Presoei «justizia» zor zaiela uste du Juan Luis Ibarrak

Urkulluk botere publikoen laguntza eskatu du ETAren amaiera «behin betikoa» izan dadin

Erredakzioa
2013ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Euskal gatazkaren biktimei justizia eta ordaina eman behar zaiela adierazi zuen atzo Juan Luis Ibarrak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak, urte judiziala zabaltzeko ekitaldi ofizialean. Adierazi zuen biolentzia politikoaren biktimei «justizia zibikoa» zor zaien moduan euskal presoek ere «ordainean oinarritutako justizia» merezi dutela. Ibarraren ustez, ezinbestekoa da zigor hutsean oinarritutako zuzenbide penaletik harago jotzea eta justiziaren inguruko ikuspegiak zabaltzea. Hala ere, baztertu egin zuen justizia trantsizionalaren bidea, horrek iragana «ahaztea» ekarriko lukeelako, eta presoen «gizarteratzea» ahalbidetuko dituzten neurriak eskatu zituen.

Bilboko justizia jauregian egindako ekitaldi batean mintzatu zen atzo Ibarra, Iñigo Urkullu lehendakariaren, Josu Erkoreka Justizia sailburuaren eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuaren aurrean. Ekitaldi horretan, lehendakariak hizpide izan zituen gatazka politikoa eta Euskal Herrian zabaldu den aro berria. Urkulluk erakunde publikoen laguntza beharrezkotzat jo zuen ETAren amaiera behin betikoa izan dadin, eta azpimarratu zuen erabatekoa dela bakearen eta bizikidetzaren alde Eusko Jaurlaritzaren «konpromiso etikoa». Haren ustetan, ETAri dagokio indarkeriari behin betiko amaiera ematea, eta botere publikoei, berriz, bidea egitea «indarkeriaren amaiera ordenatua lortzeko eta bizikidetza soziala eraikitzeko».

Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak, berriz, ETAri armak uzteko eta desagertzeko exijitu zion. Esan zuen hori gertatu bitartean justiziak funtzionatzen jarraitu behar duela, delituak egiten dituztenak epaituz eta horiei ezarritako zigorrak betearaziz.

Ustelkeriaren aurka

Gatazka politikoaren ondorioez ez ezik, justiziaren erronkez ere aritu ziren atzoko ekitaldian. Besteak beste, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko buruak auzitegien laguntza eskaini zuen ustelkeria borrokatzeko: «Ustelkeriaren aurka behar den bezala borrokatzeko ahalegin kolektiboa behar dugu». Gainera, adierazi zuen epaileek «bizikidetza eta erakunde sistema biziberritzen» lagundu beharko luketela, herritarrek erakundeekin duten konfiantza gehiago gutxitu ez dadin. Kalparsorok, berriz, baliabide gehiago eskatu zituen justiziarentzat. Halaber, esan zuen, ustelkeria kasuak gogoan hartuta, funtsezkoa dela justiziak horien aurka «indartsu eta irmo» jokatzea, «zigorgabetasuna» handitu ez dadin.

Urkullu dei egin zuen irizpideak adosteko eta lehentasunak elkarrekin ezartzeko, «justizia azkarra eta eraginkorra» lor dadin.«Jaurlaritza lanean ari da XXI. mendearekin bat datorren sistema judizial bat lortzeko», esan zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.