Eduardo Madina

Prest ikusi du bere burua

«Pausoa eman» eta PSOEko idazkari nagusi izateko hautagaitza aurkeztu du Madinak. Espainiak «modernitate shock bat» behar duela dio. Federalista dela aitortu izan du, besteren artean.

enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Duela lau urte, Eduardo Madinak (Bilbo, 1976) aitortu zuen ez zuela bere burua «sekula» prest ikusiko Espainiako gobernuburu izateko. Iaz, «animo aldetik nola zauden izaten da», zioen. Animoso dagoela dirudi, Espainiako presidentegai izateko, bederen, lehen pausoa egin baitu, PSOEko idazkari nagusi kargurako hautagaitza aurkeztu duelako —han idazkari nagusia izan ohi da gobernuko presidentegai—. Senatuan eman du erabakiaren berri, Ramon Rubial PSOEko buruzagi historikoaren bustoaren ondoan.

«Modernitate shock bat behar du Espainiak», esan du aurkezpenean. Horixe izan da aipurik aipagarriena. Besteak: «alderdi politikoek ireki» beharra dutela, «instituzioen gardentasuna», Mariano Rajoy gobernuburuaren politika sozialen aurkako salaketa, «bizikidetza»... Bestelako zerga sistema bat eta aurrekontu lehentasunak nahi ditu, aurretik esanda dagoenez.

Ez da elkarrizketa eman zalea. Baina mintzatu denean mamirik eskaini izan du hark, edo haren taldeak. 1999an, PSE-EEko gazte taldea, hura Politika Instituzionaleko idazkaria zenean, euskal presoak gerturatzearen alde eta herri kontsultak arautzearen alde agertu zen. 2009an, ETArekin elkarrizketak izatearen alde agertu zen Madina: «Indarkeriazko gatazka guztien konponbiderako tresna da hitza. Horretan sinisten segitzen dut. Baina badirudi, azken bake prozesuagatik, ETAk ez duela nahi hitz egiterik».

«Federalista eta errepublikanoa naiz», aitortu zuen azaroan. Eta: «Gehiago naiz legeztatzearen aldekoa, ilegalizatzearen aldekoa baino». «Gaurko munduaren konplexutasunari gehiago interpretatuz egin behar zaio aurre»; hori ere adierazi zuen.

2002ko otsailaren 19an ETAk haren aurkako atentatu bat egin zuen, Trapagaranen, auto azpian bonba bat jarrita. Belaunetik behera ezkerreko hanka galdu zuen Madinak. 26 urte zituen. «Gure familia tristeziaren itzal batek inguratu zuen», azaldu zuen epaiketan. Ama atentatutik hamar hilabetera hil zitzaion, bihotzekoak jota; heriotza otsaileko erasoarekin lotu zuen politikariak. «Baina atentatuak gorrototik blindatu ninduen», aitortu izan du.

Euskal abertzaleekin akordioak egitearen aldekoa da, bainabereizi egiten ditu «abertzaletasun zibiko, ireki eta positiboa» eta Juan Jose Ibarretxeren «abertzaletasun etnikoa». Duela bost urteko esaldia da.

«Enigma batean babestuta»

Bere alderdia du kezka aspaldian. «Pausoa eman» eta PSOE zuzendu nahi du. Barruan ez ditu guztiak zaleak; «enigma batean babestuta» egotea egozten diote batzuek. Datorren hilean ikusiko da gehiengoaren babesa daukan; PSOEk uztailaren 26an eta 27an egingo du ezohiko kongresua. Gaurko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabak Europako hauteskundeen ostean iragarri zuen utzi egingo duela kargua —bederatzi diputatu galdu zituzten bozetan—. Madinak esan zuen idazkari nagusia hautatzeko PSOEko afiliatu denen iritzia hartu behar dela kontuan —197.000 inguru dira—, ez soilik kongresuan parte hartuko duten mila ordezkariena. Zuzendaritzak onartu egin zuen eskaera. Uztailaren 13an, afiliatuek botoa emango dute. Emaitza ez da biltzarrerako erabakigarria izango, baina zuzendaritzak esan du aintzat hartuko dela. Oraingoz, lau aurkari ditu Madinak: Pedro Sanchez, Jose Antonio Perez Tapias, Alberto Sotillos eta Manuel Perez Garcia.

2004tik Espainiako diputatua da, eta duela bost urtetik, talde parlamentarioaren idazkari nagusia. 1999-2001ean Sestaoko zinegotzia izan zen; 2002-2005ean, PSEko gazte taldearen idazkari nagusia. Laster, PSOEko buru?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.