Presoei elkartasuna adierazteko eskubidea aldarrikatuko du Ernaik apirilaren 17an, Berriozarren

UPNk salaketa jarri du gazte mugimenduak antolatutako presoen aldeko ekitaldi baten aurka, eta Auzitegi Nazionalak espediente administratibo bat ireki du. Manifestazioa 18:00etan aterako da, presoak etxeratzearen aldeko mezua «zilegia» dela defendatzeko.

(ID_14859147) (/@FOKU) 2025-04-11, Berriozar. Ernairen agerraldia Auzitegi Nazionalak hartutako neurrien harira, Amaiur Egurrola,  ...
Ernaiko kideak Berriozarren, agerraldi amaieran, txaloka. AITOR KARASATORRE / FOKU
joxerra senar
2025eko apirilaren 11
16:05
Entzun 00:00:0000:00:00

«Eskandalu hutsa da; onartezina da». Gaur eguerdian, Amaiur Egurrolak salatu egin du «Nafarroako eskuin erreakzionarioaren» azken ekinaldia. UPNk salaketa jarri du gazte mugimenduak antolatutako presoei buruzko solasaldi eta ekitaldi baten aurka, eta, horri aurre egiteko, Ernaik manifestazioa antolatu du Berriozarren, apirilaren 17an. «Ernai ez dago isilik geratzeko».

Horren berri emateko, Berriozarko Eguzki plazan elkartu dira Ernaiko 150 gazte inguru. Plazaren albo batean, bi guardia zibil egon dira jendaurreko agerraldi hori zaintzen. Egurrolak euskaraz egin du hitzaldia. Gero, kazetarien aurrean ele bitan egin du solas. 

Apirilaren 17tik 19ra egitekoa den Gazteen Eskutik topagunea antolatzeko lanetan murgilduta dabiltza Ernaiko kideak azken hilabetean. Hain justu, ostegunean Preso Politikoen Nazioarteko Eguna dela baliaturik, hitzaldi eta ekitaldi politiko bat zuten antolatua. Horretarako, espetxearen errealitatea gertutik ezagutu duten Irlandako eta Kurdistango kideak gonbidatu zituzten, «haien bizipenak besteei kontatzeko». Egurrolaren hitzetan, «helburua zera zen, presoen auziak konponbidean zer garrantzi duen azpimarratzea eta gatazkaren muinaren arrazoiei erreparatzea».

Egitarauaren berri izan ondoren, UPNk kanpaina politikoa egin du ekitaldi horren aurka. Ekitaldia Francisco Casanova musika eskolan zen egitekoa; ETAk hildako militarraren izena duen tokian, alegia. Toki horretan presoen aldeko jarduera bat egitea ETAren biktimak umiliatzea zela argudiatu zuen alderdiak. Lehenik sare sozialetan salatu zuen egoera, gero Nafarroako Parlamentura eta Berriozarko Udalera jo zuen, eta azkenik salaketa jarri zuen Auzitegi Nazionalean. 

Kriminalizazio saioa

Egurrolaren hitzetan, presoen aldeko elkartasuna auzitan jarri nahi dute «herri honetan ondoeza besterik ez duten sektore batzuek». Ernairen aurkako operazio bat abiatzea aurpegiratu die, «gatazkari buruzko kontakizun bakarra inposatzeko eta herri honek aurrera egiteko oztopoak jartzeko asmoz». 

Auzitegi Nazionalak bide eman zion salaketari, eta astelehenean EH Bilduren esku den Berriozarko Udalari espediente administratiboa ireki zion. Gainera, apirilaren 17ko ekitaldi hori zaintzeko agindua eman die Espainiako segurtasun indarrei. «Berriozar guardia zibilez eta poliziaz bete nahi dute. Gazteok isilarazi nahi gaituzte, eta Auzitegi Nazionalean salaketa aurkeztu eta auzitara eraman nahi gaituzte». Ernairen ekinaldia kriminalizatu nahi izana gaitzetsi du Egurrolak.

«Ez duzue lortuko, ez duzue euskal gazteriaren ahotsa isilaraztea lortuko, ezta Gazteen Eskutik topagunearen indarra gelditzerik ere»

AMAIUR EGURROLAErnaiko eleduna

Kriminalizazio saio hori ikusita, Ernaik argi du antolatzaileak eta zenbait kidek ez dutela segurtasuna bermatua. Era berean, mezua bidali die euren jarduera oztopatu nahi dutenei: «Ez duzue lortuko, ez duzue euskal gazteriaren ahotsa isilaraztea lortuko, ezta Gazteen Eskutik topagunearen indarra gelditzerik ere».

Hala, dei egin dute ostegunean egingo den manifestaziora. 18:00etan abiatuko da, Berriozarren atarian, Decathlon saltokiaren atzean den Nafarroako Odol Emaileak plazatik. Oztopoen gainetik askatasuna lelopean egingo dute martxa, eta presoen aldeko elkartasuna adieraztea zilegia dela nabarmenduko dute. Txalo arten amaitu dute agerraldia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.