ESPETXE EREDUA

Presoen %40k zigorra erregimen irekian betetzea nahi du Jaurlaritzak

Jaime Tapiak azaldu duenez, Martuteneko, Basauriko eta Zaballako lau presotik bat dago erregimen horretan.

Jaime Tapia, joan den larunbateko jardunaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
jon olano
2021eko maiatzaren 18a
11:44
Entzun

Kartzelen arloko eskumenen transferentzia adostuta, Jaurlaritzak urriaren 1etik aurrera kudeatuko ditu Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) espetxeak, eta horietan ezarriko den kartzela eredua diseinatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Gaur, lehen elkarrizketa eman du Jaime Tapia Jaurlaritzaren espetxe eskumena kudeatzeko aholkulariak Radio Euskadin, eta azaldu du Jaurlaritzaren «erronka» izango dela hamar presotik lauk erregimen irekian betetzea zigorra. Gaur egun %25 ingurukoa da ehuneko hori. Emakumezko presoen kasuan, berriz, erregimen irekian %50 nahi ditu Jaurlaritzak.

Tapiak nabarmendu du preso guztiak «legearen aurrean berdinak» direla eta, beraz, preso guztien egoerak aztertuko dituztela, zigorra ezartzeko delitua edozein dela ere. Tapiaren esanetan, preso bakoitzari programa bereizi bat proposatuko diote, eta programa horrek eragina izan dezake gradu progresioan eta baimenak jasotzeko aukeran. Edonola ere, prozesu hori epaileek ikuskatuko dutela argitu du Tapiak.

Ohar bat ere egin du Tapiak: «Gizarteari azaldu behar zaio zigorra erdi-askatasun erregimenean betetzea ez dela aske egotea», eta erregimen horrek presoari betekizun batzuk jartzen dizkiola, «bizimodua baldintzatzen» diotenak. Gaineratu du erregimen irekian dauden presoen artean handiagoa dela gizarteratzen direnen kopurua.

Jaurlaritzak Euskal espetxe eredua izeneko jardunaldiak antolatu zituen joan den larunbatean, eta bertan xehetasun gehiago eman zituen Tapiak. Helburuak erdiesteko, hamabi jardun eremu zehaztu dituzte: genero ikuspegia lantzea, gurasoak preso dituzten haurren interesei erantzutea, gaixotasun larriak eta sendaezinak dituztenen eta 70 urtetik gorakoen egoera aztertzea, presoen osasun mentala aztertzea, urritasun intelektualen bat dutenen prozesuei erreparatzea, justizia administrazioko abokatuekin neurriak adostea, justizia errestauratiboa lehenestea, gizarte zerbitzuekin aritzea, kanpoko eragileekiko elkarlana indartzea, espetxeetako langileen lana goraipatzea eta indartzea, espetxeko lana sustatzea, eta kondena luzeen kasuak aztertzea.

Eskualdaketa gauzatzen denean, 1.300 preso inguru egongo dira Jaurlaritzaren ardurapean, eta ia 700 langile edukiko ditu. Atzo, Jaurlaritzak iragarri zuen presoen gizarteratzea sustatzeko erakunde publiko bat sortuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.