Urteak daramatza Joseba Aurrekoetxeak (Portugalete, Bizkaia, 1960) bakearen eta giza eskubideen gaietan lanean, EAJren ordezkari instituzional edo EBBko kide modura. Azkenaldian, euskal preso ohiekin eta Sorturekin egindako bileretan, Foro Sozialaren topaketetan eta Baionan ETAren armagabetze egunean izan da. IñigoUrkullu Jaurlaritzako lehendakariaren belaunaldiko politikaria da EBBko Antolakuntza arduraduna. Bihar azalduko du Urkulluk EBBn Mariano Rajoyrekin espetxe eskumenaz-eta egindako bilkura. Aurrerapausoak emateko baldintzak ikusten ditu Aurrekoetxeak.
Zer moduz joan zen lehengoastean Urkullu-Rajoy bilera?
Aste honetan ez dugu EBBren bilera egin, aste hasiera jai izan delako. Datorren astelehenean egingo dugu, eta orduan izango ditugu xehetasunak. Dena dela, bi gobernuk duten hartu-eman normal bat izan da bilera hori. Urkullu aspalditik ari zaio aldarrikapenak mahai gainean jartzen, eta oraingoan ez dio ezer berririk aipatu.
Espetxe eskumena jasotzea al da aldarrikapen horietako bat?
Hala da. Aldarrikapen historiko bat da. Ez bakarrik EAJrena; Gernikako Estatutuan dator. 1979an onartu genuen. Garaia da izateko.
Zehaztuz, Gizarte Segurantza eta biak al dira zuentzat jasotzeke diren eskumen garrantzitsuenak?
Bai. Agian, kudeatzeko konplikatuenak ere horiek dira, estatutua onartu genueneko testuingurua asko aldatu baita bi arloetan.
Javier de Andres Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkariak dio Jaurlaritzak espetxe alorrean badituela segurtasun, hezkuntza eta osasun eskumenak, eta eraikinarena soilik falta dela.
Baina espetxe eredu bat garatzeko ahalmenik ez daukagu, eta hori izatea oso garrantzitsua da geure kudeaketa egin ahal izateko.
1979tik inoiz egon al da espetxe eskumena jasotzeko aukerarik?
Nik dakidala, ez.
Orain ba al dago?
Estatatua betetzea da gauzariklogikoena. Bestela, beste egoera baten aurrean jarriko gara.
Aurreko astean, Juan Luis Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak BERRIAn adierazi zuen bera gai horretan 1990eko hamarkadan lanean aritu zela etaJaurlaritzak orduan ez zeukalainteres handirik eskumenean.
Ni seguru nago Jaurlaritza denek jarri dutela mahai gainean gaia. Orain, beti aztertu behar da nola jaso dezakezun eskumen bat, zer baldintzatan, eta, agian, ez zaizu interesatzen jasotzea. Guretzat garrantzitsuena erabakitzeko gaitasuna izatea da, geure erabakiak hartzeko. Nazio eraikuntza nahi badugu, espetxe arloa edo sistema geure esku eduki behar dugu.
Azken hilabeteetan, hedabide batzuetara filtratu da PPrekin euskal presoen gerturatzeaz hizketan zabiltzatela. Ari al zarete?
Ez dago ezer berririk. Gure eskaera aspaldikoa da, eta publikoa. Lehendakariak aurkeztu izan du planik, Bizikidetzako idazkaria mintzatu izan da, Eusko Legebiltzarrak onartu izan du moziorik... Ez dago, beraz, gauza arrarorik orain.
Aipatu da Hego Euskal Herritik 250en bat kilometrora dauden hamar kartzeletara gerturatuko lituzketela euskal presoak.
Baina asmoa ez da berria. [Rajoy] Presidenteak berak badu gure planteamendua. Gure posizioa jakinekoa da, jendeak badaki zein den. Beste kontu bat da gauza horiek aurrera eramatean diskretua izatea, ez ibiltzea guztia kontatzen.
Posible ikusten al duzu Espainiako Estatuan dituzten euskal presoak euskal kartzeletan egotea?
Gaur egun, ez. Ez dago baldintzarik horretarako. Nahiago genuke Euskal Herriko kartzeletan baleude presoak, baina... Bitarteko pausoak eman daitezke, ordea.
EPPK-k eskatu du Espainiako Estatuan direnak Zaballako kartzelan batzeko —eta Frantziako Estatuan daudenak, Mont de Marsangoan—, baina, era berean,jakinarazi du «kaleratzea helmuga duen prozesu dinamiko bat» badago ontzat joko duela «batze oro» eta «hurbiltze oro».
Bitarteko pauso bat litzateke gerturatzea. Gainera, euskal gizarteak onartua du beharrezkoa dela.
