Presoak, biktimak eta memoria. Egindako bidea eta egiteko geratzen dena. Euskal gatazkaren ondorioei erreparatu diete gaur Donostiako Kursaalean Sare Herritarrak antolatutako ekitaldian. Xede argi batekin egin ere, Joseba Azkarraga plataformako eledunak azaldu duenez. Euskal presoen egoerari «konponbide justu bat» ematea eta biktimekiko elkartasuna direla bizikidetzarako bidea irekiko duten bi elementuak.
Europako Batasunean betetako zigor urteak zenbatzeko 7/2014 lege organikoaren erreformak eragindako eztabaida apur bat apaldu denean, Azkarragak haren «garrantzia» nabarmendu du, urrats bat gehiago delako salbuespen politikak amaitzeko bidean, plataformak berak uste eta nahi baino motelago doan bide horretan. «Pribilegio» eskerik gabeko bidea, batzuek kontrakoa adierazi nahi izan badute ere: «Modu itsu eta arduragabe batean duela hogei urteko lege aldaketak defendatzen dituen endroke judizial edo politiko batek eskubideak urratzen ditu, eta ez du laguntzen inoren mina arintzen».
Azkarragaren hitzaldia, baina, konferentziaren amaiera izan da. Aurrez, Aurrera egiteko orduada izenburupean, egungo egoeraren azterketa sakonago bat egin dute Laura Pego Kriminologiaren Euskal Institutuko kideak, Jon Mirena Landa EHUko Giza Eskubideen eta Botere Publikoen Unesco katedrako zuzendariak eta Jaime Tapia epaile ohiak, oraintsu arte Eusko Jaurlaritzako espetxe arloko aholkulari izan denak.
Pego izan da hitza hartzen lehena, eta kontzeptu zehatz bat izan du hizpide: justizia trantsizionala. Azaldu duenez, hari bide emateko hiru gako dira ezinbestekoak: iraganari erreparatzea, giza eskubideen urraketa eta biktima oro aitortzea eta artatzea; auzi nagusiei erantzuteko mekanismoak eratzea; eta beharrezko aldaketak egiteko «konpromiso politiko garrantzitsu» bat izatea.
Teoriatik praktikara igarota, Pegok Euskal Herriko errealitateari erreparatu dio, eta bi jarduera espazio bereizi: Espainiako Estatuarena eta Hego Euskal Herriko erakundeena. Lehenak «oinarrizko aktore» izan behar duela adierazi du kriminologoak, baina salatu du oraindik ere ukatu egiten dituela gatazka bera zein biktimen «talde handi bat».
Kontrara, azaldu du Hego Euskal Herrian gizarte zibilak eta aktore politikoek arazoa «bere osotasunean» jorratzea defendatu dutela, eta horren ondorio direla, besteak beste, bake planak, estatuaren biktimak aitortzeko legeak, torturatuen aitortzarako txostenak... Baita biktimen aitortzarako batzordeak ere. Hain zuzen, Pegok adierazi du horiek aurrekontu handiagoa izan beharko luketela, aurrera begirako eginbehar nagusietako bat delako biktimek duten egiarako eskubidea bermatzea.
Ez da, baina, geratzen den egiteko bakarra. Adierazi du justizia errestauratiboan sakondu behar dela, biktimen beharrak erdigunean jarrita, eta horien erreparazio «integral eta pertsonalizatuaren» alde lan egin behar dela. Bide horretan, kritikatu egin ditu PPko kideek azken asteetan ETAren biktimen irudiak erabili izana zein urriaren 12an Guardia Zibilak Gasteizen egindako ekitaldia. Lehena, biktimen erabilera politiko bat egiteagatik; bigarrena, «torturen biktimengan eragindako kalteagatik».
Landak ere adierazi du oraindik asko geratzen dela egiteko, baina hark hausnarketa beharra ere aldarrikatu du. Izan ere, uste du presa handiegiarekin jorratu nahi izaten direla memoriaren inguruko aferak, eta gehitu lehenik egia azaleratzean egin behar dela indar: «Egia gauzatzea ez da erraza, atera egin behar da. Eta egiarekin batera justizia dator. Gero, erreparazioa, eta bukaeran ez errepikatzeko neurriak». Horretarako, baina, beharrezkoa da gaiari heltzeko «familia politiko ezberdinek gizalege moduko bat» ezartzea egiaren inguruan, hori gabe memoria ezin delako «serio» jorratu.
«Zuhurtziaz», aurrera
Presoen auziari dagokionez, Landak adierazi du aurrerapenak egin direla, «motelak» izan badira ere. Halere, Sarek azken agerraldian egin bezala, hark ere 7/2003 lege organikoari erreparatu dio oraindik egiteke daudenen artean. Zehazki, zenbaitek euskal presoei exijitzen dieten «damuari» erreparatu dio, adierazteko ez dagoela hori legez ezartzerik.
