EUSKAL PRESOAK

Presoei harrerarik ez egiteko eskatu du Eusko Legebiltzarrak

EAJk, Elkarrekin Podemosek, PSE-EEk eta PPk erdibideko zuzenketa bat babestu dute.

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo'-ri Hernanin eginiko harrera, uztailaren 27an. JON URBE / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 3a
16:22
Entzun

PPk legez besteko proposamen bat aurkeztu zuen euskal presoei espetxetik irtetean egiten zaizkien harrerak arbuiatzeko, eta erdibideko zuzenketa bat adostu dute EH Bilduk ez beste talde politiko guztiek. Horren arabera, Eusko Legebiltzarrak "baztertu" egin du "espetxetik irtendako ETAko presoei handikeriaz aitortza-ekitaldiak egitea", eta horiek "antolatu eta sustatzen dituztenei" eskatu die bertan behera utz ditzatela, "biktimekiko eta haien senideen minarekiko sentsibilitateagatik, iraganaren memoria kritikoarekiko errespetuagatik, eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko zailtasun bat gehiago eta zatiketa- elementu bilatzea ekiditeagatík".

Gainera, legebiltzarrak "eskumena duten botere publikoei" berretsi die beharrezkoa dela "terrorismoaren eta giza eskubideen urraketen biktimei zor zaien aitortza, egia, justizia eta erreparazio politikak bermatzea". Horretarako, eskatu dute "ezabatu ditzatela pairatutako bidegabekeriak zein eragin lekizkiekenak, eta era berean, neurriak har ditzatela haiekiko irainak, umiliazioa eta birbiktimizazioa ekiditeko".

Azkenik, Eusko Legebiltzarrak dei egin die erakunde publikoei, alderdi politikoei eta gizarte eragileei "ahaleginak areagotu" ditzaten, euskal herritarren artean "aktiboki sustatzeko indarkeriaren erabileraren deslegitimazioa proiektu politikoen inposaketa totalitariorako baliabide gisa, bai iraganean, bai oraín, bai etorkizunean".

Carmelo Barrio PPko legebiltzarkideak gogorarazi du Eusko Legebiltzarrak 2018ko otsailean adierazi zuela arbuioa harrera horien aurrean, eta hala ere harrezkero ongietorri gehiago egin direla, "krimenak goraipatuta".

Bestalde, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak ohartarazi du horrelako ekitaldiek antolatzaileen "adierazpen argia, esplizitua eta irmoa eskatzen dutela": “Bidea ez da zaila. Kontua da biktimei min gehiago ez eragitea, ekitaldi horiek leku itxietan egitea eta mina errespetatzea. Hori izango da bizikidetza eraikitzeko oinarria”.

EH Bilduk kontrako botoa eman du, eta Julen Arzuaga legebiltzarkideak azaldu du ekitaldi horiek ez direla indarkeriari gorazarre egiteko edo biktimak umiliatzeko, zigorrak beteta herrira itzultzen direnekiko "harrera adierazpenak" baizik: "Ez da ezer omentzen".

Jose Ramon Becerra Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak aitortu du presoen senideek eskubidea dutela espetxetik irtetean harrera egiteko, baina erantsi du ez dela "etikoa" preso ohiei eta beren ekintzei "gorazarre" egiteko ekitaldiak antolatzea: "Are gutxiago leku publikoetan". Bestalde, Txarli Prieto PSE-EEko legebiltzarkideak "Sortuko eta Bilduko" kargudun publikoei egotzi die aktiboki parte hartzea harrera horietan, "terrorea zuritzeko", eta erantsi du ekitaldi horietan "gorrotoa eta fanatismoa" nagusitzen direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.