'Parot doktrina'. Herritarron Epaia

Presoen eskubideen aldeko itsaso bat osatzera deitu du Herrira-k

197/2006 doktrina baliogabetzeko eskaera berretsi dute Iruñean egindako Herritarron Epaia ekinbidearen amaiera ekitaldianHeldu den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak jendez betetzeko deia egin du Herrira-k

Bi mila lagun inguruk goraino bete zituzten atzo Iruñeko Anaitasuna kiroldegiko harmailak, Herrira mugimenduak Parot doktrinaren aurka antolatutako ekitaldian. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Jaia eta presoen aldeko eskubideen aldarrikapena uztartu zituen Herrira-k Iruñeko Anaitasuna Pabiloianatzo egindako ekitaldian. Euskal Herriko 80 herri eta hiritan 197/2006 doktrinaren aurka —Parot doktrina deitua— ekarpenak jaso dituen Herritarron Epaia ekinbidearen mugarria izan zen ekitaldia. Giza eskubideen errespetua, gatazkaren konponbidea eta bakea ez eze, presoen eskubideen alde mobilizazioekin jarraitzera deitu zuen Herrira-k.

Anaitasuna pabilioiko harmailak bete egin ziren Parot doktrinaren baliogabetzea eskatzeko. Pabiloiaren kantxaren erdian, berriz, 600 aulki txurihutsik zeuden, preso eta iheslarien ausentzia islatzeko. Haiei babesa adierazten ekitaldian izan ziren ere hainbat alderdi, sindikatu eta gizarte eragiletako ordezkariak. Miren Amuriza bertsolariak eta Gotzon Sanchez aktoreak eman zioten hasiera ekitaldiari, eta Carlos Olalla eta Maite Bidarte kazetariek egin zituzten aurkezpen lanak.

Bi ordura iritsi ez zen ekitaldian, Herritarron Epaia ekinbidean parte hartu duten herrietako lagunen testigantzak, bideoak eta musika emanaldiak tartekatu ziren. Iheslarien testigantza ez eze, preso ohien esperientziak ere ikusi ziren bideo batean. Horretaz gain, Martina Anderson, Mark Demesmaeker, Tatjana Zdanoka eta Inaki Irazabalbeitia europarlamentariek Bruselatik ekinbidearekin bat eginez igorritako mezua ere ikusi zen beste bideo batean.

Harmailetako txaloak lagun, Etxerat presoen senideak biltzen dituen elkarteko kideak ere atera ziren oholtzara. Guztien izenean,Idoia Mujika mintzatu zen. Parot doktrina aplikatu zaielako Frantzia eta Espainiako espetxeetan aske egon beharko luketen presoen egoera salatu zuen. Haien askatasuna, bizitzeko eskubidea, eta bakean bizitzeko eskubidea eskatu zituen.

Uholdea eskubide eske

Heldu den hilabeteetarako dituen asmoak ere aurkeztu zituen Herrira-ek. Gizartearen babesa bakarrik ez, gizarte osoa mobilizatu nahi du mugimenduak. Heldu den urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egin zuen. 2014. urte hasierako iragarpena, ordea, ez da ohiko manifestazioa izanen. Ez du pankartarik, ez hasiera eta amaierarik izanen. «Gakoa gizartearen inplikazioa da», esan zuen Amurizak. Bide horretan, dinamika herritar gero eta handiagoa osatzea dute helburu. «Euskal Herrian egin den espazio publikoaren okupaziorik handiena egin nahi dugu». Tantaz tanta, itsasoa gara lelopean kalea presoen eskubideen alde eta geldikeriaren aurka jendez bete nahi dute.

Presoen eskubideak errespetaraziko dituen uholdea sortu nahi du Herrirak, norbanako bakoitzaren ekarpena nabarmenduz. Urtarrila baino lehen ere prestatu ditu beste hitzordu batzuk: azaroan jardunaldiak eta mobilizazioak eginen ditu Ipar Euskal Herrian. Abenduaren 7an lehen olatua osatuko du Durangon (Bizkaia), eta abenduaren 10ean jardunaldiak eginen ditu Iruñean. John Lennonen 'Give peace a chance' abestia kantatuz bukatu zen ekitaldia. Vendetta taldearen laguntzaz, eragile ugari igo zen oholtzara bildu ziren guztiekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.