«Gobernuek pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezarri beharko dituzte preso politikoentzat ere, izaera politikoa duten gatazkengatik gatibu daudenentzat». Hala esan zuen Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, atzo, Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira plazaratutako oharrean.
Pandemiak preso eta senideen egoera «okertu» duela adierazi du elkarteak. «Gure senideak ez bisitatzearen mina ezagutzen dugu; haien osasunaren inguruko kezka, espetxean gaixotasunari aurre egiteko baldintza txarrek ekar ditzaketen ondorioengatiko beldurra». Elkarteak gaineratu du «espetxeetan preso guztien osasuna babesteko helburua duten premiazko neurri eraginkorrak hartzea ezinbestekoa» dela, eta euren senideei ere pandemiaren ondorioak gutxitzeko neurriak ezarri beharko litzaizkiekeela.
«Sakabanatuta, urrunduta, haien izaera suntsitzeko sortutako salbuespen neurrien menpe, preso politikoentzat eginiko espetxe erregimenetan pandemiari aurre egitera behartuta daude gure senideak, berez espetxeko edozein erregimenetan baino gizatasun gutxiagorekin, ankerragoarekin, eskubide urraketa gehiagorekin».
Mundu osoko preso politikoak gogoratu ditu elkarteak, eta «maitasunerako, elkartasunerako eta etorkizunerako itxaropen mezua» bidali die haiei eta senideei.
AEMren aministia aldarria
Preso Politikoen Nazioarteko Egunaren harira, amnistia aldarrikatu du AEM Aministiaren Aldeko eta Errepresioaren aurkako mugimenduak: «Amnistiaren aldarrikapenaren alderdirik garrantzitsuena haren esanahi politikoa da. Amnistia, errepresaliatu politikoen askatasunaz gain, pertsona horiek borrokara bultzatu zituzten arrazoien konponketa da; hots, askatasun nazionala eta soziala, Euskal Herriaren kasuan», nabarmendu du ohar batean. AEMren arabera, bere jarduera politikoagatik «kartzelan bukatzeko arriskuan dagoen militante bakar bat gelditzen den bitartean, edozein mugimendu iraultzailearen betebeharra da amnistia aldarrikatzea eta hura lortzeko baldintzak sortzeko borrokan jarraitzea».
«Espainiako eta Frantziako kartzeletan» dauden euskal presoak ditu gogoan AEMk. Baina ez ditu «ahaztu» kartzelan egon ez arren «kartzelaren ondorioz erbestean errefuxiatuta daudenak, sarritan egoera ekonomiko eta administratibo penagarrietan, hamarkadak deportatuta daramatzatenak ahazten ez ditugun bezala».
AEM gogoratu nahi izan du ez duela onartzen preso politikoen artean «bereizketak» egitea «borroka moldearen» arabera. «Are gutxiago pertsona horiei ezarritako zigorrak».
Presoentzat ere birusari aurre egiteko neurriak galdegin ditu Etxerat-ek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu