Joseba Azkarraga. Sare plataformako bozeramailea

«Presoena konpontzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da»

Espainiako Estatuan espetxe politika aldatzeko baldintzak ikusten ditu Joseba Azkarragak. Beharrezkoa deritzo legedi arrunta ezartzeari. Sare Madrilen ere ari da irtenbidearen alde lanean.

enekoitz esnaola
2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hilaren 11ko Bilboko Orain presoak manifestazioaren prestaketa lanetan dabiltza Sare herritar plataformako kideak, eta, horien artean, Joseba Azkarraga (Gasteiz, 1950) bozeramaileetakoa, komunikazio lan etengabean.

Beste manifestazio bat...

Berriro, bai. Baina egin beharra dago. Euskal presoen senideei aurten ere milaka eta milaka lagunek babesa adierazi nahi diegu. Hori dugu, aurten ere, manifestazioaren helburu bat. Beste xedea Espainiako Gobernu berria ispiluaren aurrean ipintzea da.

Nola?

Mobilizazioaren bidez eta. Ikus dezala espetxe politika desberdina nahi dutela milaka herritarrek, ez dutela nahi salbuespen politikarik; eta gobernu berriak kontuan har dezala Hego Euskal Herriko instituzioak ere aldaketaren alde daudela. Estatuaren agendan euskal presoen auziaren konponbidea jartzeko garaia da.

Urteak dira ETAk jarduera armatua utzi zuela...

Eta Madrilek ez du hitza bete. Lehen esaten zuen ETAk jarduera armatua uztean aldatuko zuela espetxe politika. PPkoen aldetik ere aipatu izan da hori. Baina ez da aldaketarik gertatu, ezta ETAren desarmatzearen eta desegitearen ondoren ere. Duela urte eta erdi, Moncloara iristean, Pedro Sanchezek esan zuen bestelako espetxe politika bat ezarriko zuela, eta orain urtebete Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak adierazi zuen urrunketak jada ez duela zentzurik, politika antiterroristatzat jo baitzuen urrunketa, baina ez da aldaketarik izan.

Ez al da deus aldatu PSOEren gobernuarekin?

Egon dira mugimendu batzuk, baina gutxi. Funtsean, ez dute aldatu espetxe politika. Azkeneko asteburuan ere kilometroak eta kilometroak egin behar izan dituzte presoen senideek eta lagunek bisitetarako. Beste datu bat: presoen %80 oraindik ere lehen graduan dauzkate. Beharrezkoa da legedi arrunta ezartzea, salbuespenezkoaren partez.

Sanchez aterako da presidente.

Ona da baikor egotea, baina ikusiko dugu. Oraingo berritasuna da gobernuan ez dela PSOE bakarrik egongo, Unidas Podemosekin baizik. UPk jendaurrean esan izan du, eta guri ere bai modu pribatuan, espetxe politika berri bat behar dela. Gainera, EAJ Sanchezen inbestiduraren alde dago eta EH Bildu abstenitu egingo da. Kongresuan ere, beraz, badaude baldintzak aldaketa bat izateko.

Espainiako legealdia gutxienez pare bat urtekoa izatea komeni da?

Garrantzitsua litzateke egonkortasun bat izatea, betiere aurrera egiteko borondaterik balego.

Sarek Madrilen ba al du harremanik PSOErekin eta UPrekin?

Komunikazio bide bat irekia dugu han alderdiekin, baita aipatu ezin dudan instituzio batekin ere. Harreman hori ereiten segituko dugu; hori izango da aurtengo gure asmo nagusi bat. Presoena konpontzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da.

Duela hilabete batzuk iradoki zenuten Madrilen mobilizazio bat egiteko asmoa zenutela.

Gaur-gaurkoz ez dugu han ezer egitea aurreikusten. Baina, esan bezala, Madrilen lan bat egingo dugu, harreman politikoen bitartez elkarrizketari eutsiz.

Euskal Herrian gizarte zibila aktibatuta ikusten al duzu?

Duela urte eta erdi izan genuen arazo bat, eta zera zen: ETA desegitearen ondorioz euskal gizartearen parte handi batek pentsatu zuen bukatu zirela arazoak, eta horrek arrisku bat zekarren, arazoak edo gatazkaren ondorioak ez baitira bukatu. Segitu behar da konponbidea aldarrikatzen. Lan pedagogiko bat egin behar izan dugu, eta esango nuke arazoa gainditu dugula. Presoen auzia hor dagoela eta aterabide bat behar duela ikusten du euskal gizartearen gehiengo zabal-zabal batek. Guk segituko dugu euskal gizartea gehiago aktibatzen.

Espetxe politika aldatzeko 2017an Mariano Rajoyri eta 2018an Pedro Sanchezi aurkeztutako proposamenaren berri eman zuen urrian Jaurlaritzak. Zer iruditu zaizue plana?

Sare ez da euskal instituzioekin ezbaian hasten, baina esango nuke urrunketaren erabateko bukaera planteatu behar dela, hasi gabe, Jaurlaritza bezala, 250 kilometrotik beherako eremurako hurbilketa proposatzen.

Uste duzu posible dela Madrilek kolpe batez ekartzea preso guztiak Euskal Herrira?

Hori da helburua. Marlaskak berak esan badu urrunketak jada ez duela zentzurik, ekar ditzatela preso guztiak Euskal Herriko espetxeetara.

Euskal presoei pauso eske segitzen du Madrilek: autokritika...

Zer pauso berri eman behar dituzte, eman beharreko guztiak emanda badituzte? Esaten da damutu egin behar direla, baina biktimei ez zaie axola damua; biktimek beren mina errespetatzea nahi dute.

Errespetatzen al da min hori?

Presoen aldetik baietz esango nuke. Presoek beraiek eragindako mina aitortu izan dute.

Presoen harrera batzuen inguruen polemika egon da.

Egia da saihestu zitezkeela harrera mota batzuk. Dena dela, ezin da debekatu harrera egitea. Hori ez doa biktimen duintasunaren aurka. Kontua da, ordea, eragile batzuek beti kakaztu nahi dutela guztia. Ikusi zer gertatu den [Jose Ramon] Lopez de Abetxukoren hitzaldiarekin. 29 urtean egon zen preso, gaixorik azkeneko urteetan, eta hitzaldian berak pasatutakoa kontatu zuen, ez zen joan giza eskubideen klase bat ematera, baina hitz egitea bera ukatu nahi zioten. Beste batzuek, berriz, zioten legezkoa zela hitz egitea baina ez etikoa. Aizu, zenbat balio du etikaren kilo erdi batek? Non saltzen da? Hipokrisiarik ez dugu behar. Kartzeletako giza eskubideen urraketa dago hemen, eta buka dezagun hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.