EAJk eperik eman al dio Rajoyri espetxe eskumena igortzeko eta euskal presoak gerturatzeko?
Ez dugu halakorik planteatu.
Ia batera hasi dute egungo agintaldia Urkulluk eta Rajoyk. Bien legealdi honetako kontutzat al dituzue aldarrikapen horiek?
ETA beti berandu iritsi izan da lekuetara, presoak ere bai, eta orain saiatu behar gara gauzak aurreratzen, askorentzat beranduegi gerta ez dadin. Hobe gauzak agintaldi honetan egitea eta ez hurrengoan. Normaltasunaren eta bizikidetzaren bidean joan behar badugu, eman ditzagun aurrerapausoak.
Espainiako Kongresuan gutxiengoan dago PP orain.
Baina ikusi beharko litzateke estatuko beste alderdiek zer esango luketen gai hauetaz. Ez dut oso argi ikusten. Alferrikakoa da Madrilen EH Bilduren eta gure babesa soilik duen ekinbide bat proposatzea.Jakin behar da adosten, unerik aproposena zein den jakiten...
Lehendabizi, PPrekin saiatukozarete, hortaz.
Hura dago gobernuan. Baina beste aukerak ere aztertu behar dira.
PSOErekin ere baduzue komunikazio bide bat irekia. Joan den astean Pedro Sanchezekin bilduziren Urkullu eta Andoni Ortuzar.
Gai hauek ez dira Sanchezen lehentasuna. Egonkortu behar du lidergoa, alderdia antolatu... Baina hitz egin behar da PSOErekin eta besteekin, ez PPrekin bakarrik.
EAJk Madrilen PPrekin EAEko kupoa eta Espainiako aurrekontuak negoziatzean, presoen gaia ere izan al da mahai gainean?
Ez, ez baitu zerikusirik. Gainera, espetxe arloko gai honek jende gehiagori eragiten dio eta haiekin ere egon behar gara. Adostasuna lortzen bada, askoz hobeto. Guk foro batzuetan parte hartzen dugu, denok pozik egoteko moduko planteamendu bat ateratzeko. Ez goaz domina baten bila. Ez dugu protagonismorik nahi. Lagundu egin nahi dugu.
ETAren armagabetzean euskal instituzioak, alderdiak eta gizarte zibila norabide berean aritu ziren. Presoen gaian ere aritzeko aukerarik ba al da?
Indarkeria baten ondorio dira presoak, baina indarkeriaren garai hartan onartutako salbuespen izaerako legezko neurri oro desagertu behar da, egoera berri bat baitago. Nik uste bestelako interpretazio batzuk egin daitezkeela. EPPK-k onartu egin behar du espetxe sistema hor dela eta, beraz, jarraitu behar duela. Gai honetan alde batetik eta bestetik pausoak konpasatu behar dira, zaratarik atera gabe eta inork esateke berak irabazi duela.
Lan konpasatuaz ari zarela, ba al duzue harremanik Sorturekin?
Azkeneko hiru bat hilabetean ez, ETAren armagabetze garaitik. Ezker abertzalea ohartu da berak bakarrik ezingo duela egoera hobetu. Gu Eusko Legebiltzarrean ere ari gara lanean. Lehendakariak ere badauka prestasuna. Gizartea aztertua daukagu eta prest dago gauza batzuk onartzeko. Beraz, baldintza asko daude aurrera egiteko.
Foro Sozialaren topaketetan egoten da EAJ ere. Garrantzitsua al da gizarte zibilaren lana?
Ez gaitezen engaina: gauzarik garrantzitsuenak ez dira sortuko foroetan. Aktore nagusiak estatua eta presoak dira. Beste batzuek modu lasaiago batean ideiak emateko balio badute foroek, laguntzen badute, ondo baino hobeto.
ETAren armagabetzean Ipar Euskal Herrian gizarte zibilak funtsezko lana egin du. Zeu ere izan zinen Baionan apirilaren 8an.
Gizarteak armagabetzea nahi zuen, eta ETAk ikusi zuen hori. Galanta litzateke gizarteari bizkarra ematea. Baina askotan esan dira herriak jarraitzen nau eta halakoak, eta ez da horrela ere.
Zuk uste Frantzia inplikatu egin zela ETAren armagabetzean?
Gutxienik, egiten utzi zuen, eta hori asko da. Ikusi zuen ekinbide baketsu bat zela, ondo antolatutakoa, ez zela arazorik sortuko, eta ez zuela zertan jarri zailtasunik.
Urkullu bildu zen Rajoyrekin.
Gauzek funtzionatu dezaten pieza egokiak momentu egokian jartzea da hemen kontua.
Presoenean nola daude piezak?
