Hizkuntza ohituretan aldaketa bat egiteko orduan emozioak lantzea «oso lagungarria» dela iruditzen zaio Ainhoa Lasa Agirreri (Lovaina, Flandria, 1976). «Batzuetan, deseroso sentitzen gara aurreiritziak ditugulako, eta, bestetan, gure portaerek solaskideen emozioetan eragiten dutelako eta transmititu egiten dizkigutelako». Emun kooperatibako aholkularia da, «coach soziolinguistikoa», eta portaeretan eragiteko, hausnarketarako tailerrak antolatzen ditu, esaterako. Nabarmendu du geroz eta gehiago direla euskara planak egiten dituzten entitateak.
Euskara planak egiten dituzue enpresentzat. Zein da euskararen erabilerari dagokionez lantegietan nabaritzen duzuen gabeziarik handiena?
Esango nuke gabezia-gabeziarik ez dagoela. Errealitate bat dago, eta, errealitate hori aldatu nahi dutenez, bada aldatu ahal izateko sistematizazio baten behar bat-edo dago. Igual falta zaie hori antolatzea. Sistematizatzea esan dut, aurrerapausoak eman ahal izateko, denboran iraunkorrak izateko, ohitura berriak sortzeko... Kultura berri batera jauzi egin nahi duzunean, horretarako prestatu behar duzu, baliabideak eskaini, baina, agian, ez dituzu ezagutzen... Uste dut azkenean dela nola egin modu iraunkor batean mantendu ahal izateko.
Prozesua sistematizatzea eta irautea?
Sistematizatzea aldaketak iraunkorrak izan daitezen. Batzuetan esan dezakezu: «Justu lantalde guztia euskalduna gara». Bai, orduan euskaraz egiten duzu, baina nahikoa da aldaketa bat izatea hori aldatzeko. Hori sistematizatuta balego, kudeaketan txertatuta, igual iraunkorra litzateke aldez aurretik egindako aldaketa, eta konponbide berriak lortuko lirateke egoera berrirako.
Aldaketak planifikatzen dituzue enpresen hizkuntza ohituretan eragiteko, eta helburuak jartzen dituzue. Zer lehenesten duzue horietan?
Pertsonak lehenesten ditugu. Erdigunean jartzen ditugu; besteak beste, haiek osatzen dutelako erakundea eta pertsonek egin behar dituztelako aldaketak. Zer da erdigunean jartzea? Parte hartu ahal izateko bideak bilatzea, eroso sentitzen laguntzeko egoera berriak sortzea... Hau da, aldaketa egin ahal izateko baliabideak ematea. Helburuek, gainera, lorgarriak izan behar dute, eta, ahal bada, motibagarriak.
Motibazioa da gakoetako bat?
Dudarik gabe. Motibazioa lantzea da, kasu honetan, soziolinguistikaren gaineko ezagutza ematea, plan batek nola funtzionatzen duen azaltzea, plaza ezagutzea, zein aldaketa ekarriko dituen... Beharra ere bada motibazio iturri bat. Bizitzan, azkenean, gauza gehienak beharragatik egiten ditugu.
Erresistentziekin topo egin al duzue?
Erresistentziak hasieran egoten dira, baina edozein aldaketaren aurrean. Ohitura aldatzea eskatzen digutenean, askotan, iragartzen denetik, erresistentziak dira batzuentzat, eta ilusioak beste batzuentzat. Esango nuke maila berean daudela. Enpresetara-eta joaten garenean, denetarikdago. Halere, nik dakidala, sekula ez dira izan oztopo bat planbat aurrera eramateko. Erresistentziak dira kudeatu behar dituzun gauza batzuk. Erresistentziak, azkenean, beldurrak ere badira,
Aldaketek beldurra eragin dezakete.
