Eusko Jaurlaritzak espetxe eskumena eskuratua duenez gero, presoei euskaraz ikasteko eskubidea aitortzeko urrats eraginkorrak egiteko eskatu du Presoen Euskara Irakasle Taldeak, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean. Izan ere, taldeak gogoratu du esan zietela eskumena eskuz aldatzean orain arteko trabak desagertu egingo zirela, baina ez dela hala gertatu. Aitzitik, aurtengo ikasturtea «gogorra» izan dela nabarmendu dute: espetxeetan izandako aldaketek ikasketak zaildu dituzte, eta, ondorioz, lehen deialdian ikasle gehienek azterketa ez egitea erabaki dute.
Ikasleek ikasketak egiteko dituzten zailtasunak kentzeko hainbatetan eskatua du taldeak, eta, are, horiek gainditzeko proposamen bat ere landua du, espetxe erakundeetako arduradunekin. Horri buruz, taldeak gogora ekarri du Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak proposamen teknikoa helarazi ziela Espainiako Espetxe Erakundeari. Hain justu, taldeak HABEri eskatu dio landutako proposamenari balioa eman eta Espainiako Espetxe Erakundearekin akordioa egiteko urratsak eman ditzala, haren eskumeneko kartzeletan dauden presoek euskara ikasteko baldintzak izan ditzaten. Halaber, akordio hori bera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetako arduradunekin lantzeko eskaera egin dute. Azkenik, HABEri eskatu diote presoen ikasketak ofizial izendatzeko bidea egiteko.
Alderdi teknikoa ez da horretarako arazoa, taldeak nabarmendu duenez. Izan ere, presoen irakasle guztiak HABEko irakasleak dira, eta denek dute aukera ikasleen jarraipena egiteko, Q87 programaren bidez. Zehazki, programa horretan presoentzako atal berezitu bat sortzea nahi du taldeak.
Presoen Euskara Irakasle Taldea 2018an hasi zen sakabanatutako hainbat euskal presori euskara eskolak ematen. Ordutik, urtero aritu da lan horretan, boluntario gisa. Aurrez ere izanak dira Eusko Legebiltzarrean. Alderdi politiko gehienek lana eskertu izan diete, baina deitoratu izan dute ez dela urratsik egin.
Hain zuzen, egoera bere horretan mantendu izanak «eskolak baldintza penagarrietan» eman behar izatera behartu dituela nabarmendu dute gaur: «Lokutorioetan, boligraforik eta paperik gabe, entzumenak lantzeko inolako baliabiderik gabe, idazlanak eta zuzenketak posta bidez eta senideen bitartez helaraziz eta lagunen bisita zerrendan leku bat guretzat hartuta».
«Herri kohesiorako tresna»
Euskara jakitea eta erabiltzea herritar ororen eskubidea dela gogorarazteaz gain, taldeak azpimarratu du euskara «herri kohesiorako tresna» dela eta, beraz, gizarteratze prozesuetan laguntzen duela: «Euskara ikasteak erraz dezake presoak gizartean sustraitu eta euren harreman sareak berregitea».