) 2017an kaleratutako auto bat; han epaitu zuten lehengo aldiz auzia. Horren arabera, zigor auzibidean ez ziren aintzat hartu aseguruen partzuergoaren txostenaren «froga tekniko batzuk».

1.500 milioi euroak Espainiako Gobernuaren, Galiziakoaren eta 269 kalteturen artean banatuko dituzte. Diruaren zatirik handiena Prestige ontziko aseguru etxeak eman beharko du: 900 milioi euro inguru. Fiskaltzak 4.442 milioiren kalte-ordainak eskatu zituen.

2002ko azaroaren 19an ondoratu zen ontzia Galiziako kostalde parean, egun batzuk noraezean eman ondoren. Bi zatitan puskatu zen, eta barruan zituen 63.000 tona fuel itsasoak barreiatu zituen, eta Galizian eta Bizkaiko golkoan inoiz izandako hondamendi ekologikorik handiena eragin. Liberiakoa zen petroliontzia, baina Bahametako bandera zeraman.

Bi urteko zigorra kapitainari

Gorenaren arabera, hondamendiaren arduradun nagusiak dira The London Steam Owners Insurance Association eta ontziko kapitain Apostolos Mangouras—bi urteko espetxe zigorra jarri zion Gorenak 2016ko urtarrilean; espetxe zigorra jaso duen bakarra da Mangouras—. Aldi berean, auzitegiak arduradun subsidiariotzat jo ditu Mare Shiping ontziaren jabea eta hidrokarburoetako kutsaduren kalteei aurre egiteko nazioarteko funtsak. Erantzuleek agindutako kopuruak emango ez balituzte, aldeek aukera izango dute Erresuma Batuko justiziaren aurrean babesa eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.