Presoak justizia arruntaren bidetik etxeratzeko garaia dela aldarrikatu dute milaka lagunek Bilbon

Ordezkaritza politiko eta sozial zabal batek babestuta egin dute milaka lagunek Casillatik udaletxerainoko bidea, euskal presoen kontrako salbuespen neurriak indargabetu daitezela eskatzeko.

Manifestariak, Autonomia kalean behera, salbuespen neurriak bukatzearen aldeko pankartekin eta banderekin. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
gurutze izagirre intxauspe
Bilbo
2025eko urtarrilaren 11
19:30
Entzun

Gatazkaren ondorio guztiei heltzeko ordua dela aldarrikatu dute milaka eta milaka lagunek Bilbon. Euskal presoen eskubideak urratzen dituzten politikak baliogabetzea da horretarako bidea, Sareren irudiko. Mezu horrekin bat egin dute milaka eztarrik, «justiziazko konponbide bat» lortzea delakoan «bakerantz hurbiltzeko» bide bakarra. Hala adierazi du Sarek manifestazioaren amaieran, Bego Atxaren eta Joseba Azkarragaren ahotik hedatu duten mezuan, Bilboko udaletxearen aurrean.

Sare Herritarrak deitua zuen gaurko manifestaziora, Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean. Arratsaldean dozenaka aurpegi ezagun bildu dira Bilboko Casillan, manifestazioaren abiapuntuan. EH Bilduko eta EH Baiko ordezkaritza zabala zegoen. Tartean ziren Arnaldo Otegi, Pello Otxandiano, Laura Aznal, eta Gorka Elejabarrieta, Xabi Larralde eta Nerea Peponnet. Sortuko Arkaitz Rodriguez eta EAko Eba Blanco ere bai.

ELAko Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza, LABeko Oihana Lopetegi eta Igor Arroyo, eta ESK, Steilas, Hiru, EHNE, CGT, CNT eta Etxaldeko ordezkaritza bat ere batu da euskal presoen eskubideen aldeko manifestaziora. Bake Bidea, Bilgune Feminista, Egiari Zor, Ernai, Gure Esku eta Harrera taldeetako ordezkaritza ere bai.

Euskal Herritik kanpoko ordezkaritza zabala egon da. Besteak beste, Junts, Omnium Cultural, ERC, CUP, BNG eta Mes Per Mallorcako ordezkariak ere Bilbon izan dira. Horiez gain, Quim Torra Kataluniako Gobernuko presidente ohia eta Laura Borras legebiltzarreko presidente izandakoa ere Bilbon izan dira.

Hauek izan dira manifestazio buruan, besteak beste: Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktima, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia, Garazi Hach Embarek giza eskubideen aldeko ekintzailea, Arantza Aldezabal EHUko irakaslea, Amaia Izko abokatua, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidentea, Patxi Bisquert aktorea, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia eta Rafa Larreina senatari ohia. Haiekin batera egon dira Sare Herritarreko eledunak, hau da, Atxa eta Azkarraga.

Pankartaren atzean izan dira euskal presoen senideak ere. Txalo zaparrada jaso dute pasa direnean kale bazterretan pilatuta zeuden milaka pertsonengatik.

Manifestazioaren amaieran, Sareren ordezkariek argi adierazi dute: «Ez dugu pribilegiorik eskatzen, espetxe politika arrunta aplikatzea baizik, salbuespenik gabe, diskriminaziorik gabe, abagune politikoaren menpe egon gabe».

Horien barruan sartu dituzte hirugarren gradurako progresioa egiteko baldintzak betetzea eta espetxe baimenak dagokien moduan ematea.

Uste dute zenbait talde politiko eta judizial eta zenbat komunikabide «motibazio politikoko presoen kontzientzien aztertzaile» bihurtu direla: «Nor dira haiek, kartzelan urteak eman dituzten pertsona batzuek banaka adierazi duten borondatearen egiazkotasuna, zintzotasuna eta sakontasuna zalantzan jartzeko?». Adierazi dutenez, espetxe zuzenbidearen eta zigor zuzenbidearen helburua ez da «pertsonen arima konbertitzea», baizik eta elkarbizitza bermatzea eta arautzea.

Argi ikusi dute 2011z geroztik bakearen eta elkarbizitzaren aldeko urrats gehiago egin dituztela euskal presoek, Espainiako eskuin politiko eta judizialak baino: «Beraz, ez exijitu preso horiei kartzelan dagoen beste edozein presori lege arruntak exijitzen ez dion ezer».

Izan ere, gogora ekarri zuten ETA aspaldi desegin zela. «Indarkeriarik ez izatea baino askoz gehiago den bakearen garaia da. Eskubideak ekartzen dituen bakearen garaia: herri honetan zer gertatu den ez ahazteko eskubidea, baina, horrekin batera, elkarbizitza denon artean eraikitzeko eskubidea ere bai. Gorrotorik eta errebantxarik gabe». Era berean, salatu dute maiz biktimen minetik etekin politikoa lortu nahi dutenek ereiten dutela gorroto hori.

Autokritika kolektiboa

Adierazi dute bizikidetzak «autokritika kolektibotik» abiatu behar duela. Ez dute bidezkotzat jotzen autokritika euskal presoei eskatzea baldin eta giza eskubideak urratu dituzten guztiek gauza bera egiten ez badute, «estatua bera tartean».

Memoria kolektibo bat eraikitzeko, nahitaezkoa iruditzen zaie estatu terrorismoak eragin dituen hilketak, torturak eta agintearen gehiegikeriak ere aitortzea. «Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa».

«Indarkeriarik gabeko bakeak ez digu balio baldin eta bake horrek berekin ekartzen baditu bidegabekeriak eta memoriaren ezabaketa»

BEGO ATXASareko eleduna

Bidegabekerien artean zerrendatu dituzte, hain zuzen, euskal presoen kontrako neurriei eustea, salbuespenezko legeak indarrean iraunarazi eta presoei berrogei urteko espetxealdiak ezartzea, gradu progresioak blokeatzea, torturaren biktimak ahaztu eta Espainiako Guardia Zibila omentzea, biktimak politikoki erabiltzea, eta haien mina manipulatzea.

Sareko kideek nabarmendu dute indarkerien biktimentzako babesa eta sostengua sendotu behar direla. «Biktimak berdinak dira sufrimenduari dagokionez, baina ez dira berdinak neurri politiko eta judizialak hartzeko orduan».

Asimetria hori amaiarazteko eskatu dute: «Aitortza bera exijitzen dugu segurtasun indarrek, estatu terrorismoak eta faxistek torturatu eta eraildako milaka pertsonarentzat, baita boterearen eta Guardia Zibilaren gehiegikeria jasan dutenentzat ere». Izan ere, uste dute gehiegikeria horien egileek bermatuta dauzkatela «anonimotasuna eta inpunitatea».

Horrenbestez, biktima guztientzako konponbide justu bat eskatu dute, horrek zabalduko duelakoan bakea lortzeko bidea.

Ines Osinagak borobildu du ekitaldia. Dena aldatzen da pieza jo du. Aurretik, Gorka Knorr-ek eta Lluis Llach-ek Mikel Laboaren Txoriak txori jo dute.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.