Euskal presoak

Presoen komunikazioak berrezartzeko neurriak eskatu dituzte sindikatuek

«Erantzukizunez» jokatzeko eskatu diete erakundeei, eta exijitu berriz ezar ditzatela COVID-19a dela-eta etendako komunikazioak.

Gaur eguerdian eginiko elkarretaratzea, Bilbon. LAB SINDIKATUA
Iosu Alberdi.
2022ko otsailaren 18a
12:47
Entzun

Gehiengo sindikalak «salbuespenezko espetxe politikaren» kontrako mobilizazioa egin du Bilbon, Sare Herritarraren Izan Bidea dinamikaren barruan. Elkarretaratzean parte hartu dute ELA, LAB, UGT, ESK, Steilas, CGT, CNT, EHNE eta Hiru sindikatuek, eta euskal presoek gertukoekin komunikatzeko duten eskubidea izan dute hizpide: «Nahikoa denbora igaro da esperientziatik ikasteko eta neurri desberdinak hartzeko gai izateko, murriztaileenetatik haratago».

COVID-19ak eragindako egoera dela medio, bi urte dira presoek komunikazioak normal egiteko arazoak dituztela. Hori ikusita, espetxeetan «erantzukizunez eta ausardiaz» jokatzeko exijitu dute sindikatuek, eta beharrezko neurriak eskatu, gizarteko gainerako eremuetan egin bezala, kartzeletan ere malguago jokatzeko urratsak egin daitezen: «Egoera gogor bati oztopo gehiago erantsi gabe».

Sindikatuek proposatutako neurrien artean daude COVID-19aren eraginez bertan behera geratu diren komunikazioak berreskuratzea, espetxeetan antigeno testekin baheketak egitea denbora tarte laburretan, eta berrogeialdiak egiteko espazioak egokitzea. Berrogeialdia egin behar duten presoen kasuan, telefono bidezko komunikazioak baimentzeko ere eskatu dute, familiek «inkomunikazioaren ziurgabetasuna» izan ez dezaten.

Komunikazioei lotutako neurriez gain, sindikatuek euskal presoak gizarteratzeko urratsak ere eskatu dituzte; besteak beste, gaixo dauden presoen askatasuna eta hirugarren graduak ematea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.