Angel Elias. EHUko dekanoa eta espetxe arloan aditua

«Presoak inguruarekin harremana izan behar du, irteera prestatzeko»

Eliasek uste du espetxe ereduaren helburu bakarra ez dela izan behar presoak kartzela zigorra betetzea. «Gizarteratzea ere izan behar da». Horretarako, baina, ezinbesteko deritzo politika jakin batzuk egiteari.

enekoitz esnaola
2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Espetxe politika aztertzeko EHUn talde bat sortu zuten orain hogei urte pasa, eta hango kideetakoa izan da Angel Elias (Bilbo, 1954). Duela hiru urtetik EHUko Lan Harreman eta Gizarte Langintza fakultateko dekanoa da, bainasegitzen du taldea laguntzen. Espetxe sistemaz beste lan batzuk ere eginak ditu, eta, iazko maiatzean, Eusko Legebiltzarrean agerraldi bat egin zuen Lan eta Justizia Batzordean. Salhaketa elkarteko kidea da, halaber. Espainiako Gorteetarako bozak aurreratu izanak kartzela arloko agenda ere baldintzatu duen arren, gaia hor dago. Edukiz bete du Eliasek.

Espainiako Gobernuak orain agertu du, ETAren desegitearen ondoren, EAEri espetxe eskumena emateko asmoa.

1979ko estatutuan jaso zen eskumena, baina Madrilek ez du eman nahi izan ETA egon den artean. Kataluniari eman zion, 1983an.

Katalunian ere orduan bazegoen bertako borroka armatua.

Espainiak 1980ko hamarkadan jarri zuen abian [euskal presoen aurkako] urrunketa politika, eta, nire ustez, horregatik ez du eskumena eman gura izan, gauzaknahastea izango zelakoan. ETA egotea aitzakia gisara erabili izan du transferentzia ez emateko.

Argi gera dadin: espetxe eskumena ez da espetxe politika.

Ez, ez da. Legeak aldatzeko-eta aukera izaten da espetxe politika zeure esku izanez gero. Hori Madrilen esku dago. Legedia aplikatzeko eta kudeaketa egiteko da espetxe eskumena. Badago muga hori, baina nazioarteko giza eskubideen esparruak eta Espainiako Konstituzioak aukera bat eskaintzen dute espetxe arloan politika onak egin ahal izateko.

Espetxe eredu bat zehazteko?

Bai. Iaz Eusko Legebiltzarreko batzorde batean izan nintzen espetxe ereduaz hitz egiteko, eta iruditu zitzaidan taldeen artean badagoela adostasun handi bat azaldu nituen irizpideen inguruan.

Legebiltzarrean zenioen beharko liratekeela politika soziala, hezkuntzakoa edo lan arlokoa; erabakietan gardentasuna; presoentzako lana; kartzela zigorraz haragoko aukerak...

Oso garrantzitsua da espetxe eredua zortzi irizpide hauetan oinarritzea: duintasunean, herritartasunean, legezkotasunean, parte hartzean, tokikotasunean, zerbitzu publikoan, politika sozialetan, eta biktimekiko bitartekaritzan, kaltea ordaintzean eta adiskidetzean. Euskal alderdiek giza eskubideak nabarmentzen dituzte eta bada sentsibilizaziorik aipatutako irizpideekiko, instituzioetan badago borondatea urratsak egiteko. Gertatzen da, ordea, kartzelatik kanpoko errealitatea den bezalakoa dela gaur egun, egiturazko faktoreak daudela eta preso izandakoek berriro egin ditzaketela aurreko ekintzak. Izan ere, bizi garen gizartean gabezia handiak daude: injustizia, aberastasunaren banaketa egokirik ez...

Espainiako Estatuan nolakoa da kartzela eredua?

Zigorrak betearazteko eredua da, batik bat. Eta, gainera, kondena bete duenari ez zaio aukerarikeskaintzen bizimodu egokiagoa egiteko. Hori da sistema honen kontraesan nagusia. Gizartea etaespetxea ezin dira bereizita ikusi; elkarren arteko lotura daukate. Kohesio soziala eta justizia bilatu behar dira, eta Euskal Herrian ere asko daukagu egiteko.