Eragin dezakete, bai. Erresistentziak dira geure buruak babesteko moduak. Erresistentziek esaten digute: «Ni ondo nago hemen. Ez nazazu askorik mugitu, ez dakidalako nola egongo naizen agertoki berri batean». Kontua da enpresa batean bakoitza leku desberdin batean dagoela, guk nahi dugun agertoki berrirako. Erresistentziak arintzeko gakoetako bat bada plan batean erakustea jende guztiak duela ekarpena egiteko aukera.
Hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa bat edo egitasmo bat gatazka iturri izan al daiteke enpresa batean?
Nik ez dut gatazkarik eduki. Deserosotasunak bai, noski. Baina izan daiteke lotsagatik, beldurragatik... Kultura aldaketa batek zeure barrenak ere astintzen ditu. Agertoki berria ezagutu arte eta ohitura berriak eraiki arte, ezjakintasun horrek deserosotasuna sor dezake. Agertoki berrian zuretzat ere lekua egongo dela ikusten duzunean, gainera, bakea ere badator, beraz...
Portaeretan eragin ahal izateko metodoak zeren arabera aldatzen dira? Enpresa moldeak badu zerikusirik?
Enpresa moldearen arabera baino gehiago, egitekoaren arabera. Adibidez, enpresa barruko jendearentzat ez da gauza bera makina baten aurrean bakarrik egotea, edo eguna bileraz bilera pasatzea. Zein herritan zauden, zein espazio soziolinguistikotan, horrek ere eragin izugarria du. Azkenean, pentsaera diferentea delako, hiztun masak ez direlako igualak... Inportantea da, gainera, zer forotan elkartzen diren. Horrek denak eragiten du.
Beste inoiz esan izan duzu hizkuntza ohiturak aldatu daitezkeela. Horretarako gakoen artean zein nabarmenduko zenuke?
Gogoa, motibazioa eta beharra. Urratsa egin ahal izateko beharrezko ditugu, eta, ziurrenik, aldaketa egingo dugu. Baina lehen esan bezala, aldaketak iraunkorrak izan daitezen eta aldaketak errepikatzeko, gure pentsamenduetan arreta jarri behar dugu, emozioak zainduz eta gure jokabide arrakastatsuak identifikatuz. Aldaketak nola egiten ditugun konturatzen bagara, eta aldaketa horietan gure baitan gertatzen direnak ikustekogai bagara, aldaketa berriei aurrea hartzeko moduan egongo gara. Nekea datorrenerako konponbideak bilatzen ere trebatuko gara.
Hizkuntza batean edo bestean egin aukeratzen ari gara, eta aukera batek edo besteak sorraraziko digunak erabakian eragiten du, izan kontziente zein ez. Eta, nola ez, aldaketa gerta dadin, aldaketa egiten utziko edo lagunduko duen taldean aritzea ere oso garrantzitsua da.
Ba al da erreferentziazko adibiderik aldaketa horretarako?
Egia esan, erreferentzia asko Euskal Herrian ditugu. Urtero etortzen dira hainbat herrialdetatik gure lana ezagutzera, lan munduan eragiteko gure esperientzia eta metodologiak ezagutzera. Beste herrialdeetatik ere edaten dugu, noski; hainbat hizkuntza gutxitutako esperientziak biltzen saiatzen gara, eta izaten dira trukerako plazak. Batetik ikasi, garatu, erakutsi, eta proba berriak egiten saiatzen gara. Etengabeko garapena eta berritzea eskatzen duen arloa da, eta egunean egunekora eta erakunde bakoitzaren beharretara egokitu behar duzu.
Bihar: Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendaria.
Etxealditik Euskaraldira (XI). Lan esparrua. Ainhoa Lasa Agirre. Emun kooperatibako aholkularia
«Prestatu egin behar duzu kultura berri batera jauzi egitean»
Besteak beste, enpresen euskara planen aholkulari da Lasa. Pertsona erdigunean jarriz, motibazioa eta beharra ditu aldaketaren gakotzat. Prozesuan irauteko, norberaren pentsamenduetan arreta jartzera deitu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu