MADRIL. Euskal presoen harreren auzian Manuel Garcia Castellon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean deklaratu ondoren, etxean dira Antton Lopez Ruiz, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Haimar Altuna, Juan Mari Olano eta Julen Larrinaga ezker abertzaleko kideak. 2016-2019 artean Hego Euskal Herrian 95 harrera ekitaldi «antolatzea eta koordinatzea» leporatzen diete, eta terrorismoa goratzea eta ETAren biktimak umiliatzea. Epailea ikertzen ari da ea egitura bat zeukaten sortuta horretarako. Lopez Ruizek-eta adierazi dute preso ohi direnez badutela harreman bat Kalera Kalera dinamikarekin, eta, terrorismoa goretsi eta ETAren biktimak umiliatu gabe, espetxe politika salatzea eta presoen giza eskubideak aldarrikatzea dela haien helburua, baina gaineratu dute ez dutela ardurarik Kalera Kaleran, azaldu baitute hura ez dela egitura bat.
Uko egin diote fiskalaren eta Dignidad y Justicia, Covite eta AVT akusazio partikularraren galderei erantzuteari. Defentsa abokatuaren itaunak baino ez dituzte ihardetsi, eta esan dute harrera horietako batzuetan izan zirela, baina euskal preso ohi moduan betiere, eta, zenbait kasutan, preso ohiarekin harreman pertsonala dutelako.