Legebiltzarrean egin izan diren agerraldietan bereziki aipatu da emakumezko presoen egoera.

Bizi dugun matxismoaren ondorio bat da espetxeetako egoera ere, eta emakumeekiko gabezia ikusten da. Kartzeletako zerbitzuak-eta gizonengan pentsatuta egin dira. Emakumeekiko politika bereziak egitea eskatzen du.

Presoentzat erregimen «erdi-irekien» alde azaldu izan zara, eta esana duzu Katalunian presoen %25 pasa hirugarren graduan daudela, eta EAEn eta estatuan, %12-15 bitartean.

Helburu bakarra ez da izan behar presoak kartzela zigorra betetzea. Gizarteratzea ere izan behar da, baina ezinbestekoa da politika jakin batzuk egitea, hark aukera hobeak izan ditzan. Bere inguruko pertsonekin eta erakundeekin harremana izan behar du, aukera hori eman behar zaio, bigarren edo hirugarren graduaz baliatuz irteera bidea prestatzen joateko, erabat libre denean lehen baino bizimodu hobea izan dezan.

Estatuan Barne Ministerioaren barruan dago espetxe administrazioa. Gizarteratzea baldin bada helburu, egokia al da hori?

[1996an] Gobernura Jose Maria Aznar iritsi arte, Justizia Ministerioan egon zen espetxe administrazioa; PPk aldatu zuen Barne Ministeriora. Nire ustez, helburuak kontuan hartuta, Justiziaren barruan egon beharko luke. Katalunian horrela dago. Gu Eusko Legebiltzarrean Lan eta Justizia Batzordean mintzatu izan gara.

«Terrorismo» kasuetarako ere Espetxe Zaintzako epaileak Euskal Herrian egon beharko al luke? 2003tik aurrera Espainiako Auzitegi Nazionalean dago.

Arrazoi berezi bategatik segitzen du Espetxe Zaintzak han. Baina, egoera normalizatzen joateko,logikoena epaile hori hemen egotea da. Gainera, bizi zaren gizartea edo ingurunea ezagutzea garrantzitsua da erabakirik egokienak hartu ahal izateko. Hemen justizia egiteko egoera ona daukagu.

EAEko arartekoak dio erkidegoan onena litzatekeela Zaballa izatea espetxe itxia, eta Basaurikoak eta Martutenekoak zeregin sozialagoa betetzea. Iruñean ere bada kartzela bat, handia.

Nire iritziz, behintzat, zentroak gero eta txikiagoak izatea eta toki gehiagotan egotea litzateke onena. Normalizaziorako bide batlitzateke. Horrek esan nahiko luke gizartean norberak onartuko lukeela bere inguruan zentro bat egotea; nolabait, gizarte osoak hartuko luke erantzukizun bat. Presoen gizarteratzea zailtzenduten egiturazko faktoreei aurre egiteko, gizartea presoengandik hurbilago egoteko aukera legoke zentroak txikiagoak balira, nahiz eta gaur egun sozialki badagoen errefusarik presoekin lotutako gaiekiko; baina elkartasuna ere badago, ikusten denez.

Motibazio politikoko 229 euskal preso daude Espainiako Estatuan, eta hamar baino ez dauzkate Hego Euskal Herrian. Beste 219entzat lekurik ba al dago?

Erabakitzen baldin badute euskal preso horiek Euskal Herrira ekartzea, esango nuke tokia badagoela, eta, bestela, egin ahal da. Ekartzeko edo ez ekartzeko erabakia politikoa da. Oraingoz, Espainiako gobernu honek prozesu mantso bat abiatu du. Eta ikusi egin beharko da zer gertatuko den apirileko hauteskundeetan.

Euskal preso horien kasuan, nola gara liteke espetxe eredu propio bat Euskal Herrian, ia guztiak kanpoan badauzkate?

Egoera arrunta balitz eta preso horiek Hego Euskal Herrian baleude, hemengo arduradunek ezarriko lukete preso bakoitzari buruzko politika. Hartara, epeertainera egoera hobea izateko aukera legoke. Madrilek interesik ez du gai honekin zarata handia ateratzeko. Faktore asko daude, baina auzia politikoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.