Euskal presoak. Espainiako Auzitegi Nazionalaren trabak

Presoen gizarteratzea «blokeatzeko arriskuaz» ohartarazi du Behatokiak

Espainiako Auzitegi Nazionala presoen baimen eta hirugarren gradu eskaerei ematen ari zaien erantzunak aztertu ditu Foro Sozialaren Behatokiak azken txosten monografikoan

Foro Sozial Iraunkorrak antolaturiko mahai ingurua, atzo, Donostiako Zientzia Museoan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
2021eko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Kartzeletako tratamendu batzordeek gizarteratze ibilbidean aitzina egiteko proposatu, eta auzitegiek bidea oztopatzea: horixe ari zaie gertatzen euskal preso ugariri azken hilabeteotan. Foro Sozialak bultzaturiko Motibazio Politikoko Euskal Presoei Aplikatutako Espetxe Politikaren Behatokiak gai horrexi buruz argitaratu du azken txosten monografikoa, dagoeneko atera duen laugarrena. Atzo aurkeztu zuen dokumentua, Donostian, solasaldiaren atariko, eta azaldu zuen ezen traba horiek, sistematikoak ez badira ere, azpian badutela «bereizgarri egiten dituen joera» bat: «Atzerakoia».

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentrala eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor aretoa dira «lobby» funtzioa betetzen duten «oztopo» nagusiak, Behatokiaren arabera, eta Espainiako fiskaltzak «bultzatzen» ditu, foroaren ustez. Izan ere, fiskaltzak azken hilabeteotan jarreraz aldatu du, foroaren arabera: «Txarrera». Behatokiak uste du azken hilabeteotan «itxikeriazko jarrerak» gertatzen ari direla behin eta berriz, «urratsak zailtzen dituztenak, froga berriak eskatuta, baldintza berri eta zorrotzagoak zehaztuta, horietako batzuk legezkotasunetik kanpo».

Anitzetan, erraterako, «damutzea» eta «barkamena» eskatzea galdegiten ari zaizkie presoei, baita kartzelatik ateratzeko baimenak lortzeko orduan ere legean ez dago horrela zehaztuta. Auzitegi bakoitzak jarritako trabak deskribatu ditu foroak txostenean, hurrenez hurren. Hona hemen laburpen bat:

LEHEN ZIGOR SALA

Ibilbide hau egin ohi dute presoen baimen eskaerek eta hirugarren graduaren eskaerek: lehenik, tratamendu batzordeak proposatzen ditu; ondotik, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak berresten; eta, fiskaltzak helegitea jarriz gero, Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak ebazten du presoari baimen edo hirugarren gradu hori eman edo ez. Behatokiak zehaztu du, hain zuzen, «azken hitza» duela Espainiako Auzitegi Nazionaleko areto horrek, eta, beraz, «garrantzitsua» dela haren jarrera. Foroaren arabera, Auzitegi Nazionaleko lehen zigor sala 2015ean hasi zen euskal presoen aurkako ebazpenak ematen, «puntualki»: «2017an eta 2018an, areagotzen hasi ziren, baina 2020an eta 2021ean finkatu ziren, definitiboki». Behatokiaren txostenaren hitzetan, orduan hasi ziren presoei «damua» eskatzen, «haien bizi baldintzen hobetzearen edo ateratzeko espektatiben edozein aurrerapenentzako». 2020ko udazkenean kokatzen du Foro Sozialak ukapenen areagotze hori, presoak ere orduan hasi baitziren eskaera gehiago egiten: ordura arte, erredentzioen eta komunikazioen interbentzioen alorretan soilik gertatuak ziren kontrako jarrerak. Ohiz kanpoko erredentzioak emateko ere «damua» eskatzen hasi da azken bi urteotan auzitegia.

2020an eta 2021ean, berriz, eremu guztietara hedatzen hasi da jarrera bera: baimen eskaeretara, hirugarren graduetara eta baldintzapean aske geratzeko eskaeretara; Behatokiak dioenez, fiskaltzaren helegiteen ondorioz: «Lehen zigor salako autoak bata bertzearen gibeletik datoz, salbuespenik gabe, eta ardatza bakarra da: damutze falta eta biktimei barkamenik eskatu ez izana». Justiziarekin eta Poliziarekin kolaboratu ez izana ere aipatzen du auzitegiak argudioen artean, baita baimenak eta hirugarren graduak emateko orduan presoari ezarritako zigor osoa kontuan hartu behar dela ere —eta ez bete beharreko zigorra—. Behatokiaren arabera, ordea, azken argudio horrek ez du «oinarri legalik».