Egin diren urratsetan sakonduz, Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratu zuenetik egindako bideari erreparatu dio Tapiak. Haren esanetan, batzuek transferentzia «fardel» gisa hartu bazuten ere, lortu da dinamika batzuk aldatzea, nahiz eta muga batzuk topatu dituzten: besteak beste, legedia bera eta epaileen jarduna aipatu ditu. «Zuhurtziaz jokatu behar izan genuen. Madrilen bazegoen Eusko Jaurlaritzak legez kontrako gauzak egin zitzakeenaren susmoa», azaldu du.
Ordutik, euskal presoen auzian izandako aldaketa nagusietako bat gradu progresioen erabilera izan da, eta prozesu horretan espetxeetako tratamendu batzordeek duten rola aipatu izan da. Tapiak gogoratu du horiek eskumena hartu aurreko berberak direla, baina bat egin dutela Eusko Jaurlaritzak sustatu nahi zuen eredu berriarekin, eta uste du aurrerantzean ere hala izango dela: «Espero dut kudeatzaile berriek pertsona horien indar sendotasuna baliatzea».
Izan ere, Tapiak kritikatu du «punitibismoa» zabalduegi dagoela, eta beste bide bat hartzeko beharra azaldu du. Hala, 7/2014 lege organikoaren aldaketa urrats bat dela zehaztu du, baina gehitu beste zenbait ere eman behar direla; hala nola 7/2003 lege organikoaren aldaketa. «40 urteko espetxe zigorrak ezartzea ikaragarria da». Horrekin batera, hirugarren graduen eta espetxe araudiko 100.2 artikuluaren erabilera defendatu du.
«Memoria inklusiboa»
Agerraldian parte hartu du Maria Jauregi ETAren biktimak eta Gogora Institutuko administrazio kontseiluko kideak ere. Biktima guztien aitortzarako eta egiarako eskubidea aldarrikatu du, eta memoria inklusibo baten beharra nabarmendu.
Bost minutu inguruko bideo batean, Jauregik lehentasunezkotzat jo du estatuaren biktimen aitortza gehiago ez atzeratzea, «elkarbizitza demokratiko bat eraikitzeko ezinbesteko» pausoa delako. Eta horretarako eta gertatutakoaren inguruko egia argitzeko, dagozkion urratsak egitea eskatu dio Espainiako Estatuari. Zehazki, sekretu ofizialen legea baliatuz «sekretupean sailkatuta dauden dokumentazio eta artxiboak irekitzea» exijitu du: «Giza eskubideen urraketa larriak ezin dira isilpean gorde».
Bide beretik, «memoria inklusibo» bat defendatu du, biktima guztiak aintzat hartuko eta giza eskubideak oinarrian ezarriko dituena. Eta lan hori diskrezioz egin behar dela defendatu du, «fokuetatik eta komunikabideetatik kanpo». Defendatu du hori dela «adostasun handiak» lortzeko modua.
Azken asteetan 7/2014 lege organikoaren erreformak eragindako eztabaidari erreparatuz, berriz, Jauregik adierazi du garrantzitsua dela zigor eta espetxe sistemen inguruko pedagogia egitea; hau da, sistemaren funtzionamendua garden azaltzea: «Ezin da onartu gai honen inguruan gezurra esatea eta biktimen memoria arerio politikoen aurka erabiltzea, egunotan Kongresuan ikusi den bezala».
Begirada bat kanpotik
Martina Anderson Sinn Feineko kideak Kursaaleko oholtzatik eta Brian Currin erraztatzaile hegoafrikarrak bideo bidez Sareren eta, oro har, Euskal Herriko gizarte zibilaren rola nabarmendu dute. «Gizarte erresilientziaren adibide bihurtu zarete», adierazi du bigarrenak. Biek zehaztu dute bi direla elkarbizitzara bidean jorratu beharreko aferak: presoen gizarteratzea eta biktima guztien aitortza.
Izan ere, biktimek eta presoek zein horien senideek interes kontrajarriak izan ditzaketen arren, Currinek defendatu du elkarbizitza eraikitzeko elkarguneak topatu behar direla, eta bi aferei eman behar zaiela erantzuna. Hala, biktima guztien aitortzarako neurriak hartzen jarraitu behar dela defendatu du, eta euskal presoei ezarritako salbuespen neurriak indargabetu. «Euskal gizarteak aukera ona du elkarbizitza eraikitzeko», esan du.
Andersonek, berriz, defendatu du bakea eta adiskidetzea ez direla «osoak» izango presoek «salbuespen neurrien menpe» jarraitzen duten bitartean: «Etxera itzultzeko eta bizitzak berrezartzeko eskubidea bake prozesuen erdigunean egon behar da».
Era berean, irlandarrak adierazi du gatazkaren inguruko kontakizun eta esperientzia ezberdinak daudela, baina horrek ez lukeela «ukatu» behar etorkizun hobe bat eraikitzeko aukera. Izan ere, inoren mina ukatu ezin dela esatearekin, zehaztu du ez dagoela «sufrimenduaren monopoliorik». «Elkarbizitzaz ari bagara, proposatzen diren urratsek inklusiboak izan behar dute», zehaztu du.