Presoen duintasuna, barkamena, koakzioa eta beste

ETAk EPPK-ko presoak «ahotsik gabe» dauzkala dio Fernandez Diazek, eta ez diela gizarteratzen uzten

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Espetxe politikari buruzko galdera orokor bat egin dio Rafa Larreina Amaiurreko diputatuak Espainiako Barne ministroari, eta hark euskal presoetan zentratu du eztabaida. Azkenean, biktimak, barkamena, ETA, EPPK, narkotrafikoa eta denak atera dira eztabaidan. Nahaspila horretan gauza bat esan du argi Jorge Fernandez Diazek, Amaiurri beti egiten dion eskaera errepikatuz: «Esaiozu ETAri desegiteko, eta zuek legeari egokitu zareten bezala, ETA ere desegin dadila, eta haren presoak legalitateari egokituz gizarteratze planetara sartu».

Izan ere Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) presoak dira ahotsik gabe daudenak, Fernandez Diazen esanetan. Eta ahotsik ez badaukate, ETAk kentzen dielako da: «Ez die uzten gizarteratzeko planetara atxikitzen». Horregatik, Amaiurreko diputatu bat gizarteratzeaz hizketan entzutea «sarkasmoa» dela esan dio. «Esaiezue ETAri bere presoak koakzionatzeari uzteko ».

Beste espetxe eredu bat eskatu zuen Larreinak, presoen «duintasuna» errespetatuko duena eta helburua haien «gizarteratzea» izango duena. Presoei erreferentzia egin, eta «ahotsik ez daukatenei ahotsa ematea» nahi dutela azpimarratu zuen. Amaiurrek eskatzen duen bestelako espetxe eredua zein den galdetu zion Fernandez Diazek: «Ez dira zuloak izango, ezta?». Gainera, «ahotsik gabekoez» ari denean, mafietako kideez, trafikanteez, pertsonen trafikanteez eta abarrez ere ari al den galdetu zion. Larreina: «Ez iezadazu esan pedofiloak eta abar defendatzen ari naizenik. Horiek guztiak ere pertsonak dira, eta eskubideak dituzte. Guk eskubide guztiak errespetatzen ditugu».

Barkamenaz honakoa esan du Fernandez Diazek: «Oraindik ez duzue eskatu barkamenik ETAren beldurraren urteetan gertatutakoagatik. Txalotu egin duzue, eta gainera probetxua atera diozue». Larreinak haserre erantzun dio Barne ministroari: «Nazkatuta gaude guri barkamena eta erreparazioa exijitzearekin. Guk ere berdina egin genezake, baina ez dugu egiten. Ez da hemen barkamenik eskatu estatu terrorismoari, GALi torturei eta abarri buruz. Zuek ere berdin egin behar zenukete, baina ez dizuet exijitzen, ez baitut uste hori denik orain egin beharrekoa. Orain bake justu eta iraunkorra landu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.