Koronabirusa. Koldo Tellitu. Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Prest gaude, baina era egokian aritzeko baliabideen zain gaude»

Hiru lurralde administrazioren pean, ikasturtea hasteko egun gutxiren faltan, ziurgabetasuna nagusi da ikastoletan ere. Halere, Tellituk uste du ongi prestatuak direla: tokiko egoerei egokituz, eta «autonomiaz».

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maider Galardi
2020ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Hastera doa ikasturte berria, baina oraindik ez dago bide orri zehatzik hezkuntza arloan koronabirusak eragindako egoerari aurre egiteko. Ikastolen Elkartetik ere salatu dute informazio falta, baina Koldo Tellitu lehendakariak (Barakaldo, Bizkaia, 1966) azaldu du ikastolek hilabeteak daramatzatela lanean, egoerara «ahalik eta ondoen» egokitzeko. Gakoa erakundeek emango dituzten baliabideetan dagoela uste du Tellituk, eta, hain justu, lekuan lekuko testuingurura moldatzea «ezinbestekoa» dela dio. Izan ere, Ipar Euskal Herriko araudia, Nafarroako Gobernuaren proposamena eta EAEko Hezkuntza Sailak bihar aurkeztuko duena diferenteak dira.

Kurtsoa hasteko egun gutxi falta dira, eta egoera ziurgabea da. Nola ari da martxa hartzen Ikastolen Elkartea?

Prest gaude, eta ikastola guztietan bide orriak osatuta daude. Baina horiek modu eraginkorrean aurrera eramateko baliabide gehiago behar ditugu bost arlotan: ratioak murrizteko eta hezitzaile gehiago edukitzeko, baliabide teknologikoak izateko, euskararen erabilera eta normalizazioa bermatzeko, espazioak behar bezain garbi izateko eta ordezkapenak egin ahal izateko. Zer baliabide izango ditugun jakinda, ditugun planak eraginkorrak diren ala ez ikusiko dugu. Eta, noski, ikusi behar dugu zer osasun egoeratan egongo garen klaseak hasten direnean. Oraingoz, badirudi ez dela oso egoera normalizatua izango, eta zenbait herritan planteamendu mistoak ezarri beharko direla.

Ikastolek ratio handiagoak dituzte. Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du horren gainean ezer zehatzik esan, baina zuek itunpeko sistemaren parte zarete. Badago aukerarik irakasle gehiago kontratatzeko?

Batez beste, gure ratioa handiagoa da, baina ikastolaz ikastola aztertu behar da. Erantzun egokia emateko, ordea, talde txikiagoak egin behar dira, eta, hortaz, irakasle gehiago eduki. Horretarako baliabide gehigarrien zain gaude, eta ikusi behar dugu ea Jaurlaritzak baliabide horiek aurreikusten dituen eskola itunduentzat ere. Hala ez bada, beste modu batera antolatu beharko dugu.

Hiru administrazioen pean zaudete. Jarri dira erakundeak zuekin harremanetan kurtso hasiera koordinatzeko?

Ipar Euskal Herrian ez dugu baliabide gehigarririk. Egoera konplikatuena bertan izango da. Nafarroan badago planteamendu bat, baina zehaztu gabe dago ikastolentzat egongo ote den baliabide gehigarririk. EAEn egoera bitxi batean gaude: legealdi osoan harreman estua izan dugu Hezkuntza Sailarekin, baina orain ez dugu albisterik. Espero dugu aste honetan biltzea. Uztailean, elkartu ginenean, protokoloak mahai gainean zeuden, baina ordutik ez dugu berririk. Geure autonomia baliatu dugu planak osatzeko, baina egoera ez da batere erraza. Jaurlaritzako lehendakariak zer esango duen zain gaude. Nahiz eta berandu izan, oraindik garaiz egon gaitezke.

Ez al da berandu ikasle eta langileentzako sartze seguru bat bermatzeko?

Zalantza nagusia da ea baliabideak egongo ote diren. Ez badaude, egin beharko dugu bestelako esfortzu bat.

Hezkuntza eragile askok informazio falta salatu dute.

Egia da, ez dugu informaziorik. Espero dugu, esan diguten moduan, Hezkuntza Sailekoekin biltzea. Hobe berandu, inoiz ez baino, baina bihar baliabiderik ez dugula esaten badigute, haserretzekoa izango da. Gure gizarteak erantzun duin bat merezi du, eta beharrezkoak izango dira baliabide gehiago. Halere, azpimarratu behar dugu ilusioz gaudela ikasturteari heltzeko, eta indar hori ezinbestekoa izango da.

Hasieraz gain, zehaztuta al dago agerpenak badaude nola jokatu eta PCR probak nola egin?

Protokolo propioa dugu, eta Jaurlaritzak lan arriskuen prebentziorako legean atera zuen araudi espezifiko bat. Helburu nagusia da, hori gertatzen bada, ahalik eta ikasle gutxien etxera bidaltzea.Ezinbestekoa izango da PCR probak egitea. Uste dut modu masiboan egin beharko direla.

Ikasle guztiek ez dituzte baliabide berak izan, ezta euskararen erabilerari dagokionez ere. Nola egin aurre, orain, ikasleen artean egon daitezkeen desorekei?

Hori da gure kezka nagusietako bat. Arreta bereziz aritu beharko dugu, eta lan berezia egitea ezinbestekoa izango da arlo emozionala ere lantzeko. Gauza bera euskararekin. Euskarazko eragileekin elkarlanean aritu beharko dugu formula berriak bilatzeko. Gure lehentasunetako bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.