Kokatzen ari dira.
Zer falta da? Edo zein falta da?
Estatuaren pausoa falta da. Ikusi nola dagoen PP. Beharko du denbora bat. Presoen pausoa ere falta zen, eta eman dute bat. Piezak kokatzen joan daitezke eta ez da beharko bitartekaririk. Diskrezio handia behar da. Sufrimendu handia egon da, presoak kalera irteten joango dira, hor daude biktimak, eta ez da komeni gauza hauek argitara ateratzea zarata handiarekin.
Espetxe eskumenari lehentasuna ematen diozue. Kasu zehatzetan, zein dira premiazkoenak?
Nabarmena da gaixorik dauden presoen gaia garrantzitsua dela. Kartzelan urte asko daramatzatzen presoen gaia ere hor dago. Salbuespeneko neurriak ere bai. Erritmoak doitu behar dira. Naturaltasunez egin behar dira gauzak, inor saiatu gabe etekina ateratzen.
Tokiko Espetxe Zaintzako Epaitegia izatea ere nahi duzue.
Espetxe eredu baterako funtsezko osagaia da. Epaitegi horrek aztertuko lituzke presoen eskaerak.
Zer nabarmentzen duzu EPPKren gogoetako ondorioen idatzitik?
Oso garrantzitsua da espetxe sisteman jarrera bat edo bestea izatea. Esan dute legezko bidea jarraituko dutela, preso bakoitzak erabakiko duela zer urrats egin... Berandu dator EPPKren dokumentua, baina erabatekoa da jarrera aldaketa.
2013an ere iragarri zuen legedia jarraituko zutela presoek.
Baina praktikan... Orain aldea dago. Esan du damua eta salaketa baztertuko dituztela presoek,baina hortik aurrera espetxe sistemako guztia beren gain hartu du: baimenak, graduen progresioa... Presok ohartu dira bide hori jorratu beharra daukatela, eta banan-banan. Hau guztia ondo konpasatuta egin behar da emaitzak izateko.
Zer diozu EPPK-k damua eta kolaborazioa baztertu izanaz?
Eragindako mina aitortzeko eskatu behar zaie, gutxienez. Izan ere, azkenean presoek eta biktimektopo egingo dute kalean. Hemengo instituzioak, esaterako, lan handia egiten dira gai horretan.
Jaurlaritzaren Hitzeman gizarteratze planak dio presoaren «gogoeta autokritikoko prozesu etikoak» bultzatzea eta indartzea duela helburuetako bat.
Gertatu denari buruzko azterketa kritiko bat egin behar da. Agian, gauzak oraindik beroegi daude. Berriki garai bateko hitzaldiak entzun ditugu biktimen ekitaldi batzuetan. Unea topatu behar da. Gizarteak nahi duena da gauzei irtenbide ematea modu natural batean, eta gizarte demokratiko eta moderno batek eta zuzenbide estatu batek dituen mugen barruan.
PPk dio ETA desegin artean ez dutela aldatuko espetxe politika.
Ezin da beti baldintzak jartzen ibili. ETA deseginda ere PPri igual ez zaio aski izango. Ezbairik gabe, ETA desegin egin behar da. Ahal den azkarren badago hori, denontzat hobeto, harentzat barne.
Halakorik bada, noizko espero?
Ez dakigu noiz etorriko den. Nahi baino beranduago izango da.
Aurten gertatu dira gauzak: ETAren armagabetzea eta EPPKren eztabaidako erabakia.
Erne: ETAk jarduera armatua 2011n bukatu zuen. Ondoren azkar egin izan balute beste guztia...
2013ko abenduan atera zuen EPPK-k adierazpena, eta ETAk 2014ko otsailean iragarri zuen hasi zela desarmatzen.
Bi-hiru urtera... 2011tik aurrera kontakizunaren enfrentamendu bat egon da, garaile eta garaituena, eta erresistentziak eta blokeak sorrarazi ditu. Gizartea beste erritmo batean doa, baina beretzat eskandalua ez diren gauzak onar ditzake. Indarkeriaren aroa itxi behar dugu. Hala ere, esan nahi dut herri honek erakutsi izan du indarkeriaren oztopoa egon arren aurrera egiten eta eraikitzen. Orain euskal herritarrok erabaki egin behardugu zer izan nahi dugun.
Joseba Aurrekoetxea. EAJren EBBko Antolakuntza arduraduna
«Presoen gaian pausoak konpasatu behar dira, zaratarik atera gabe»
Aurrekoetxeak uste du garai berri bat dagoela euskal gizartean eta presoen alorrean ere aurrerapausoak emateko baldintzak daudela. Irtenbide bat emateko EAJk denekin hitz egiteko prestasuna daukala dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu