Presoen aldeko indarrak antolatzeko tresna aurkeztuko dute Kursaalean

Iragarritako lege aldaketekin, Espainiak prozesua gelditzeko asmoa duela uste du Egin Dezagun Bideak

Egin Dezagun Bidearen agerraldia, atzo, Donostian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
jon olano
Donostia
2012ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Euskal presoen eskubideen aldeko «indarrak» antolatuko dituen mugimendu bat aurkeztuko du Egin Dezagun Bideak datorren otsailaren 5eko eguerdian, Donostiako Kursaal jauregian egingo duten ekitaldi publikoan. Urtarrilaren 7an Bilbon eginiko manifestazioaren ondotik hausnarketa bat egin du ekimenak, eta gogoeta horren ondorioak plazaratuko ditu Kursaaleko ekitaldian. Presoen eskubideen aldeko «parte hartzeak» gora egin duelakoan da ekimena, eta, hortaz, indar hori kudeatzeko tresna eraginkor baten beharra azpimarratu du.

Egin Dezagun Bideak agerraldi bat egin zuen atzo, Donostian, otsailaren 5eko ekitaldia aurkezteko. Bilboko manifestazioa «mugarri garrantzitsua» izan dela azaldu zuten ekimeneko kide Ines Osinagak eta Manu Ugartemendiak, martxa horrek «lorpenak» eragin baititu. Horietako bat da presoen auzia «agenda politikoaren erdigunean» jarri izana, Osinagaren arabera: «Kartzela politikaren aldaketa eta presoen egoerari irtenbide bat eman beharra inork saihestu ezin duen aldagaia bilakatzea lortu dugu». Lorpen horien protagonistak herritarrak direlakoan da Osinaga, eta zorionak eman zizkien «modu batera edo bestera parte hartu duten eta konpromisoak hartu dituzten herritar guztiei». Zehazki, Bilboko martxan parte hartu zutenak goraipatu zituen: «Lorturiko emaitzen jabe egin nahi dugu Bilbon egon zen pertsona bakoitza».

Urtarrilaren 7ko manifestazioa euskal presoen eskubideen defentsan «mugarri» izan zela azaldu dio BERRIAri Nagore Garciak, Egin Dezagun Bideako sustatzaileetako batek. Hala ere, «argazkitik harago» begiratu nahi du Garciak, eta aurrerantzean egin beharrekoak ditu buruan: «Garrantzitsua da mobilizatzen eta lanean jarraitzea, urratsik egin ez duen estatua ere mugiaraz dadin lortu ahal izateko». Presoen aldeko mugimenduak herri ekimenak eta deialdi nazionalak uztartu ditu, eta hala egiten segituko duela ziurtatu du Garciak: «Norabide berari jarraituko diogu, herritarrei mobilizatzeko tresnak eskaintzeko».

Alderdi politiko ugarik euskal presoen auzian zuten jokabidea aldatu dutela esan du Osinagak; jarrera aldaketa hori «jendartearen eskakizunen eta konpromisoaren atzetik» etorri dela uste badu ere, posizio politiko berriak txalotu ditu. Gainera, Osinagak jarrera berri horien barruan kokatu ditu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidenteari presoen inguruan eginiko eskakizunak.

Nolanahi ere, PPk posizio «erabat immobilistari» eusten diola ohartarazi du Osinagak, eta horren adibide modura aipatu ditu Espainiako Justizia ministro Alberto Ruiz Gallardonek legedian iragarritako aldaketak: «Aldaketa horiek ez dira bakea eta konponbidea sustatzeko irizpideen gainean asmatuak izan. Alderantziz, gatazka, errepresio eta erabilpen klabeetan eraikitako kartzela politika batean sakontzeko egitasmoa da». Osinagaren iritziz, Gallardonek iragarritako egitasmoak «konponbide prozesua gelditzea» du helburu. Dena den, PPren jarrerak adierazten du euskal presoen aldeko mugimenduak duen erronka ez dela «makala», esan du Osinagak.

Presoak etxetik ahalik eta gertuen egotearen alde egin zuen iragan asteazkenean Frantziako Legebiltzarrak; «norabide onean» eginiko urratsa dela uste du Egin Dezagun Bideak. Aldiz, Espainiako espetxe politika «eutsiezina» dela adierazi du Osinagak, eta, «konponbidearen norabidean» aurrerapausoak emateko, kartzela politika aldatzea galdegin dio ekimenak Espainiako Gobernuari.

Adierazle «krudelenak»

Txus Martin eta Iñaki Erro euskal presoen osasuna gogorarazi du Osinagak, eta bestelako kartzela politika bat beharrezkoa dela adierazi. Martin eta Erro «larri» daudela nabarmendu du Osinagak, eta haien askatasuna«premiazkoa» dela gaineratu.Joan den asteanEtxerat-ek adierazi zuen osasunez «larrien» dagoen presoa dela Martin. Osinagaren ustez, egungo espetxe politikaren adierazle «krudelenak» dira sakabanaketa, preso dauden gaixoak eta bakartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.