Gatazkaren ondorio guztiak ixteko garaia dela aldarrikatu zuten atzo milaka lagunek Bilbon. Justizia arruntaren bidetik euskal presoak etxeratzeko eskatu zuten, «justiziazko konponbide bat» lortzea delakoan «bakerantz hurbiltzeko» bide bakarra. Hori eskatu zuten atzo, Sarek deitutako manifestazioaren amaieran, Bego Atxaren eta Joseba Azkarragaren eskutatik hedatu zuten mezuan.
Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean egin zuten manifestazioa. Arratsaldean dozenaka aurpegi ezagun bildu ziren Bilboko Casillan, manifestazioaren abiapuntuan. EH Bilduko eta EH Baiko ordezkaritza zabala zegoen. Tartean ziren Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Laura Aznal eta Gorka Elejabarrieta; EH Baiko Xabi Larralde eta Nerea Peponnet. Sortuko Arkaitz Rodriguez eta EAko Eba Blanco ere bai.
ELAko Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, LABeko Oihana Lopetegi eta Igor Arroyo, eta ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxaldeko ordezkaritza bat ere batu zen euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora. Bake Bidea, Bilgune Feminista, Egiari Zor, Ernai, Gure Esku eta Harrera taldeetako ordezkaritzak ere bat egin zuen.
Euskal Herritik kanpoko ordezkaritza zabala egon zen. Besteak beste, Junts, Omnium Cultural, ERC, CUP, BNG eta Mes Per Mallorcako ordezkariak. Horiez gain, Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidente ohia eta Laura Borras legebiltzarreko presidente izandakoa ere manifestazioaren buruan izan ziren.
Dozenaka boluntario gazte
Manifestazioa abiatzerako, pilatuta zegoen jendea Autonomia kaleko espaloietan. Joaldunek eta Irurtzungo Pikuxar euskal txokoko pertsonaia mitologikoz mozorrotutako lagunek ireki zuten ibilbidea, dozenaka boluntario gazteren laguntzarekin.
Manifestazioaren burua abiatu zen gero, pankartari hauek eusten ziotela, besteak beste: Garazi Hach Embarek giza eskubideen aldeko ekintzaileak, Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktimak, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohiak, Arantza Aldezabal EHUko irakasleak, Amaia Izko abokatuak, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidenteak, Patxi Bisquert aktoreak eta Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohiak. Haiekin batera egon ziren Sare Herritarreko eledunak, hau da, Atxa eta Azkarraga.
Pankartaren atzean joan ziren euskal presoen senideak ere. Txalo zaparrada jaso zuten Autonomia kalean pilatuta zegoen jendearen aurretik pasatu zirenean. Eta haien atzetik milaka lagun. Presoak etxeratzearen aldeko mezuez gain, bestelako ikur batzuk ere ikusi ziren ibilbidean, tartean Palestinako banderak.
Euskal presoak etxera lelopean egin zuen manifestazioaren buruak udaletxerainoko bidea.
Manifestazioaren amaieran, Sarek eskerrak eman zizkien bildutako guztiei, eta «erreibindikazio horrekin bat egiten dutenei ere bai, bertan ez egon arren». Argi adierazi zuten: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, espetxe politika arrunta aplikatzea baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe».
«Ez dugu pribilegiorik eskatzen, espetxe politika arrunta aplikatzea baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe»BEGOÑA ATXASareko eleduna
Horien barruan sartu zituzten hirugarren gradurako progresioa egiteko baldintzak betetzea eta espetxe baimenak dagokien moduan ematea.
Argi ikusi dute 2011z geroztik bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urrats gehiago egin dituztela euskal presoek, Espainiako eskuin politiko eta judizialak baino: «Beraz, ez exijitu preso horiei kartzelan dagoen beste edozein presori lege arruntak exijitzen ez dion ezer».
Izan ere, gogora ekarri zuten ETA aspaldi desegin zela. «Indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia da. Eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia: herri honetan zer gertatu den ez ahazteko eskubidea, baina, horrekin batera, elkarbizitza denon artean eraikitzeko eskubidea ere bai».
Autokritika kolektiboa
Adierazi zuten bizikidetzak «autokritika kolektibotik» abiatu behar duela. Ez dute bidezko jotzen autokritika euskal presoei eskatzea baldin eta giza eskubideak urratu dituzten guztiek gauza bera egiten ez badute, «estatua bera tartean».
Memoria kolektibo bat eraikitzeko, nahitaezkoa iruditzen zaie estatu terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak ere aitortzea. «Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa».
Bidegabekerien artean zerrendatu zituzten, hain zuzen, euskal presoen kontrako neurriei eustea, salbuespenezko legeak indarrean iraunarazi eta presoei berrogei urteko espetxealdiak ezartzea, gradu progresioak blokeatzea, torturaren biktimak ahaztu eta Espainiako Guardia Zibila omentzea, biktimak politikoki erabiltzea, eta haien mina manipulatzea.
Asimetria hori amaitzeko eskatu zuten, justiziazko bakerantz bidea egitea delakoan. Bide horretan indarrak batzeko eskatu zuten, etorkizuneko belaunaldiei gizarte hobe bat uzteko.
Ines Osinagak borobildu zuen ekitaldia, Dena aldatzen da pieza jota. Aurretik, Gorka Knorr-ek eta Lluis Llach-ek Mikel Laboaren Txoriak txori kantatzen jarri zituzten han bildutakoak.