FISKALTZAREN JARRERA

Fiskaltzaren helegiteei erantzunez ematen ditu ebazpenak Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salak, eta, hain justu, horretantxe sumatu du Behatokiak jarrera aldaketa nabarmenena. Azaldu duenez, hain zuzen, orain arte fiskaltzaren jarrera «irregularra eta kontraerrankorra zen»: ez zuen beti helegiterik jartzen, eta damuaren argudiorik ere ez zuen erabiltzen. Adibide bat jartzen du bere eboluzio «txarraren» erakusle: 2019an, lehen graduan zeuden preso batzuk bigarrenera igarotzea proposatu zuen, eta, 2020ko udazkenean, preso berak bakartze moduluetara pasatzea galdegin. Auzitegi Nazionalarena bezala, fiskaltzaren jarrera ere 2020 bukaeratik 2021 hasierara hasi zen «finkatzen»: Basauriko kartzelan (Bizkaia) zegoen euskal preso bati, adibidez, hirugarren gradura pasatzeko proposamena egin zioten Espetxe Erakundeek urtarrilean, eta fiskaltzak helegitea jarri zion. Presoen eskubideen aldeko hiru txosten dira «salbuespena», Behatokiak azaldu duenez, baina, horiek kenduta, «fiskaltza proposamen guztien aurka paratzen ari da: ohiz kanpoko erredentzioen aurka, baimenen aurka eta hirugarren graduen aurka».

Behatokiak azaldu duenez, «idatzi eredu» bat erabiltzen du fiskaltzak, kasu bakoitzaren arabera «gutxi» aldatzen duena: «Ez da zorrozki jokatzen ari bere funtzioa izan beharko lukeenaren arabera, hau da, legezkotasun printzipioa betetzeaz arduratzea; alderantziz, lehen zigor salak ezarritako doktrinaren arabera moldatzen da». Jarrera «aktiboa» du fiskaltzak, gainera, Behatokiaren ustez, eta elementu berriak eskatzen ari zaizkie presoei: tartean, damutzea. Kartzeletako txosten teknikoei ere egiten die aurka, foroak salatu duenez, eta ez die sinesgarritasunik ematen presoen idatziei, «zintzoak» ez direlakoan.

ESPETXE ZAINTZA

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean, berriz, jarrera kontraerrankorrak daude, erabakiak hartzen dituzten epaileen arabera —bi magistratu daude—: ohiz kanpoko erredentzioei eta komunikazioen interbentzioei buruz ebazten duen epaileak jarrera irekiagoa eta aldekoagoa luke, eta baimenei, hirugarren graduei eta baldintzapeko askapenei buruz ebazten duenak, aldiz, itxiagoa. Azken horiek, hain zuzen, «trabatuta» daudela dio Behatokiak. Izan ere, epaile horrek fiskaltzari eskatzen dio iritzia maiz, eta, azkenean, presoari «barkamena» eskatzea galdegiten diote. Bertze eskaera anitzek, berriz, tramitazioan irauten dute, luze; eta bertze batzuk tramitazio «irregularrengatik» ukatzen dituzte. Gertatu izan da, bertzeak bertze, lehendik baimenak lortzen zituzten presoei orain horiek ukatzea, arrazoi justifikaturik gabe.

ZAZPI ESKAERA

Foro Sozialak «kezkaz» begiratzen die jarrera horiei, «bigarren fasean» egin beharreko urratsak «mantsotzen» baititu. Konpondu beharreko zazpi puntu jarri ditu mahai gainean: euskal presoak Euskal Herriratzea, baldintzak betetzen dituztenei hirugarren gradua ematea (119 preso), aukera dutenei baimenak ematea (34 preso), gizarteratze plan bat adostea, plan hori bermeekin garatzea, Frantzian betetako zigorrak kontuan hartzea, eta 7/2003 legearen arazoa konpontzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.