Brian Currinen taldeak bukaera eman dio duela hamarkada bat hasitako «bidaiari»; hasieran «zorakeriatzat» jotzen zuten bidaiari, haren hitzetan. Garai haietan «normalizazio politikorik» ez zegoela adierazi du nazioarteko bitartekariak: Bildu eta Sortu ez zeudela, ETA su-etena ezarri gabe... Nabarmendu du bestelakoa dela gaur egun egoera, baina zehaztu du zer falta den nagusiki: euskal preso «politikoen» auzia konpontzea. HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldearen agurrean egin du zehaztapena, joan den astean agur ekitaldiaz zabaldutako prentsa oharrean ez bezala. «Mandatuaren parterik handiena osatuta» zegoela zioen orduan HNTk. Beste parteaz ere hitz egin du oraingoan Currinek, Donostian, Aiete jauregian egindako hitzaldian. Presoena bideratzeko, «presioa» egiteko eskatu die euskal alderdiei eta gizarte zibilari.
Euskal Herrira 2004an etorri zen lehen aldiz Currin, hark jakinarazi duenez, eta hamalau urtean aritu da euskal gatazkaren konponbidearen alde; 2011ko otsailetik, HNTko ordezkari goren modura. Dena dela, jakinarazi du taldea sortu aurretik ETAren berri izan zuela modu zeharkakoan, eta azaldu nola helarazi zion Bruselako adierazpena (2010eko martxoa) plazaratzekoak zirela nazioarteko eragile ezagun ugari, eta erakundeari eskatu ziola baikor erantzuteko su-eten iraunkor eta egiaztagarriaren eskaerari. 2010eko irailean ETAk adierazi zuen prest zegoela Bruselako idatziko ildoan pausoak emateko —horren bigarren eskaera zen ETAk su-eten hori ematekotan Espainiako Gobernuak «behar bezala» erantzun behar zuela—, eta 2011ko urtarrilean ezarri zuen menia; iraunkorraz gain, lehen aldiz egiaztatzeko modukoa. Hurrengo hilabetean jarri zuten martxan HNT; aurrelanak eginda ziren, baina. Gainera, nazioarteko eragile batzuek 2010ean bazekiten ETA ez zela aktibo urte horretako otsailetik; ofizialtzea nahi zuten. «ETAri helarazi nion Bruselakoari baikor erantzunez gero HNTko kide izango nintzela».
Argi utzi nahi izan du zein zen hasieratik bere taldearen egitekoa: «Euskal Herrian normalizazio politikoa erraztea eta ahalbidetzea». Haren arabera, horretarako ezinbestekoa da soilik bitarteko demokratikoak erabiltzea eta indarkeriarik batere ez egotea, eta uste du horrela defendatu eta gauzatu ahal direla bakoitzaren proiektu politikoak. Gogoratu du egoera zaila zela, eta funtsezkoa zela «bake prozesuaren alde» zeuden eragileen arteko «konfiantza giroa» sortzea. Horrela, urte hauetan «elkarrizketa politikoa» sustatu dute, modu isil batean, gehienetan, «entzunez eta iradokizunak eginez».
Utzi zuen ETAk jarduera armatua (2011), armagabetu zen (2017) eta desegin da (2018), Sortu legeztatu zuten (2012)... Baina falta da; ez dago dena egina, HNTko arduradun nagusiak aitortu duenez. «Preso politikoen auzia oraindik konpondu gabe dago». Ikusten ditu, ordea, mugimenduak eta «gaitasuna» aurrerabiderako. Kasurako, aipatu du Espainiako Gobernuan aldaketa gertatu dela ETAk bukatu zuenetik —PPren ordez, PSOE—, Pedro Sanchez gobernuburuak iragarri duela espetxe politika moldatuko dutela, eta Kongresuan badirela aldaketari babesa emateko taldeak.
Euskal Herritik ere tira egin behar dela uste du, eta berriz ere gizarte zibilaren garrantzia nabarmendu du. Currinen esanetan, eragile sozialak giltzarri izan dira azken urteetan, prozesuan, baita HNTri berari laguntzeko ere —Lokarri eta Paul Rios aipatu ditu, bereziki—, eta presoen auzia konpontzeko ere dei egin die lan egiteko; «presioa, buila, lobby lana». Euskal alderdiei ere gauza bera eskatu die.
Presoak Madrili «bide orri bat» eskatzen ari direla esan du Currinek, eta hori ona dela deritzo, «jakin behar dutelako zer egin behar duten gradu progresiorako eta zigorrak murrizteko».
Espainiako Estatuaren indarkeriaren eta ETAren biktimen alorra ere langai dela dio. «Badago aurrerapen bat, baina oraindik ez dago kontsentsu bat».
Sentimendu «gazi-gozoarekin» amaitu du Currinek Euskal Herriko ibilbidea, adierazi duenez. Gozoa, lorpenak izan direlako. «Azpimarratzeko moduko esperientzia izan da, nazioartean eredu bakarra izan den bake prozesu baten lekuko izan baikara. Baina jada ez gaituzue behar». Munduan azaltzeko moduko eredua dela iritzi dio. Gazia, berriz, bukatu dutelako dagoeneko ibilbidea. Ekitaldian hark berak galdetu du ea zer egingo duten Euskal Herritik galdetzen badiete aurrerantzean laguntzeko moduan izango diren egoera blokeatuta bada. Erantzun du norbanako gisara lagunduko luketela.
Ordezkaritza zabala
Aieten izan dira Alberto Spektorowski eta Raymond Kendall HNTko kideak ere, eta ekitaldiaren antolatzaileetako batzuen ordezkariak, Foro Sozial Iraunkorrekoak eta Bake Bidekoak; tartean, hizlarietako bi: Agus Hernan (Foro Soziala) eta Anaiz Funosas (Bake Bidea). Paul Rios Lokarri herritar sareko koordinatzaile ohiak ere hartu du hitza. Euskal Herriko ordezkaritza zabal bat ere egon da: Joseba Egibar eta Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Maddalen Iriarte eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Lander Martinez eta Pili Zabala (Ahal Dugu), Rafa Eraso (Geroa Bai), Arkaitz Rodriguez (Sortu), Alice Leiziagehazar (Berdeak), Xabi Larralde (EH Bai), Isabel Salud (Ezker Anitza), Mixel Berhokoirigoin (bakegilea), Amaia Muñoa (ELA), Garbiñe Aranburu (LAB), Alfonso Rios (CCOO), Raul Arza (UGT), Michel Larralde (CFDT), Iñaki Dorronsoro (Eusko Ikaskuntza), Koldo Tellitu (Ikastolak)…
Bukatu du, beraz, HNTk. Aieteko konferentzia izan zen zazpigarren urteurrenean.
[youtube]https://youtu.be/WKdJXJptHto[/youtube]
Hona Harremanetarako Nazioarteko Taldearen amaiera ekitaldia osorik:
[youtube]https://youtu.be/Lx0h2VSgxs0[/youtube]
Konponbideari begira. HNTren agurra
Presoenari heltzeko eskaera
Bukatu du ibilbidea Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Aieten. Currinek esan du normalizazio politikoa lortzea zutela helburu. Aitortu du badela lanik: euskal preso «politikoen» auzia konpontzea. Bideoak albistearen amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu